2021ean, ez da Baionako bestarik izanen; uztailaren 28tik agorrilaren 1a arte ziren egitekoak. Hala iragarri du arratsalde honetan Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Baionako Herriko Etxeko besta batzordeak «pena handiz» eman du erabakiaren berri. Henri Lauque batzordeko lehendakaria honela mintzatu da: «Aho batez erabaki dugu bertan behera uztea, arduraz jokatzea baita gure betebeharra». Egoera sanitarioagatik, beraz, bestarik gabeko bigarren urtea izanen da. Etxegarai: «Bigarren Mundu Gerraz gero, horrelakorik ez zen gertatu. Garai hartan, bi urtez ez zen bestarik ospatu ahal izan».
Dena den, Yves Ugalde Baionako Herriko Etxeko hautetsiak erran du «ahalegin guziak» egin dituztela zenbait animazio antolatzeko udan. Uztailaren 14tik hasita, egunero, «egoera sanitarioarekin bateragarriak» izanen diren kultur ekitaldiak eginen dituzte. Forma ezberdinekoak izanen dira, eta tokiko kulturgileekin lan egitea izanen da helburua. «Ez dugu ahantzi behar sektore kulturalak gogorki pairatzen duela krisia. Erabaki dugu udako animazioetarako tokiko kultur eragileei ematea lehentasuna», adierazi du.
Philippe Le Moing-Surzur Baionako suprefeta ere egon da agerraldian, eta segurtatu du «Frantziako Estatuko zerbtizuek herriko etxea lagunduko» dutela uda honetako animazioak antolatzeko. Bestak ezeztatu izana txalotu du; eta erran du txertaketa kanpainak datorren urteko bestak antolatzeko esperantza eman dezakeela. «Aurreikusten dugu urte bukaerarako immunitate kolektiboa lortzea».
2022ko bestei begira
Baionako Herriko Etxeko besta batzordea, bestalde, 2022ko aldia prestatzen hasiko da berehala. Ugaldek, Lauquek eta Etxegaraik adierazi dute «lehentasunezkoa» izanen dela datorren urteko besten antolatzea, betiere egoera sanitarioak horiek egiteko baldintzak betetzen baditu.