Leitzak (Nafarroa) ez du metrorik, baina bai baserriak bilatzeko Londresko metroaren maparen itxura bera hartu duen lokalizatzaile bat. Pablo Feok egin du lana, eta zaintzaldian izaten diren mediku, anbulantzietako gidari, suhiltzaile eta larrialdiko beste zerbitzuetan aritzen direnentzat oso baliagarria izan daiteke.
Leitzako baserriak seinalizatzeko asmoa udalak proposatu zuen. 58 metro koadroko azalera du herriak, eta ehun baserri baino gehiago ditu, bost auzotan banatuak: Arkiskil, Gorriztaran, Erasote, Erreka eta Sakulu. Mapa egiteko tenorean, azken urteetan auzo horietan eraiki diren etxe berriak sartu ala ez ere eztabaidatu zen, eta, azkenean, sartu egin dira. Lana tentuz egiteko, baserrietara iristeko errepideak, mendi pistak eta bideak ibili zituen joan den neguan, elurra edo euria ari edo ateri egon. Baina lan hori ez zuen bakarrik egin. Jose Migel Elosegi erretiroa hartutako biologoa izan zuen bidelagun eta aholkulari. Inork baino hobeki ezagutzen du herria Elosegik, eta haren laguntza premiazkoa izan du. «Haren ekarpena ezinbestekoa izan da lanean».
Polita eta praktikoa
Baserrien izenak, haietara iristeko bidegurutzeak eta desbideratzeak idatzi zituen paperean Feok. Emaitzak metroaren mapa bat ekarri zion gogora. Horretan jarri, eta Harry Beck ingeniari elektronikoak 1931n diseinatutako Londresko metroaren mapa oinarri hartu zuen bere lanerako. Beckek diseinatutakoaren berdina da mapa. Metroko maparen elementuak egokitu ditu nahi zuena lortzeko: auzo bakoitzak kolore jakin bateko linea baten bidea hartzen du; lineen arteko loturak adierazteko zirkuluak desbideratzeak dira Leitzako mapan; eta geltokiak adierazteko puntuak baserriak dira.
Egileak berak banatu du mapa herrian han eta hemen: osasun etxean, posta bulegoan eta udaletxean. Internetetik ere lor daiteke, Flickr bidez, eta sakelako telefonoetan ere har daiteke. Paperean ere kaleratu du, 24 bider 40 zentimetroko neurrian. Leitzako liburu denda batean dago salgai, 10 euroan. Kopia handi batek, gainera, herriko Peritza tabernako paretetako bat hartzen du. Gustuko lanean, aldaparik ez; mapa egiteko ordu asko eman arren, pozik da emaitzarekin. «Itxura polita izateaz gain, sinplea eta praktikoa da oso. Jendeari gustatu zaio».
Flickr orrian ikus eta lor daiteke mapa, eta sakelako telefonoan ere deskargatu daiteke ondorengo QRan: http://flic.kr/p/htPjwF
Baserriak erraz aurkitzeko
Londresko metroaren mapa oinarri hartuta, Leitzako baserriak aurkitzeko aurkibidea egin du Pablo Feok. Larrialdi zerbitzuetan aritzen direnentzat da baliagarria, batez ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu