Ezarian

Basalandareak, porlanak sakabanatuta

'Iruñeko basalandareak' liburuan hiriburuko basalandareen egoera eta bizi diren naturguneen zainketa maila ageri da. Jose Luis Remon biologoak eta Basartea enpresak egin dute.

Arkakaratsa (Rosa gr. canina). JOSE LUIS REMON.
Iruñea
2011ko maiatzaren 11
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Azterketan 175 basalandare aipatzen diren arren, 40ren fitxak bakarrik bildu dituzte. Fitxetan, argazki eta guzti, landareon hainbat ezaugarri bildu dituzte: morfologia; erabilerak eta bitxikeriak; zein habitatetan aurki daitezkeen; eta noiz loratzen diren eta noiz fruitua ematen. Liburuan agertzen diren landareen inguruko ikerketa batez ere joan den apiriletik uztailera bitarte egin zuten, landare gehienak loretan daudenean. Dena dela,datu batzuk osatzeko, urrian berriro ere landa eremuetara itzuli ziren ikertzaileak. Jose Luis Remon biologoaren arabera, Iruñean basa espezie gehien aurki daitekeen eremua hiriburuari dagokion Ezkaba mendiaren zatia da. 82 espezie aurkitu zituen bertan. Arantzadiko meandroan ere erruz topatu zituen: 63 espezie. Toki horietaz gain, Donapean, Mendillorrin, Santa Luzian eta Arga ibaiaren ertzetan aurki daitezke bertako basalandareak.

Modu batean edo bestean basalandare guztiek garrantzia izan arren, jendeak, oro har, ikusgarrienak edo fruitua ematen dutenak ikusten ditu. «Orkideak oso ikusgarriak dira, baina oso sakabanatuta daude, Ezkaban edo Arantzadin aurki daitezke. Lorea berehala izorratzen zaienez, askok ez dituzte ikusi ere egiten». Zuhaixkek ere deitzen dute begien arreta: arkakaratsak, basaranak edo masustak. «Lore erakargarriak dituzte. Gainera, azken biek jendeak maite dituen fruituak ematen dituzte», dio Remonek.

Baina zuhaixka horiek bezainbesteko garrantzia dute belar fin askok: lastodunak, adibidez, edo kalek.

Babes handiagoa

Porlanak hiria kolonizatzen duen heinean, basalandareek toki gutxiago dute bizitzeko. Hiriaren hazkundeak basalandareen egoera ere baldintzatzen du. «Sakabanatuta daude, eta ez dute loturarik elkarren artean, eta egokitzeko ahalmen handiena dutenek irauten dute».

Basalandareon etorkizuna hiriburuko hirigintza garapenari estuki lotua dago. Iruñeak dituen basa-landare gune «eskasak» mantentzea borondate kontua dela uste du Remonek, eta bertako espezieak jartzen dituzten naturgune horiek mantentzeko «babes handiagoa» eskatu du.

«Oso toki gutxi dute. Hiriko lorategiak apaintzeko beste toki batzuetatik landareak ekartzea ongi da, baina hemen ditugunontzat ere beharko litzateke tokia. Horrela, gainera, beste animalia espezie batzuk bizitzeko habitata ere eratuko genuke», azaldu du Remonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.