Ekoizleen artean ospe onekoa da Eibarko San Andres azoka (Gipuzkoa). Baserritarren arabera, produktuak erakutsi bai, baina saldu ere ondo saltzen direlako. Nekazaritza azoka baita San Andres eguneko protagonistetako bat. Bestea, ganadu erakusketa.
Azken urteetako handitze joerari eutsita, iaz baino lau erakusmahai gehiagok osatuko dute aurten azoka. Denera, 78 postu jarriko dituzte nekazariek bihar; fruta, barazkiak, ogia, gazta, eztia, txakolina eta loreak egongo dira salgai. 78tik hiru dira Eibarkoak bertakoak, Asier Lopez de Viñaspre Eibarko Kultura saileko langileak emandako datuaren arabera. Inguruko herrietatik etorriko dira beste ekoizleak—Markinatik, Mallabitik, Bergaratik...— baita «urrunagotik» ere, Nafarroako eta Arabako baserrietatik, batik bat. Bi karpatan egongo dira banatuta erakusmahaiak; udaletxe aurreko Untzaga plazan jarriko dute handiena, eta Txantxa Zelain bigarrena. Postuetako jakiak, salgai bai, baina lehian ere izango dira. Barazki, fruta, ezti, ardi gazta eta ogi onenak aukeratuko ditu epaimahaiak. Bakoitzean lehen eta bigarren sariak banatuko dira, 180 eta 120 eurokoak, hurrenez hurren.
Ganadu erakusketan eskualdeko hamahiru baserrik hartuko dute parte. Denen artean 52 animalia eramango dituzte: idiak, behiak, astoak, ahuntzak, ardiak, ahateak, txerriak, ardiak, antzarak, pottokak eta beste. Juan Gisasola plazan izango dira denak.
Eibartarrentzat jaieguna dena ekoizleentzat lanegun «gogorra» dela dio Lopez de Viñasprek: «Goizeko bostak eta erdiak inguruan hasten dira postua muntatzen; ordu batzuk saltzen igaro, eta dena jaso behar da gero». Eibartarrak, aldiz, etxetik hamarrak aldera ateratzen direla dio, eta apurka betetzen direla kaleak, harik eta eguerdian «une gorena» iritsi arte. «Hamabiak aldera egoten da giroa gorenean». Hain zuzen, ordurako programatu dituzte trikitilari, bertsolari eta dantzarien emanaldiak.
Postuaren barruko berbak
Sosola baserriko Enrike Gisasolak ogi eta gazta postua jarriko du bihar. Eibartarra da, eta bertan du baserria. Haren amonak ogia eramaten zuen San Andres eguneko azokara, eta testigua hartuta jarraitzen dute berak, bere bikotekideak eta arrebak. Aldikako azokez gain, herriko eta eskualdeko denda txiki eta kontsumo taldeetan saltzen dute ogia eta gazta. Baita baserritik zuzenean ere. «Baserrian eta baserritik bizi gara», laburtu du.
Ogi mota asko egiten dituzte, eta, bereizgarria dena, erabiltzen duten gariaren parte handi bat baserrian bertan ekoizten dute. Hala, ekoizten dituzten ogi mota guztiak eramango dituzte azokara, euren eguneroko lanaren erakusmahai bihurtuz postua. Eibartarra izanik, biharkoa laneguna eta jaieguna, biak dira Gisasolarentzat. «Azokak ezagutzera emateko balio digu. Baina guretzat, sanandresak, batez ere, gure aitona-amonen tradiziotik jarraitzeko eta jaian parte hartzeko modu bat dira. Bezero berriak lortzen baditugu, hobeto, hori bai». Lopez de Viñasprek esan bezala, baina, azokaren aurreko egunek lan handia dutela dio, «generoa prestatzen eta postua atontzen».
Kanpotik datozen ekoizleek Eibarko azoka «onenetarikoa» dela komentatzen dute, Gisasolaren arabera. «Eibartarrak ikusi bakarrik ez, erosi ere egiten duela esaten dute». Dena den, espazio estuak, jendea ordu berean pilatzeak eta eguraldiak berak salmenta baldintzatzen dutela dio.
Euren produktuak lehiaren barruan egongo diren arren, ez da horren zalea Gisasola. Lehiaketa baino nahiago luke diru hori «dieta» modura jarriko balitz, «galkorra den generoari» aurre egiteko. «Ogi pila bat edo barazki pila bat eraman eta ez baldin bada saltzen, galera dakar. Konpentsatzeko dieta modura jar daiteke». Beste herri batzuetan horrela funtzionatzen dutela azaldu du.
Eurek ez dute inoiz postua jartzeko trabarik izan. Baina badu San Andres azokara joateko arazoak dituztenen berri. «Sor-markarik gabeko gazta egiten dutenek sor-marka dutenek besteko eskubidea dute Eibarko azokan parte hartzeko, nik uste». Bestelako denda eta azoketan saltzeko «lege arazorik» ez duten ekoizleak direla ekarri du gogora.
Gaur iluntzean hasiko da giroa Eibarren. Elkarte eta tabernetan lagunartean afaltzera batzeko ohitura zabaldu dela esan du Lopez de Viñasprek. Eta parrandan ateratzeko gero. Dioenez, negua izanda, jendeak ez du jaieguna baliatzen kanpora irteteko, ezpada herriko kaleetara irteteko.
Baserritarren lana, plazara eramana
Nekazaritza azokak eta eskualdeko ganadu erakusketak hartuko du bihar Eibar, San Andres egunean. 78 postu jarriko dituzte

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu