Donostiako Aste Nagusia

Barrakak, zorionaren sinonimo

Urteroko gisan, hainbat barraka ipini dituzte Pasealeku Berrian: hogei inguru. Denetariko aukera dago: matxinsaltoa, jotzeko autoak, tonbola... Sekulako jendetza dabil aurten.

Barrakak, zorionaren sinonimo.
jon eskudero
Donostia
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urte guztian bezala, Aste Nagusian ere toki maitatua daDonostiako Pasealeku Berria. Maitatua eta, askorentzat, sakratua ere bai. Izan ere, ohiturari eutsiz, bertan daude barrakak, eta ez gutxi: hogei inguru. «Bada egunero etortzen den jendea. Zerbait erakargarria badute barrakek», zehaztu du zaldiko-maldikoaren arduradun Silvio Biqueirok. Eta ez du arrazoirik falta. Izan goiza, arratsaldea edota iluntzea, jende ugari hartzen ari baitira Pasealeku Berriko barrakak. Biqueirok aitortu duenez, sekula ez du hainbeste jende sumatu: «Urteak daramatzat Donostiara etortzen, eta aurten sekulako jendetza dabil». Zalantzarik gabe, donostiarrentzat toki berezia da barraken gunea.

Joan den astean gertatu zen ezbeharraren ondorioz —harri batek jota, Mikel Arzak gaztea zendu zen Pasealeku Berrian bertan—, barraketara sartzeko alde bat itxita dauka Donostiako Udalak. Hortaz, Aquariumaren ondoko eskaileretatik soilik hel daiteke barraketara. Horrek eragina izan du barraken negozioan: «Aquariumetik gertuenen dauden barraketan jende gehiago dabilela iruditzen zait. Urrutienen gaudenongana jende gutxixeago etortzen da», azaldu du Biqueirok. Dena den, ez alde batekoak ez bestekoak ez daude kexatzeko moduan. «Oro har, Aste Nagusi ona edukitzen ari gara. Krisia nabaritzen da, baina ez asko».

Txanponaren beste aldean daudenak gurasoak dira. Sarritan nahi baino diru gehiago gastatzen baitute barraketan. «Haurrari gogor egin behar zaiola erraz esaten da, baina momentua heltzen denean, ez da erraza izaten. Umeak ikaragarri pozik ibiltzen dira, eta ilusioa ezin zaie edonola kendu», azaldu du Ainhoa Etxabek. Gutxi gorabehera barraketara joaten diren bakoitzean hamasei bat euro gastatzen dituztela aitortu du. «Barrakak ez dira merkeak, eta, gainera, umearekin aitak edo amak ibili beharra duela kontuan hartuz gero, ez da merke ateratzen». Dena den, urtean behin hori egiteagatik ez dela ezer ere gertatzen uste du Etxabek.

Juanjo Ezkiagaren esanetan, eskaintzen dituzten aukera ugariek sortzen dizkiete arazoak gurasoei: «Autoak, zaldiak, matxinsaltoa, jotzeko autoak... Denetik egoten da, eta haurrek ez dute ezer galdu nahi izaten. Denetan ibili behar izaten dute». Ezkiagak aitortu duenez, haurrak etxean bertan hasten dira barrakei buruz hizketan. «Urteroko kontua izaten da hori. Sekulako ilusioa edukitzen dute barraketan jolasteko, eta ezin zaie zapuztu. Ekonomikoki ere ahalegin bat egin beharra daukagu gurasook».

Jende heldua, tonbolan

Adin guztietako jendea ibiltzen da barraketan. Txikienak gurasoekin joaten dira. Hamabi urtetik gorako gehienek, berriz, kuadrilla osatzen dute Pasealeku Berrira joateko. Iñigo Arandia eta haren lagunek, esaterako, egunero egiten dute barraketako joan-etorria: «Matxinsaltoan ibiltzea gustatzen zaigu gehien. Itsasoaren gainean goazen sentsazio hori nabaritzea izugarria da». Haurrak edota gurasoak ez direnak ere joaten dira barraketara. Kristina Beriain, kasu: «Bikotekidea eta biok urtero etortzen gara tonbolan jokatzera. Gozatu egiten dugu». Hurrengo asteartera arte zabalik egongo dira barrakak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.