Baratxuria, herriko ikur

Baratxuriaren Eguna ospatuko dute gaur Faltzesen.Produktuarekin estuki loturiko egitarau mardula atondu du udalak herritar guztientzat

2015eko uztailaren 26a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Faltzesen (Nafarroa), falta ezin den oinarrizko produktu bat ezagutzeko eta eskuratzeko parada izango da gaur: baratxuria. Laugarrenez, Baratxuriaren Eguna egingo dute faltzestarrek herrian, baratxuri gorriaren produkzioa sustatzeko helburuarekin.

Herritarrek baratxuriari ematen dioten garrantzia ez da, ordea, kontu berria: XVII. mendean, herriko biztanleek produktua herrian sartu nahi izan zuten, hango eliteak zuen labore, leka eta barazki uzten ordainetatik ihes egiteko. Horrela, baratxuriaren produkzioa berehala hedatu zen Aro Modernoan, ez zegoelako primizien menpe, eta ez zutelako hamarrenik ordaindu behar. Orduz geroztik, baratxuria bera Faltzesko ikur nagusi bilakatu da; hori da, hain justu, haien bereizgarri nagusia.

Halaber, Faltzesek guztira zortzi motatako baratxuri ekoizleak ditu gaur egun, nahiz eta horretan modu partikularrean aritzen diren pertsona kopurua handiagoa den.

Eguerdira arte, festa giroa

Baratxuriaren Egunaren harira, ekintza askoko programa atondu du Faltzesko Udalak baratxuri gorria sustatzeko asmoarekin, publiko orori egokitua: festa giroa 09:30ean hasiko da herriko dultzaineroek girotutako dianekin.

Ondoren, 10:30ean, hainbat egitasmo antolatu ditu udalak; esate baterako, baratxuriarekin loturiko salmentak eta baratxuri zopa ekologikoen dastatzeak egingo dituzte, produktuaren inguruko argazki bildumaren erakusketa ikusi ahal izango da, eta haurren jolasak egongo dira. Ordu horretan ere haurrentzako parkea irekiko dute Etxarri kalean, eta puzgarriak egongo dira.

11:00etatik 12:00etara bitartean, Faltzesko alde zaharrerako bisita gidatuak ere eskainiko dituzte nahi duen ororentzat, herriaren antzinako historia ezagutzeko, berpizteko eta gogora ekartzeko.

Magia ikuskizun bat ere eskainiko du Tutan magoak, 12:00etan, baita puxika-tolesari buruzko tailerrak ere. Eguerdian, herriko bandak girotutako kalejiraren doinuak entzun ahal izango dira kaleetatik barrena, eta baratxurizko pintxoak dastatu ahal izango dira bitartean herriko taberna orotan.

14:30ean emango diote amaiera jaiari herritarrek, baina Foruen plazan ekintza gehiago topatu ahal izango dira.

Baratxuriaren Eguna

Gaur, Faltzesen (Nafarroa), 09:30etik aurrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.