Bolo-bolo ibili da Belgikako eta Frantziako komunikabideetan Valoniako (Belgika) nekazari bat protagonista duen istorio bitxia. Traktorearekin bere sorora sartzeko traba egiten ziolakoan, Belgika eta Frantzia arteko muga markatzen duen harria mugitu egin du, eta, horren bidez, herrialdeen lur eremuak aldatu ditu, Belgikaren mesedetan.
Kontatu dutenez, historiazale batek zabaldu du gertatutakoa: basoan zebilela, mugarria ikusi du, eta konturatu da bere lekutik 2,29 metro mugitu dutela. 1819ko data du zizelkaturiko harriak.
1820. urtean ezarri zuten gaurko muga bi herrialdeen artean, Napoleon Bonapartek Waterlooko bataila (1815) galdu ostean. Baina mugaren ibilbidea urte bat lehenago finkatu zuten. Geroztik ez da mugitu, orain arte.
Bitxikeria umore onez hartu dute mugaren bi aldeetan. Irabazitako eremuarekin pozik agertu da hedabideetan Erquelinnes (Belgika) herriko alkatea. Eta aldameneko Bousignies-sur-Roc (Frantzia) herriko auzapezak adierazi du hobe dela «beste muga gerra bat saihestea».
Erquelinnes (Belgika) eta aldameneko Bousignies-sur-Roc (Frantzia) herrien arteko muga, gorriz.BERRIA
Gauza serioa ziren mugarriak, satelite bidezko kartografia zabaldu aurretik. Euskal tradizioan askotan agertzen dira mugarriak, eta haiek mugitzen dituztenen aurkako zigorrak.
Juan Garmendia Larrañaga etnografo eta historialariak Euskal pentsamendu majikoa liburuan ematen ditu horietako batzuen berri.
Istorioetako batean, apaiz baten artaldea zaintzen zuen gizon batek ohitura zuen besteen lursailetan sartzeko, eta, hori errazteko, mugarri bat bere lekutik atera eta leize zulo batera bota zuen. Apaizak esan zion horrelakoek infernuko zigorra zekartzatela, eta harriaren bila joateko. Ohartarazi zion mugarria berriz bere lekuan jarri arte ezingo zuela besterik ukitu, ihartu nahi ez bazuen. Harria bizkarrean zeramanean, aulki bat ukitu zuen, istripuz, eta hatz bat sikatu egin zitzaion.
Belgikako nekazariak ez du halako zigor mitologikoen beldurrik izango, noski. Baina Erquelinnes herriko alkateak eskatu dio mugarria bere lekura itzultzeko, eta ohartarazi dio auzitegira eraman dezaketela bere kabuz egiten ez badu.