Barrikako hondartzari (Bizkaia) maitasun berezia dio Ander Gomezek, eta horren erakusgarri da berriki argitaratu duenArgituz argazkilaritza liburua.Urtaroen joanak hondartzan eragiten dituen aldaketak islatu ditu irudiz irudi argazki kamera hartuta.
Geologia ikasketak egindakoa da Gomez, eta geologo baten begietatik uztartu ditu bi afizioak liburuan. «Bizkaiko paisaiarik ikusgarriena da Barrikako hondartza. Aspaldidanik ezagutzen dut lekua. Ikuspuntu geologiko batetik izugarri interesgarria da, eta argazkiak ateratzeko oso argi berezia dauka tokiak», adierazi du Gomezek.
Izan ere, geologoek maiz aztertzen duten eremua da Barrikako hondartza: «Argi dago ez direla Zumaiako flyshak, baina, hala ere, atzerriko geologoak etortzen dira hona lanera». Gaineratu du Geologiako Fakultatean zegoela ere irteerak egiten zituztela hara.
Liburua oso proiektu pertsonala dela aitortu du Gomezek, etaizenburua hasieratik izan zuela argi. Argazkilari batentzat argiak izaten duen garrantzia dela-eta hautatu zuen Argituz. Gainera, «hari bera emateko, argazki bilduma urtaroetan banatzea bururatu zitzaidan». Urtaro aldaketak hondartza erabat eraldatzen duela nabarmendu du argazkilariak. Izan ere, udan hondarrez betetzen da, baina neguan biluztu egiten da ingurua, eta arrokak ageriago geratzen dira, Gomezek dioenez.
Hondartza, inor gabe
Barrikako ilunabarra atsegin du bereziki Gomezek; hondartzan argi berezia dagoela pentsatzen baitu. Urtaroari dagokionez, zalantzak sortzen zaizkio. Joko gutxien udak ematen duela dio, eta aberasgarriena udazkena dela. «Asko gustatzen zait udazkena argazkiak egiteko, koloreak arrokatan islatzen diren moduarengatik. Garai horretan ateratzen ditut argazkirik gehienak, gainera».
Liburuko irudietan hondartza bakarti ageri da beti; pertsonarik gabe, ingurune bakartu batean egongo balitz bezala, errealitatean udan jendez gainezka egoten den arren. Argazkilariak berak nahi izan du hala: «Oinatzik ere ez da azaltzen hondarretan. Udanerotu egin nintzen hori lortu nahian». Marea behean zegoenean joaten zela aitortu du, eta jendeari bere ingurutik ez pasatzeko esaten ziola: «Batzuetan ingurukoek burutik ez nengoela ongi pentsatuko zuten ziurrenik».
Tamaina handiko argazki ikusgarriek hondartzan barrena bidaiatzera eramaten dute bidaiaria. Ikuspegi orokorrak nahiz xehetasunak daude. Zenbait irudik, gainera, arrokenak batez ere, argazkiena baino margolanen itxura handiagoa dute.
Hamar ataletan egituratuta dago liburua, eta guztira 165 irudi inguru daude: «Kostako 2,5 kilometrotan lan egin dut, eta 4.000 argazki inguru atera ditut guztira lau argazki kamerarekin».
Argazkilari batentzat zertzeladarik txikiena zaintzeak duen garrantzia azpimarratu nahi izan du Gomezek, hortxe baitago argazki on eta txar baten arteko aldea. «Kontuan izan beharreko xehetasun horiek berezitasun puntua ematen diote irudiari».
Bilduma hondartzari airetik ateratako zenbait irudi ederrekin amaitzen da. Ezustekoa izan zuen, gainera, horiek ateratzen ari zela. «Paramotor batetik atera nituen, 300 metroko altueratik. Ez nuen beldurrik pasatu; eskalatzailea naiz, eta alturan ohituta nago, baina ezustekoa izan genuen. Adiskide batekin nindoan; bi kamera geneuzkan, eta haizearen eraginez bat utzi eta bestea hartzen ari nintzela ia kamera erori zitzaidan goitik», kontatu du umoretsu.
Ingurunea zaintzeko
«Liburuarekin sentsazioak eragitea da nire desioa. Paisaia hori ikusi eta sentitzeko modua luzatu nahi dut». Baina hasierako helburu horren atzean irakurlearengan kontzientzia ekologista pizteko nahia ere badago. Interes ekonomiko eta politikoen gainetik, Barrikako hondartza dagoen gisan mantentzeko deia egiten du Gomezek liburuko hitzaurrean, datozen belaunaldiek ere inguru hartako edertasunaz gozatzen jarrai dezaten: «Ez dakit Barrikan zehazki badagoen, baina Sopelan, esaterako, etxeak eraikitzeko mehatxua dago. Dagoen horretan utzi behar da».
Liburua 20 euroren truke eskuratu ahal izango da hainbat tokitan. Bilbon, Tintas liburu dendan, Atxarre mendi saltokian, Urkiolako parke naturaleko interpretazio zentroan eta EHUko Geologia fakultatean ere eros daiteke. Zuzenean egilearekin harremanetan ere jar daiteke, [email protected] helbide elektronikora idatzita.
Barrikako hondartza, agerian
Ander Gomez argazkilariak 'Argituz' argazki liburua kaleratu du. Barrikako hondartzan ateratako hainbat irudiren bilduma osatu du, eta, bide batez, eremuaren interes geologikoa gogorarazi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu