Berak egiten du musika, eta berak hitzak. Ines Martinez de Iturralde (Irun, Gipuzkoa, 1981) Bilbon bizi da gaur egun, eta gaur berak sortutako abestiak aurkeztuko ditu Fnac megadendan, 19:00etan. Musika, antzerkia, pintura... Ezer gutxi gelditzen zaio Martinez de Iturrateri probatzeko.
Nolakoa izango da bihar Fnacen aurkeztuko duzun lana?
Ordu erdiko tartea izango dut, eta denbora horretan nire abestien erakustaldi ahalik eta handiena egiten saiatuko naiz. Oholtzara igotzen naizenean, pertsonaia baten paperean sartzen saiatzen naiz: ez dira nik asmatutakoak, nire ni ugariak deitzen diet. Bakoitzak bizitzaren momentu batean sentitu nituenak irudikatzen ditu (maitemindu naizenean, edo desengainuren bat izan dudanean...). Pertsonaiok sortzen ditut bizitako sentimenduez mintzatzeko.
Musika, antzerkia, eta dantza ere egiten duzu, ezta?
Bai. Orain, gainera, sokekin egiten den dantzan trebatzen nabil. Niri masajeak asko gustatzen zaizkit, eta bada bat Indian egiten dena marma kalari deitzen dena.Hankekin egiten da, eta, beraz, zutik mantentzeko teknika sabaitik zintzilik dagoen soka bati lotzea da. Probatzen hasi eta ohartu nintzen zabu batean bezala kulunkatu nitekeela, bueltak eman... Denborarekin, lagunak etxera etortzen zirenean, dantza erakustaldiak egiten nizkien sokarekin.
Autodidakta zara, beraz.
Bai. Gustuko dut gauza berriak probatzea, eta guztiarekin ausartzen naiz.
Nola hasi zinen mundu honetan?
Txikitan akordeoia jotzen nuen talde nahiko on eta, garai hartan, ezagun batean, Agustin Santana irakaslearekin. Quinteto Alai deitzen zen, eta kontzertuak ematen genituen, nazioarteko txapelketetan ibili ginen... Urte haiek oso biziak, ikasketa handikoak izan ziren eta momentu jakin batean gainezka egin zidan egoerak. Arte Ederren ikasketak egin eta, hura amaituta, EHUko graduondoko bat egin nuen. Urtebetekoa zen, eta ikasgai asko genituen. Nolabait, aukera posibleak ezagutu nituen hor, benetan haietan sakontzera iritsi gabe.
Orduan erabaki zenuen nondik jo?
Han Maite Agirre ezagutu nuen, eta lan asko egin dut gerora berarekin Agerre Teatroarekin. Santi Ortega ere hala ezagutu nuen, eta berarekin Mi cabeza que habla elkartea sortu genuen. Oso ezaguna da bera Bilbon, bakarlaria da, eta haren eragina nabaria da nire abestietan. Orain, esperientzia horietatik guztietatik aldendu egin naiz pixka bat.
Zer dela eta?
Ez da arazo pertsonalik izan tartean, baina, orain krisia dela-eta kulturan egiten ari diren mozketekin, bakarrik lan eginez gero jarduteko aukera handiagoa izango dudala uste dut, ez baita gauza bera pertsona bat edo talde bat kontratatzea.
Zertan zabiltza orain?
CD bat grabatunuen. BBKren Karibu Festan izan naiz, Las Fellinirekin ere lan egin dut, kabaretetan ere proba egin dut... Orain ni bakarrik nago ikusleen aurrean.
Bakarka zein taldetan aritu zara. Zer nahiago?
Askotan egiten dut lan bakarrik; beraz, ongi moldatzen naiz. Orain, Inconexia taldeko beste birekin hirukotea osatu berri dut! Duela bi aste inguruko kontua da. Hala ere, bihar eskainiko dudan kontzertua bakarkakoa izango da.
Ines Martinez de Iturrate. Abeslaria
«Bakarrik lan eginez gero jarduteko aukera handiagoa izango dudala uste dut»
Irundarra den arren, badira hamar urte Ines Martinez de Iturrate artista Bilbon bizi dela. Jet Lag Flash dela eta, Bilboko Fnac saltokiko oholtza gainera igoko da, bere abestiez lagundurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu