Marcelo Usabiagak Ondarretako espetxean pasatu zuen egonaldirik luzeena urtebetekoa izan zen. «Emakumerik eta tabakorik gabe, gainera», dio. 96 urte ditu, eta 21 urte pasatu ditu espetxean. «Bakartuta pasatu nuen urtea, kalabozoan sartuta, eta ia egun osoan bakarrik». Bilbo inguruko Arrona kartzelatik ihes egin, eta harrapatu zutelako. Koltxoia goizean goiz kendu, eta gauean itzultzen zioten, eta egunak zerbaitekin bete behar zituela erabaki zuen. «Liburutegiko liburuak irakurtzen hasi nintzen aspertu arte». Pare bat hilabetera liburuei buruzko iritziak idazten hasi zen. Amak pasatzen zizkion koadernoak. «Erritmo handira idazten nuen; ama langile xume bat zen, eta koadernoak garestiegi ateratzen zitzaizkiola esan zidan». Luparekin miniaturak idazteari ekin zion orduan. Ziegak arratoiz beteta egoten zirela azaldu du. Haiek ziren barruan egondako egun askoko haren konpainia bakarra.
Espetxeko gizon guztiek musikarien lagun min egin nahi izaten zutela kontatu du. «Instrumenturen bat jotzen zekiten presoek espetxeko elizan jotzen zuten, mezan, eta musikarien gelan lo egiten zuten. Gela hartako leihotik hondartza ikusten zen, eta udan eguzkia hartzen egoten ziren emakumeei begira egotea izaten zen gure desioa».
Marcelo Usabiaga. Preso ohia
«Bakartuta pasatu nuen urtea; kalabozoan sartuta»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu