Denbora da baserritarrak haien produktuak merkaturatzeko bideak aztertzen, bilatzen eta lantzen ari direla. Baserrietan ekoitzitako produktuak kontsumitzaileari zuzenean eta bitartekaririk gabe banatzeko sortu zen Lur Lan Baserritar Elkartea, eta baserriko produktu horiek saltzeko eta dastatzeko denda irekiko du gaur Tolosan (Gipuzkoa): Lurlan Bistrot-Denda.
Baserritar ekoizle txikiei irtenbidea eta laguntza eman nahi die dendak, eta kontsumitzailearengana zuzenean iristeko helburua du. Frantziako bistrot dendak hartu dituzte oinarrian egitasmoa garatzeko, eta sasoiko produktuak erosteko modua ez ezik, horiek dastatzeko aukera ere eskainiko dute. Horren guztiaren emaitza da Tolosako Gorritin irekiko duten saltokia.
Dendak baditu bereizgarri batzuk. Euskal Herrian ekoitzitako eta landutako produktuak eskainiko dituzte. Lurlan elkarteak 30 ekoizle-bazkide biltzen ditu egun, eta 80tik gora baserritarren produktuak merkaturatzen ditu. Ekoizlearen eta kontsumitzaileekin zuzeneko tratua indartzeko bidea egin nahi dute, eta hori lortzeko bidean, beste urrats bat izan nahi du gaur irekiko duten salmenta guneak.
Haragia, frutak, barazkiak, esnekiak... denetariko produktuak izango dituzte salgai, baina Lur Lan elkartekoek jakinarazi dute gaztak leku berezia hartuko duela: euskal gazta sorta zabala dastatzeko eta erosteko leku berezi bat jarriko dute. Eguerdian dute dendaren irekiera ekitaldia.
Baserriko jakien denda irekiko du Lur Lanek Tolosan
Baserritarrek ekoitzitako produktuak erosteko eta dastatzeko modua izango da gaurtik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu