Munduko musika eta kultur aniztasuna ezagutarazteko asmoarekin abiatu zen Sustraiez Blai elkartea, 2001. urtean, eta ordutik urtero antolatu dute munduko kulturen topaketa izan asmo duen izen bereko jaialdia. Gaurko prestatu dute festaren 11. ekitaldia, Ordizian (Gipuzkoa), eta musikaren bidez munduan barna egingo duten bidaiak basamortura eramango ditu ikusleak: Omara Bombino Moctar gitarra jotzaile tuaregak eta haren taldeak Nigerreko basamortuko blues musika ekarriko dute. Europan Agadez diskoa aurkezteko bira egiten ari da Bombino, eta ibilbide horretan Ordizia izango dute geltokietako bat.
Ohiko legean musika izango du aurten ere ardatz Sustraiez Blai jaialdiak. Garagartza plazan abiatuko dute musika festa, 18:00etan, La Trocamba Matanusca eta Dilshad taldeekin. Bi taldeak dira kultura aniztasunaren adibide garbiak: Valentziatik dator La Tromba Matanusca (Herrialde Katalanak), baina Balkanetako musika doinuak jotzen dituzte; Dilshad, berriz, Donostiako dantza taldea da, eta ekialdeko dantzak eta sabel dantza dituzte haien errepertorioan ardatz.
Jaialdiko saio nagusia gauekoa izango da. Plaza Nagusiko oholtza gainera Adabegi taldekoak igoko dira aurrena, 21:00etan;txalaparta doinuak flamenkoarekin uztartzen ditu Adabegik. Bombinoren txanda izango da ondoren, eta kontzertua Samueliko y los Guailers taldearekin bukatuko da. Runba doinu bihurriak lantzen ditu, ikusleak dantzan jartzeko aproposak. Arratsaldeko nahiz gaueko emanaldietarako sarrera doakoa da.
Azoka, estreinakoz
Sustraiez Blai jaialdia ibiltaria izan zen urtetan, baina Ordizian aurkitu du azkenerako kokapena. «Gustura gaude Ordizian. Urtez urte herriz aldatzeaz aspertuta geunden, eta jaialdira jendea erakartzea nekeza zitzaigun. Bigarren urtez egingo dugu Ordizian, eta bertan geratzeko asmoa dugu», azaldu du antolakuntzako Esther Isasik.
Musika eta kultur aniztasunaren jaialdia izan da hastapenetatik, baina musikatik haratago joan nahi dute. Aurtengo topaketak badu berrikuntza bat: eskulangileen azoka. Ordiziako alde zaharrean 19 erakusmahai jarriko dituzte, goiz eta arratsalde. «Ez dugu jai giroa gaueko kontzertuetara mugatu nahi. Denetariko jendearentzat prestatu dugu egitaraua; gazteentzat, familientzat, munduko kulturak ezagutu nahi dituen ororentzat», jarri du gaur Ordiziara joateko amua Isasik.
Sustraiez Blai jaialdiko antolatzaileek eta Ordiziako Udalak adostuta, herriko tabernak 04:30ak arte irekitzeko aukera izango dute.
Basamortutik ekarritako gitarra doinuak
Sustraiez Blai jaialdia egingo dute Ordizian, gaur; kultur aniztasuna aldarrikatzeko eta ezagutarazteko festa da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu