Iraileko berreskuratze azterketak eta ikasturte berrirako eskolak prestatzen dabil egunotan ikastolan Joseba Asiron (Iruñea, 1962). Urriaren 1ean hasiko da Euskal Herriaren historia ikastaroa, eta ikastaroaren zuzendari moduan ere ari da. Euskal Herriko historiaren mugarriak erakutsi nahi dituzte. Abenduaren 17 arte iraunen du ikastaroak, eta bederatzi ikasgai izanen ditu, historiaurretik 1936ko gerra arte. Matrikulazio epea zabalik dago irailaren 29 arte. Informazio gehiago jaso daiteke www.nabarralde.com helbidean.
Nabarraldek antolatu duen Euskal Herriaren historia ikastaroaren zuzendaria zara. Zergatik antolatu duzue ikastaroa?
Batetik, Nabarralden iruditzen zaigu lan handia egin behar dela gure historia ezagutzera emateko. Gure historia kanpotarrek idatzi dute, eta idatzi dutenean irakurketa politiko bat eginez idatzi dute, eta oso era manipulatuan. Historiaren mugarri jakin batzuk indartu egin behar dira; beste batzuk, berriz, berreskuratu, zeharo ahaztuak daudelako; eta beste batzuk, gertatu ziren moduan kontatu. Maiz, historiografia ofizialak eta nabarristak oso gaizki tratatu ditu mugarri horiek. Euskal Herriaren gure historia propioa landu nahi dugu, eta, batez ere, azken urteetan historialari belaunaldi berriek ateratako datuak berreskuratu. Bestetik, iaz ere antolatu genuen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen. Ehun lagun inguruk eman zuten izena.
Zeintzuk lirateke aipatu dituzun mugarri horiek?
Kronologikoki hasita, historiaurreari begiratzen badiogu, adibidez, gure herriaren benetako historiaurrea ez da ikasten. Dena sartzen da salda potolo batean, zeltiberismoan; dena da zeltiberiarra. Tristea da esatea, baina Nafarroan baskoi hitza erbesteratua dago. Nafarroako Museoa zeharkatu dezakezu goitik behera hitz hori ikusi gabe, eta musealizatuak dauden aztarnategi arkeologikoetan ere ez da ageri: Arellanoko Musen herrian eta Andelosko erromatarren herrian, besteak beste. Erdi Aroari begiratzen badiogu, hor daude konkistako urte garrantzitsuak: 1029, 1200 eta 1512. Nafarroak Euskal Herriak herri moduan jasan dituen konkistak ezkutatu egin dira eufemismoen bidez: anexioa edo hitzarmena hitzak erabiliz. Manipulazio ikaragarria egon da. Hori luza daiteke gaur arte. Karlistaden, gerra zibilaren eta transizioaren gainean egiten den irakurketa zeharo partziala da. Egin nahi dugu gure historiaren irakurketa integrala.
Hain beharrezkoa al da horrelako ikastaro bat?
Bai. Nabarraldek antolatu izan dituen hiru biltzarretan, informazioa gutxiengo baten eskuetan gelditzen da, eta hori hedatu egin behar da: liburu didaktikoen bidez, ikastaroen bidez eta irakasleak trebatuz. Gizarte batean egiten diren benetako aldaketa sakonak eraikitzen dira eskolan, eta, horretarako, irakasleak trebatu egin behar ditugu.
Beraz, bereziki hezkuntzan aritzen direnentzat da ikastaroa?
Edo trebatzen ditugu irakasleak gero ikasgelan historia behar bezala lantzeko, edo jai dugu. Bide horretan oso garrantzitsua izan da Nafarroako Ikastolen Elkartearen (NIE) laguntza. Eman digun bermearen bidez, homologazioa lortu dugu.
Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreforma jarriko da martxan ikasturte berrian. Nafarroako Gobernuak bere egin du, eta Eusko Jaurlaritzak ez erabat. Nola uztar daitezke zuen lana eta edukiak sistemak behartzen dizkizuen edukiekin?
Erreforma guztietan, historia liburuak miatzen dira asko, eta historia jartzen da kolokan, oso-oso inportantea delako. Egun zer garen ulertzeko, historia behar-beharrezkoa da. Hori izan da historikoki gure historia estaltzeko edo manipulatzeko joeraren arrazoi nagusia. Irakurketa propioa egitea oso inportantea da. Talka egingo dugu, baina irakasle naizenetik ezagutu dudan laugarren erreforma da. Erreformak pasatzen dira, eta guk hemen jarraitzen dugu.
ATZEKOZ AURRERA. Joseba Asiron. Historialaria eta Nabarraldeko kidea
«'Baskoi' hitza erbesteratua dago»
Nabarralde elkarteak 'Euskal Herriaren historia' sareko ikastaroa antolatu du, eta Joseba Asiron historialariak zuzenduko du, urritik abendura bitartean. Historia ezagutzeko egiteko handia dagoela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu