Balearen itzal luzea euskal kulturan

Joxe Mari Unsain historialariak ehunka irudi jaso ditu 'Euskal baleazaleak' liburuan; betiere, iraganeko euskaldunek balearen arrantzan izandako nagusitasuna erakusteko asmoz.

Balea bat, Kursaaleko zubiaren ondoan, Donostian. La Voz de España-k argitaratu zuen 1950ean. KUTXA FOTOTEKA.
Donostia
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Balea entzun, eta 1901ean Orion harrapatu zutena etortzen da askotan burura. Hura baita, beharbada, euskaldunen artean balearik ezagunena, hurbilena. Euskal baleazaleen garairik oparoena, ordea, XVI. mendea izan zen. Balearen ehizan mundu osoko monopolioa zuten orduan. Atzera begira jarrita, Joxe Mari Unsain historialariak (Orio, 1951), XIII. mendetik hasi eta gaur egunera arte balearen arrantzak Euskal Herrian izan duen garrantzia azaldu du Euskal baleazaleak liburuan, irudien bitartez.

Historia liburu bat bainoago, balearen inguruko bilduma grafikoa da Euskal Baleazaleak. Irudien bidez, eta horien azpian idatzitako azalpen laburren laguntzaz, euskal baleazaleen historia islatzea izan du erronka. Denetariko materiala bildu du: antzinako zigiluak, marrazkiak, margolanak, eskulturak, argazkiak, komikiak, dokumentu zaharrak... baleak euskal kulturan utzi duen aztarnaren erakusgarri.

Euskal Herritik kanpo ere joan da Unsain materiala osatu ahal izateko. Hemen ez baitago «horrelako gauzak» gordetzeko ohiturarik, Unsainen esanetan. Euskal baleazaleen aztarnen bila, Kanadako Labrador penintsulara jo du. XVI. mendean, balea arrantzaren portu oso garrantzitsua izan zen Labrador, eta, gaur egun, izugarrizko arkeologia aztarnategia dute. Hondoratutako ontziak berreskuratu ahal izan dituzte handik; esaterako, San Joan galeoi arrantzontzi euskalduna, 1565ean hondoratua, baita beste hainbat tresna eta arropa ere. Hori dena interpretatuz, orduko balea arrantza irudikatu ahal da.

Garai oparoekin batera, egoera latzak ere irudika daitezke, ordea. «Labradorren bertan, ehun gorputik gora aurkitu zituzten hobi komun batean. 1576ko neguan hildako 300 baleazaleen aztarnak dira antza, denak euskaldunak». Neguko izotzaldiek; izan ere, mugitu ezinik uzten zituzten sarri arrantzara joandako ontziak. Eta baldintza haietan bizirik irautea, zaila izaten zen.

Hondarribiko zigilua

XVI. mendeko kontuak dira horiek, balearen arrantzaren monopolioa euskaldunek zutenekoa. Euskal Herrian aurkitu den balea arrantzaren aztarna grafikorik zaharrena, ordea, askoz lehenagokoa da: 1297koa. Zigilu bat da, Hondarribiko kontzejuarena, eta balea bat arpoiz arrantzatzen ageri dira lau arrantzale, ontzitxo batean. Europa osoan ez da balea arrantzaren irudi zaharragorik.

Halako datuak eta beste asko aurki daitezke Euskal baleazaleak liburuan. Eta, Unsainen esanetan, orain arte ezezagunak ziren kontuak ere bai. Esaterako, XVIII. mendearen amaieran balearen arrantza ia desagertu zela uste bada ere, gutxik dakite 1950eko eta 1960ko hamarkadetan baleazale euskaldunak elkarlanean jardun zirela galiziarrekin. Dena den, XIX. menderako, balearen arrantza «bitxikeria» baino ez zen.

Euskal baleazaleak agian ez, baina Francisco Franco bera aritzen zen 50eko eta 60ko hamarkadetan Kantauri itsasoan baleak arrantzatzen, Azor ontziarekin. Unsainen arabera, «arpoia ez zuen berak botatzen, baina aginduak ematen zituen». Portuetan uzten zituen arrantzatutako baleak, herriarentzako opari. Bermeon, dena den, ez zuen estimazio handirik izan Francok 1963ko abuztuaren 12an portuan utzitako kaxaloteak. Azkenean, usteldu egin zen, eta bertsoak ere jarri zizkioten bermeotarrek: «Abuztuen amabdixen, Franco Bermiora etorri / ekarri katxalotia, ekarri katxalotia... Puf! Artzan usteldute itzi!». Unsainek liburuan jaso du bertso zati hori, eta Francok ehizatutako baleak ere ageri dira, Euskal Herriko portuetan.

Donostiako Aquariumean ikus daitekeen baleak ere —hezurdura dago— usteldu egin zen. Zarauzko, Orioko eta Getariako traineruen artean arrantzatu zuten, 1878an, baina ez ziren ados jarri balea nori zegokion erabakitzeko orduan. Getariako portuan utzi zuten azkenean, eta hantxe egon zen, usteldurik, Donostiako Udalak erosi zuen arte.

Irudien bitartez baino ezin dugu ikusi baleen arrantza egun. Atzean geratu da XVI. mendeko oparoaldia. XVII. menderako, jada, euskal baleazaleei lehiakideak agertu zitzaizkien, herbehereetarrak eta ingelesak ere baleak arrantzatzen hasi baitziren. Euskaldun batzuek, dena den, aukera polita ikusi zuten haiei balea arrantzaren teknika erakusteko; horrek haserrea sortu zuen Euskal Herrian. Monopolioa galdu zuten orduan, baina, benetako krisialdia XVIII. mendean iritsi zitzaien. Orain, euskal traineruak baleak arrantzatzen ikusteko aukerarik ez dugunez gero, Unsainen liburua geratzen zaigu garai haien oroigarri, eta lekuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.