Balmasedatik New Yorkeko zerura

Soldaduskarik ez egiteko ihes egin zuen Ignacio Ibarguenek Balmasedatik. 1932an, New Yorkeko etxe orratzeko argazki ospetsuan agertu zen. Garai hartan euskal herritar askok migratu zuten Ameriketara.

11 behargin New Yorkeko Rockefeller plazako RCA eraikineko habe batean, 1932ko irailaren 20an. Ezkerretik bigarrena da Ignacio Ibarguen. BERRIA
11 behargin New Yorkeko Rockefeller plazako RCA eraikineko habe batean, 1932ko irailaren 20an. Ezkerretik bigarrena da Ignacio Ibarguen. BERRIA
amaia igartua aristondo
2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argazkia leku askotan agertu ohi den arren, ikusten den bakoitzean eragiten du zerbait: hala ezinegona eta bertigoa, nola lilura. 1932an, New Yorkeko (AEB) Rockefeller Centerreko RCA eraikineko obretan ziharduten 11 behargin 69. solairuko habeetako batean jesarri ziren, eta han atera zieten irudia, hiria azpian zutela, urrun. Langileen aldarteak lasaia dirudi, bazkaltzen ari dira; are, haietako bat sua ematen ari zaio ondokoari. Eta, aurpegi erdia baino ikusten ez zaion arren, hura ere identifikatu dute, gainerako lankideak legez: Balmasedako (Bizkaia) herritar bat zen, Ignacio Ibarguen Moneta. Juan Tomas Saez Pikizu herrikide eta Harresi elkarteko presidenteak haren istorioari buruzko liburua argitaratu berri du: Un vasco en Nueva York (Harresi, 2025). Enrique Murgoitio kazetariak jarri zuen Ibarguenen arrastoan, 2021ean.

1899an jaio zen Ibarguen, eta hogei urte eskas egin zituen sorlekuan; 1919an alde egin zuen. Azken Gerra Karlistara arte (1872-1876), Hegoaldeko euskal herritarrak soldaduska egitetik salbuetsita zeuden, baina gatazka bukatzean foruak bertan behera utzi zituzten Espainiako Gorteek, eta armadara joatera behartzen hasi ziren euskal gizonak. Horrek migrazio olde bat ekarri zuen, garai hartan hainbat gerratan sartua baitzegoen Espainia. Ibarguenen hiru anaia nagusiek ihes egin zuten soldaduskara joan behar ez izateko, Argentinara; Ignacio batu zitzaien urte batzuk geroago.

«Kuriosoa da zelako oinetakoak dituzten. Zapata jantziak dira. Ez zen oso segurua izango zola horiekin ibiltzea burdinazko habeetan»

JUAN TOMAS SAEZ, 'PIKIZU' Harresi elkarteko presidentea

Baina anaia gazteak denbora gutxi egin zuen Buenos Airesen. «Abenturazalea zelako, agian, edo ez zitzaiolako Argentinako bizimodua gustatu, Ingalaterrako barku batean sartu zen itsasgizon ingelesen greba bat baliatuta, eta Europara itzuli zen», Tomasen arabera. Bristolera, segur aski, gutun batzuk bidali zituen-eta handik. Nabigatzen segitu zuen, mekanikari koipeztatzaile lanetan kargaontzietan, eta Errusiako hainbat portutara heldu zen; eta 1921ean, baita New Yorkera ere, Ellis uhartera. «New Yorken bizitzen geratzeko eskabidea egin zuen, asmoen deklarazioa hartu zioten, eta ostera itsasoratu zen». Hurrengo urtean, Bremendik (Alemania) New Yorkera bidaiatu zuen berriro, eta orduko hartan herritartasuna eman zioten; Brooklynen geratu zen bizitzen, portutik gertu. «1920ko urte zoroak ziren. New Yorkek sekulako indar ekonomikoa zuen, eta horrek erakarriko zuen Ibarguen, beharbada», hausnartu du Tomasek.

Itsasotik etxe orratzera

Han errotu zen azkenerako, han ezagutu zuen emaztea ―Esperanza Ojinaga berangoarra (Bizkaia), Mexikoren Enbaxadako langilea―, eta han izan zituzten haurrak: Thomas (1928; urtebeterekin hil zen), Louise (1931), Donal Peter (1932) eta Shirley (1934; hilabete gutxirekin zendua). Itsasoari lotuta segitu zuen, harik eta 1929ko hondamendi ekonomikoa jazo zen arte. «Hurrengo hamarkadan, Depresio Handian, 2.000 banku baino gehiago itxi zituzten, baita enpresa mordo bat ere; tartean, Ibarguenena. AEBetan inoiz ikusi gabeko egoera zen: hamabi milioi langabe zeuden». Beste bizibide batzuk lortu behar izan zituen balmasedarrak. 1930eko erroldan fireman gisa agertzen da; hau da, eskola bateko galdaren arduraduna. «Baina ez zuen soldata oso onik irabaziko, eta beste lan bat topatu zuen: etxe orratz ospetsuen eraikuntza». Hamar bat urte zeramatzaten New Yorken halako egiturak altxatzen.

Ignacio Ibarguen, Esperanza Ojinaga eta haien alaba Louise, Brooklynen, 1932ko maiatzean. JUAN TOMAS SAEZ, 'PIKIZU'
Ignacio Ibarguen, Esperanza Ojinaga eta haien alaba Louise, Brooklynen, 1932ko maiatzean. JUAN TOMAS SAEZ, 'PIKIZU'

1932ko irailaren 20an, Rockefeller eraikineko 69. solairuan zegoen Ibarguen, beste hamar gizonekin batera; urriaren 2an publikatu zuten irudia The New York Herald Tribune hedabidean. Ez zen argazki espontaneoa izan, kanpaina baten parte baizik: Rockefeller fundazioak onibarrak promozionatu nahi zituen 1929ko crash-ak eragindako egoera hartan, eta argazki mordo bat egin zizkieten beharginei. Handik ia ehun urtera, ordea, irudiok bestelako garrantzia hartu dute; esate baterako, orduko lan baldintzen berri ematen dute oso modu argian. Izan ere, peoiek ez dute inolako babes neurririk, ezta jantzi egokirik ere. «Kuriosoa da zelako oinetakoak dituzten. Zapata jantziak dira. Ez zen oso segurua izango zola horiekin ibiltzea burdinazko habeetan». Oso lan arriskutsua zen, eta, hortaz, «klase sozial oso apaleko jendea kontratatzen zuten», Harresi elkarteko presidentearen hitzetan.

1933an inauguratu zuten eraikina, baina Rockefeller Centerreko gainerako egituretako obrek 1940ra arte iraun zuten. Urte tarte horretan egotzi zuten Ibarguen. 1940ko erroldan eskola batean lanean agertzen da ostera ere, baina orduko hartan igogailuen operadore. 1957an hil zen, eta ez zen inoiz itzuli jaioterrira.

«Salbuespenezko migratzailea»

Antzeko patua izan zuen euskal herritar askok eta askok: Ameriketara alde egin, eta han sustraitu ziren haiek eta haien ondorengoak. XX. mendearen hasieran, euskal migrazioa «puri-purian» zegoen, Oscar Alvarez Gila EHUko Amerikako Historia irakaslearen hitzetan. 1830eko urteetan ekin zioten Ameriketara joateari, Iparraldekoek aurrena; 1880tik aurrera, nabarmen ugaritu ziren, eta «migrazio masiboaren etapa» abiatu zen; XX. mendearen lehen hamarkadan jo zuen goia. Alabaina, Ibarguen «salbuespenezko migrantea» dela uste du historialariak, ez baitu bat egiten garai hartako erbesteratuen irudi paradigmatikoarekin.

40

Zenbat mila langilek eraiki zuten Rockefeller Center. Hamar urte iraun zuten New Yorkeko (AEB) Rockefeller Center eraikin multzoa altxatzeko obrek. 40.000 behargin kontratatu zituzten; asko, atzerritarrak: Irlandakoak, Italiakoak, Alemaniakoak eta Kanadakoak, besteak beste.

Izan ere, euskal herritar gehienak Latinoamerikara joaten ziren: nagusiki, Argentinara eta Uruguaira; Kubara ere nahikotxo; eta zerrenda horretan hirugarren postuan daude AEBak, baina «oso atzean». Europan, lau migratzailetik hiruk AEBak zituzten helmuga urte haietan, baina joera bestelakoa zen Euskal Herrian. Hemengoak, beraz, nondik joan ziren AEBetara? «Batik bat, bi esparru geografikotik: Nafarroako iparraldetik eta Nafarroa Beheretik, Baztanek, Aldudek, Bankak eta Baigorrik osatzen duten eremu horretatik; eta Bizkaiko ekialdetik, gutxi gorabehera Gernika-Lumotik Ondarroaraino». Enkarterrikoak Mexikora eta Kubara joaten ziren batez ere. AEBetara zihoazenek artzain jarduten zuten, eta batik bat herrialdearen ekialdeko estatuetara jotzen zuten; Ibarguenek, berriz, New York hautatu zuen, eta oso bestelako lanbidea.

Dena den, Ibarguenek izan dezake besteen antzik herria uzteko arrazoiei dagokienez. Alvarezek esan du zehazteko dagoela ea derrigorrezko soldadutzak zer-nolako eragina izan zuen migrazio uholde hartan, baina litekeena da hauspoa eman izana. «Asmoa bazuten Ameriketara joan eta han bizibidea lortzeko, eta soldaduskaren ezpata bazuten gainean, argi dago askok nahiago izango zutela ahalik eta lehen joan eta armadatik ihes egin». Frantziako Estatuan, intsumiso gehien daukan departamentua Pirinio Atlantikoa da ―Ipar Euskal Herria eta Biarno batzen dituena―, eta «sekulakoa» izan da handik Ameriketarako migrazioa, irakaslearen esanetan.

«XX. mendearen hasierako urte batzuetan, Ean %100 izan zen soldaduskara joan ez zirenen portzentajea; guztiak Ameriketan zeuden»

OSCAR ALVAREZ GILA EHUko Amerikako Historia irakaslea

Hegoaldean ez dute gisa bereko ikerketarik egin, baina badaude zantzuak. «Bizkaian, esaterako, karlistaldia bukatu eta soldaduska ezarri zutenean, jaitsi egin zen Ameriketara joan ziren gizonezkoen batez besteko adina». Mutilek migratzeko askatasuna zuten 14 urte bete arte, baina hortik aurrera ezin zuten pasaporterik eskuratu ez bazuten soldaduska egiten. Hala, askok aurreratu egin zuten ihesaldia, eta, errekrutatzea tokatzen zenean, intsumisotzat edo desertoretzat jotzen zituzten, eta ezin ziren jaioterrira itzuli hainbat hamarkadaz. «XX. mendearen hasierako urte batzuetan, Ean %100 izan zen soldaduskara joan ez zirenen portzentajea; guztiak Ameriketan zeuden. Eta Turtziozen, Enkarterri ondoan, soldaduskarako deialdia egin zutenean %70 kanpoan zeuden».

Baina, hala ere, ekonomia izan zen etxea lagatzeko motiborik behinena, Alvarezen arabera. 1880an, Bizkaiko Foru Aldundiak herrietako alkateei eskatu zien jasotzeko ea zein ziren herrikideek alde egiteko zituzten arrazoiak, eta bi hauek gailendu ziren: aukera gehiago lortzea eta pobreziatik ihes egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.