Komunikazioa. Ekografiak
Barkamena
Badira garai batzuk, bereziak erabat, identifikazioa sortzen dutenak. Aste Santua da horietako bat. Gaurko gazteok, orokorrean, gutxi omen dugu santu eta fededunetik —tarte honetan zehaztuko ez ditudan baina belaunaldiz belaunaldi txertatu dizkiguten hainbat doktrina ezkutu gaiztoz gain—. Egutegian gorriz datozen eta markatzen ditugun egunak dira gure santutasunaren isla, besteak beste. Denak ez, ia denak santu izenez ezagunak. Hor dira, halaber, hala nahi izan gabe erne zaigun identifikazio horren erakusle, urtero, telebistaren aurrean pasatako orduak eta orduak. Noski, jendaurrean baldin bagaude, bozgora egingo dugu barre penintsulako hegoaldean bertan behera utzi dituzten prozesioen berri izatean. Nola liteke halako erokeria, ezta? Izan prozesioa bera eta sortzen duen masa histerikoa ala bertan behera utzi izanak eragiten duen malko eta nahigabe uholdea. Dena den, etxeko bakardadean, eta nahi bada isolamendu konpartituan, nork ez du gozatu Aste Santukotzat dauzkagun film horiekin guztiekin. Nola fikziotzat dauzkagun... Nazareteko Jesus, Ben-Hur, Hamar aginduak, Kristoren azken tentazioa, Erregeen erregea edo Marcelino ogia eta ardoa. Izan ere, esan bazuen, esan zuen denok ezagutzen dugun hark: «Bekaturik ez duenak bota dezala lehen harria...». Triste nago, aurten tamalez Aste Santua ez delako hain santua eta fededuna izan. Jainko faltsuak gurtu ditu herriak. Jainko faltsuak gurtu ditu telebistak. Batzuek, Real Madril; besteek, Bartzelona; denek, haien arteko lehia eta autobus madarikatu haren eskuin gurpilak zanpatu zuen kopa malapartatua. Errukia baino ez dut eskatzen haien arimarentzat. Laster atzera bueltarik gabea izango baita haien jokabidea. Batzuek Jose Mourhinoren beatifikazioa eta kanonizazioa eskatuko dute. Bizitzan, hiru omen dira horretarako egin beharreko mirariak. Lehena iragan astean lortu zuen, Valentzian. Bigarrena gaur eta gaur zortzi eskura dezake. Eta hirugarrena, askok galdutzat emandakoa, nork daki. Besteek Pep Guardiolaren esku utzia dute beren salbazioa. Dagoeneko banatu du bitan betiereko etsaiaren atzaparretan zuen itsasoa. Biderkatu ditu animoak eta sariak zaleak elikatzeko. Agian, hil egingo da aurki. Baliteke, baina, gutxien uste dugunean berpiztea. Triste nago. Barkatu, Marcelinoren inozentziarik eza. Aurten, ezin izan dut ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu