Balea eta euskal arrantzaleak

Balearen arrantzaren bilakaera azaltzeaz gain, egungo egoeraz ohartarazten du Donostiako Untzi Museoko erakusketak. Arrantzaleen lana irudikatzen duten hainbat elementu daude museoan.

Euskal arrantzaleek XII. mendean erabiltzen zuten baletxalupa bat, berreraikia. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Adrian Garcia.
Donostia<br /><br />.
2011ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Balearen arrantzak berebiziko pisua izan du Euskal Herrian Erdi Aroan euskal arrantzaleak Europako balea arrantzalerik handienak izatera iritsi ziren, eta Amerika Ipar Ekialdeko lurraldeetara eginiko espedizioei esker denbora luzez eduki zuten itsasoko ugaztun horretatik eratorriko produktuen monopolioa Europan. Etekin izugarria atera zitekeen harrapakina baitzen balea: gantzetatik olioa ateratzen zuten, bizarrak arropak egiteko baliatzen zuten, haragia aprobetxatzen zuten, hezurrak eraikuntzarako erabiltzen zituzten.

Garrantzi historiko aparta izanik ere, Donostiako Untzi Museoan inauguratu berri den Baleazaleak da Euskal Herrian gaiari buruz egin den erakusketa monografiko bakarra. Euskal arrantzaleek antzinako balearen arrantzan izandako parte hartzea azpimarratzeaz gain, Erdi Aroan baleak zuen alegoriazko esanahia azaleratzen du. Mendeetan euskal arrantzaleen gainbeheraren gakoak ezagutarazi ditu erakusketak. Industria iraultzako teknika berriek ekarri zuten zetazeoen gainustiaketa agerian uzteaz gain, egun baleak jasaten duen desagertzeko arriskuaz ere ohartarazten du.

Balearen arrantzaren hastapenetatik hasi eta egungo egoera azaltzen duten panelez gain, euskal arrantzaleen jarduna nolakoa zen irudikatzen laguntzen duten elementu ugari ematen ditu erakusketak. XII. eta XVI. mendeko balea ontzien berreraikuntzek, esaterako, 18 metroko luzera izatera irits daitezkeen animalia horiek nola ehizatzen zituzten ideia bat ematen dute.

Egun, balearen iraupena, eta bereziki euskal balearena, arrisku bizian badago ere, erakusketako lehenengo paneletan ohartarazten da antzinako arrantzaleen ekintzak ezin epai daitezkeela egungo ikusmoldearekin. Arpoia beste tresnarik ez zutela, lurreko izaki handienaren atzetik abiatzen ziren arrantzaleak euren txalupetan. Arrantzatzeko teknikak garatu ahala hasi zen balearen aurkako mehatxua handitzen,eta bizkortzen, XIX. eta XX. mendeetan. «XVI. mendean, aldirik oparoenetan 400 ale inguru urtean arrantzatzen zituzten Ternua uharte inguruko euskal espedizioek. Bi mundu gerren arteko epean, 50.000 ale inguru ehizatu zituzten», azaldu du Amagoia Etxeberria Untzi Museoko Hezkuntza zerbitzuko arduradunak.

Lehenagotik ere beste herriek baleak arrantzatzen bazituzten ere, euskal arrantzaleak XII. mendean jada baleak harrapatzen zituztela frogatzen duten dokumentuak daude. Gipuzkoako eta Bizkaiko portuak bistaz galdu gabe arrantzatzen zuten Balaena biscayensis, iparreko euskal balea. «Baleak modu industrialean ustiatzen hasten direnak euskaldunak dira. XIII. mendean Galiziako eta Asturiasko portu naturalak ustiatzen zituzten, errenta baten truke», dio Etxeberriak. Errenta handiak ordaintzen bazituzten ere, etekin itzelak ematen zizkieten baleatik eratorritako produktuek.

Dokumentuen arabera, XVI. mendean euskal arrantzaleek jada Amerikako Ipar ekialdean arrantzatzeko espedizioak egiten zituzten. «Bakailaoaren atzetik zihoazen hasieran, baina balearekin topatzean balea ustiatzen hasi ziren».

Nazioarteko lehiaren ondorioz, XVII. mendean, euskaldunek balearen merkatuan zuten hegemonia galtzen hasi ziren. «1713ko Ultrecheko Itunaren ondorioz, euskaldunak Ternuatik bota zituzten, eta ingelesek aurrea hartu zieten». Aipatzekoa da ingelesek euskal arrantzaleak hartzen zituztela euren eskifaietan arrantzatzeko teknikak erakusteko.

Baleak Euskal Herriko historian izan duen garrantzia ezagutarazteaz gain, itsas ugaztunaren egoeraz kontzientziatzeko asmoa du erakusketak. «Datuok irakurrita, ez zara nola hala ateratzen erakusketatik», adierazi du Etxeberriak.

Asteartetik larunbatera bitartean goiz eta arratsaldez bisita daiteke erakusketa, eta goizez igandetan. Hurrengo urteko apiril bukaera arte izango ditu zabalik ateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.