Baionako bestetako azken eguna, igandea, herritarren egun nagusia izaten da. Jaiak bertze erritmo bat hartzen du, mahaien inguruan. Azken hamarkada luzean, presoen aldeko bazkaria egiten dute. Aro politiko berri bat abiatu baldin bada ere Frantziak eta Espainiak errepresioaren politika indarrean atxikitzen dutela salatzen du Etxeberriak. Presoen eskubideak errespetatzeko eskatzen dute, libre utzi bitartean.
Nolako giroa espero duzue gaur presoen aldeko bazkarian?
Hamabost urte baino gehiago bada bestetako azken egunean preso politikoen aldeko bazkaria egiten dugula. 300 pertsonarentzako janaria eginen dugu, eta musikaz animaturik egonen da. Bestetan alaitasuna da nagusi, baina ez dugu ahantzi nahi aldi berean euskal preso politikoak espetxean daudela. Nahiz eta Euskal Herritik eskua luzatu zaien, Frantziak eta Espainiak errepresio politika itsuarekin segitzen dute. Errepresioa ez da gelditu, eta horren adibide nabarmena da azken asteotan hainbat presok pairatu dituzten erasoak eta jipoiak, Chalon sur Saoneko espetxean adibidez. Familiek ere, traba handiak dituzte presoak bisitatzeko. Bazkarian goraki aldarrikatu nahi dugu jaietan ere preso politikoak gurekin direla.
Aldarria, bederen, presente da karriketan.
Jaiak garai alaia dira, herritarren poza eta bizi-gogoa adierazteko garaia. Horregatik da garrantzitsua alaitasun horren partaide egitea presoak, karrikan argi adieraztea gurekin nahi ditugula Euskal Herrian, libre, etxean. Preso politikoek eskubideak dituzte, gainerako herritar orok bezala. Alta, Frantziako presondegietan behin eta berriz urratzen dira haien eskubideak. Miaketak, bakartzea, jipoiak, bisitak egiteko trabak, ehunka kilometro egin beharra minutu gutxi egoteko senide edo lagunarekin. Guztien eskubideak zangopilatzen dituzte errepresioaren bidetik. Legeak berak dio presoak sorlekutik ahalik eta hurbilena egon behar duela. Euskal preso politikoen kasuan, kasu guztietan, eskubideak urratzen dira. Besta giroan eta alaitasunaren bidez, ozen adierazi nahi dugu presoen eskubideak aldarrikatuko ditugula eta lortuko dugula gure artera ekartzea.
Presoen gaia presente egon da besta egun guztietan. Irekitze ekitaldian, ostiraleko elkarretaratzean. Igandeko bazkariak irudirik jendetsuena ematen du?
Hirurehun pertsona karrikan bazkaltzen egotea bada zerbait, eta ondotik pasatzen diren jendeek ikusten dute badaudela herri honetan oraindik konpondu ez diren arazoak. Bazkaria aitzin, omenaldi bat eginen diegu presoei eta haien familiei. Bertsolariak egonen dira, eta aurreskua ere dantzatuko zaie. Gero, hitzartze politiko labur bat eginen dugu. Bi elementuak loturik daude: bestetako alaitasuna eta eskubideen aldeko borroka. Aldarria presente egon da besta egun guztietan, eta azken egunean, bazkariaren inguruan elkartuz, ikusgarritasun handiagoa ematen zaio. Ateratzen den dirua ere presoak eta familiak laguntzeko baliatuko da; ezin baita ahantzi sakabanatze politikak xahutze ekonomiko izugarria eragiten diela familiei eta lagunei.
Teresa Etxeberria
«Baionako jaietan ere, euskal preso politikoak presente dira gurekin»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu