Atharratzen bizi da, sorterritik kilometro gutira. Jüje Etxebarne (1936, Gamere-Zihiga, Zuberoa) Aljerian izan zen, soldadu lehenik eta irakasle gisa gero. Kontzientzia abertzalea han pizten hasi zitzaion, eta Parisen iragan hamahiru urteetan konfirmatu zen, militantzian.
Zer oroitzapen duzu sorterriaz?
Ene etxekoak laborari txikiak ziren, prefosta. Haien fortuna kabaletan zen, erran nahi baita dozena bat behi eta berrogei bat ardi. Familian saldoa ginen. Bederatzi sorturik, zazpi bizirik baratu ginen; bi gazterik hil ziren.
Gerla denbora nolakoa izan zen?
Txikia nintzen... Halere, ikusi ditut alemanak handik kurri, baina ez dut oroitzapen handirik horietaz.
Baina herriko giroa aldatu zuen segur aski.
Bai, besta oro isildu ziren, ez zen gehiago bestarik, ez maskaradarik inon ere. Alde horretatik, herriak hilik ziren.
Gerla batetik bestera, Aljeriara joan zinen, soldadu gisa lehenik.
Banekien Aljeriara joan beharko nuela, denak joaten baitziren. 1957an joan nintzen, eta 27 hilabete eta 27 egun pasa nituen han. Blindatu batean tiratzaile izan nintzen.
Aljeria oso gogorra izan zela entzun da usu. Han ikusia kontatuko zenuke?
Han gogoetatzen duzu zintzoa bazara. Kontatzen ahal dizut nola baziren presoak —fellagak [aljeriar gudariak] edo ustezkoak— hiltzen genituenak, batzuetan ogenik ere ez zutenean. Iluntzean, oihan batera eramaten genituen; guk eskortatzen genituen, eta deus salatu nahi ez zutenak, susmagarriak, han hiltzen zituzten, tiroka. Hori enetako momentu gogorra izan da; besteak ere izan ziren...
Holako gauzak ikusirik, zer gogoeta egin zenuen?
Ikusten duzu zertara heltzen ahal den gerla batean; biolentzia batek beste biolentzia bat ekartzen duela eta nola pertsona bat beste gisakoa bilakatzen ahal den. Lagun soldadu bat banuen, eta baimena ukan zuen ondoko herrira joateko. Granada bat bota zioten, eta horren ondorioz hil zen gaixoa. Ni segur naiz orduan zernahi eginen nuela, kexu. Mendekua bada gerla batean, ez zara zure buruaren jabe... baina horrek ez zaitu orotaz barkatzen.
Bi urtez, soldadu izan zinen. Gerora, Aljeriara itzuli zinen, baina irakasle gisa. Zergatik, armekin egin mina konpontzeko?
Nonbait bai. Ni oraino Aljeria frantsesekoa nintzen, baina moteldurik, ikusi nituenak ikusirik, dudatzen hasi nintzen. Han nintzelarik sinesten nuen hobeki izan zitekeela frantziarrekin izanik ere. Anitzek hola ikusten zuten.
Errana duzu ez zarela betiko abertzalea. Han kolonialismoaz gogoetatu zenuen?
Ez da hola jin ene abertzaletasuna. Eskola ematen ari nintzenean entzun nuen ETAk ekintza bat egin zuela. Tren baten kontra izan zen, gudari frankista ohiak eramaten zituena... hor piztu zitzaidan zera.
Gerora, Parisera joan zinen, kurajez beterik, kantuak dioen bezala?
Ez, ez. Banuen osaba bat han, anaia bat ere; haien etxera joan eta trankil nintzen. Metroan lan egiten hasi nintzen, lehenik txartel zulatzen, des petits trous, des petits trous, encore des petits trous, eta, gero, metro gidari gisa.
Eta gidari zinela, Burgosko auziaren garaian, metroa blokeatu zenuen!
Hori anitz erratea da! Ene linean kaka ezarri nuen, baina besteetan ez hainbeste. Ez da uste ukan behar sare osoa blokeatu nuela. Burgosko kondenak eman zirelako egin nuen. Baina sindikatuek babesten gintuzten greba guztietan. Gero, gose greba ere egin nuen.
Orduan, Parisen bazenuen jadanik kontzientzia abertzalea?
Erran dizut eskolan hasi zela. Aljerian ikusi nuen deus gabe hasi zirela eta gu ere menturaz deus gabe partitzen ahal ginela. Baina egiazki kontzientzia piztu didana ETAren ekintza izan da. Hortik aitzina, Parisen, beti politikan erauntsi dut. Han ezagutu nituen anitz errefusiatu.
Eta hainbeste urte kanpoan iraganik, ez zenuen herrira itzultzeko gogorik?
Adin batean ofizioz aldatzea ez da aisa. Gogoa banuen; gainera, bazen mugimendu bat Itzul izenekoa, hango abertzaleena. Hargatik beti dolu ukan dut ez faktore sartzea. Faktore, mutazio batekin, itzuliko nintzen aldiz metroarekin... Bilbon ez zen oraino egina!
Zuberotar gramatika ere landu duzu; itzuli zinenean edo lehenagotik?
Parisen, batua kurtsoak hartu nituen, eta nihaurek ematen nituen. Hemen ere segitu nuen, eta material guti genuen zuberera irakasteko. Denborarekin egin ditut ene taulak. Baina homologatuak bezala dira; ikusi ditut ikasleen zailtasunak, eta iruditu zait zerbait hobea egiten ahal zela. Menturaz, ez dut helburua erdietsi.
Internazionalista sentitzen zara?
Bai, eta ez da kontraesanik. Egun batez independente bagara, ni berdin internazionalista izanen naiz.
Jüje Etxebarne
«Banekien Aljeriara joan beharko nuela, denak joaten baitziren»
Gamere-Zihiga, Aljeria, Paris, Atharratze. Munduan ibili da, eta kanpoan ikusi duenak gogoeta anitz eragin dizkio, bereziki Aljeriako gerla garaiko krudeltasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu