Jaiak. Ferixa Nagusikoak Elorrion

Baserrietatik plazara

Ferixa Nagusiko jaiei izena ematen dien ganadu eta nekazaritza azoka egingo dute gaur Elorrion.160 postu jarriko dituzte herrian

Elorrioko irailaren lehen igandeko azoka. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2014ko irailaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Elorrion (Bizkaia) ez dituzte jaiak santuen edo erlijio egunen inguruan antolatzen. Urtero, irailaren lehen igandean egiten den ganadu eta nekazaritza azokak zehazten du ospakizunen egutegia. Eta hortik datorkie izena: Ferixa Nagusikoak. Atzo hasi ziren jaiak, baina goizetik hasiko dute gaur eguna. Izan ere, egun handia dute gaur, Ferixa eguna. Goizean goiz hasita, abere, nekazari eta artisautza izango da nagusi Elorrioko kaleetan.

Nekez esnatuko dira atzoko txupinazoaren ondorengo festazaleak animaliak eta barazkiak ikustera. Asko, etxeratu gabe egongo dira akaso. Goizean goiz hasita, animaliaz, nekazaritza produktuz, tresneriaz eta makinaz beteriko postuak egongo dira ikusgai. Abereak dira azokakoprotagonista nagusiak. Guztira, 35 postu jarriko dituzte aurten. Eta ikusgai egongo diren animalia gehienak Elorrioko baserritarrenak izango dira. Behiak, ardiak, txerriak, zakurrak eta zaldiak, askoren artean. Baserritarren arteko trukerako eta salerosketarako erabiltzen zen irailaren lehen igandeko azoka lehen. Gaur egun, ordea, erakusketa gisa eramaten dituzte animaliak baserri inguruetatik herrira.

Abereak ez ezik, nekazaritza produktuak ere jarriko dituzte herrian. 60 postu prestatu dituzte horretarako. Eta, horietatik, herriko ekoizleenak izango dira hamazortzi. Eta ez dira faltako artisautza, txakolin eta gaztaz beterikoak ere. Urterik urte, gora egin du postuak jartzeko eskaerak. Baina kopuruari eustea erabaki du udalak aurtengo azokarako. Barazki postuen artean lehiaketa antolatu dute gaurko. Eskaintza onena duen postuari emango diote saria. Horretaz gain, gazta eta txakolin onenak ere sarituko dituzte. Abereak ikusi, gazta dastatu eta txakolina edanez goiz-pasa ederrerako aukera ematen du Elorriok.

Kalejira antolatu dute eguerdirako, M'Lomp kultur elkarte durangarrarekin. Doinu senegaldarrarekin emango diote segida azoka egunari. Eta ondoren: atseden. Arratsalderako ez dute ekitaldirik antolatu. Lasai bazkaltzeko, bazkalosterako edo siestarako tartea izango dute herritarrek, hortaz. Festa egun ugari dituzte aurretik oraindik, eta atseden hartzea ere nahitaezkoa izango dute.

Kuadrillen eguna, bihar

18:00etan, pilota partidak izango dira Hilario Azkarate Frontoian. Eta ondoren, haurren danborren zarata hotsek astinduko dute herriko plaza. Gauean festa nahi duenarentzat, kontzertua antolatu dute plazan. Eta lasaiago aritu nahi duenarentzat, antzerkia txosnetan.

Kuadrillen egunarekin jarraituko du festak bihar. Bazkaria eta tortilla txapelketa antolatu dituzte eguerdirako. 18:00etan egingo dute kuadrillen jaitsiera. Eta gaua iritsi aurretik, jokoak egingo dituzte. Erromeria eta DJ jaiarekin jarraituko du festak Elorrion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.