Baleazaleen arrastoan

Angeluko Ibaialde elkarteko arraunlariek Quebeceko Trois-Pistoles eta Montreal lotu dituzte, Saint Laurent ibaian gaindi; trainerua han utzi dute, hangoentzat erabilgarri.

Saint-Laurent ibai bazterren edertasun salbaiak liluratu egin ditu Euskal Herriko arraunlariak. INDIANOAK.
Nora Arbelbide Lete.
Baiona
2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Minutu batetik bestera Quebeceko Saint Laurent ibaia nola aldatzen den atxikiko du gogoan Angeluko Ibaialdeko Lore Goietxek. Bi aste inguru dira sartua dela handik, eta oraindik begiak dirdiraz beteak ditu bidaiaz oroitzerakoan: «Izaten ahal zen lasai-lasaia, eta gero, haizea hasten zelarik, izugarrizko uhainak... Hemengo itsasoa baino okerrago. Ibaia biziki zabala baita, eta mareak zortzi metroko aldaketa izan dezake. Ura biziki laster heldu da». Batzuetan sorpresa onak ekartzen zizkien, ur-lasterra arraunlarien alde jartzen baitzen, lasterrago aitzinatzeko aukera emanez; beste batzuetan aurka, aldiz, eta orduan pazientziarekin jokatu behar.

Eta halako batean baleak. Trois-Pistoles herriaren inguruko urak beroak direnez, baleek hor egiten dituzte kumeak. XVI. mendeko arbaso arrantzaleek bazekiten nora zihoazen Saint-Laurenteko bidea hartzen zutelarik. Eta Ibaialdek haiek omentzea izan du bere bidaiaren xede, hain zuzen. Horien bidea berriz hartu,eta traineruz lotu ditu Trois-Pistoles eta Montreal hiriak, Montrealgo Euskal Etxearekin eskuz esku egin Indianoak proiektuaren barruan. Indianoak, hau da, hara arrantzatzera joaten ziren euskaldunen izengoitia berenganatuz.

Eta horrekin batera, bazuten zor bat kitatzeko ere, 2003an bidaiaren lehen zatia egin zuten,Quebeceko Sept-Ilesetik partitu eta Trois-Pistoles-era ziren iritsi. Baina arbasoen bidea ez zen horretan bururatzen, bukaera gelditzen zitzaien oraindik airean, eta hori da aldi honetan egin dutena. 500 kilometroko bidaia, 18 egunez. Eta aldi honetan, lehen aldian ez bezala, talde mistoa osatu dute. 20 bat urtekoek, berrogeita hamar urte baino gehiagokoen artean, eta emazteak eta gizonak. Nahasketa horrek taldeari «goxotasun bat» ekarri diela adierazi dute 2003an aritu zirenek.

Orotara, 21 arraunlari joan dira, bederatzi emazterekin, tartean patroietako bat. Eta haiek laguntzeko sukaldari, musikari eta kantari zenbait, orotara 33 pertsona joan dira Euskal Herritik, eta New Yorken dauden bi lagun euskaldun gehitu zaizkie, behin ere arraunean egin gabekoak; 18 egunak haiekin iragan dituzte, eta arraunean ikasi.

Talde dinamikari esker bizi memento azkarrak ere atxikitzekoak ditu gogoan Goietxek: «Dinamika biziki ona eta azkarra zen, memento on eta txarretan biziki lotuak izan gara, eta horrek anitz ekarri du». Egunero, goizeko hiruretan edo lauretan jaikitzen ziren, eta, dioenez, iratzartzerakoan beti arraunean aritzeko gogoz. Bospasei oren arraunean aritu ziren egunero, banaz beste. Batzuetan hiru orenez, eta urak zailak zirelarik hamar orenez. Taldean erizain bat bazuten masajeak egiteko. Lehen egunak zailak izan ziren, gorputzak berotzeko doia; behin erritmoa hartuta, arazoak bukatu ziren, «salbu, ipurdiko mina, baina hori normala da traineruan ari direnentzat».

Quebectarrekin

Bidaian zehar tokikoak izan zituzten lagun Ibaialdekoek: elkarte, herriko etxe edo beste. Arraunean egin, porturatu eta, hangoek zieten harrera egiten etapa bakoitzean, jatekoa eskainiz eta baita lo egiteko tokia ere. Ibaialdekoek, berriz, Euskal Herriko doinuak eramaten zizkieten, musikaren inguruan trukeak egiteko aukera emanez, baita sukaldariek eramandako Euskal Herriko errezetak dastatzekoa ere.

Quebectar zenbait arraunean trebatzeko ere baliatu dute bidaia, baita han utzi trainerua,han arraunlari talde bat sortzeko gogoa pizteko. Oraindik ez da errana arraunlarien talde bat eratzeko aski izanen diren, baina, hasteko, Ibaialdeko zenbait berriz hara joateko prest daude, prestakuntza sakonago bat eskaintzeko. Han iragan egunak ez baitira aski izan arraunaren sekretu guztiak azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.