Gutxi dira, eta erabat baldintzatuak. Baskoiak aipatzen dituzten iturriak ez dira gai euren kabuz baskoien herriari buruz askorik argitzeko VI. eta VII. mendeetan. «Aurretik datorren literaturatik, erromatarren inperiotik jasotako irudi batekin aurkezten dituzte frankoek eta bisigodoek hainbat gertakari historikotan, baina beti funtzio literario bat betetzeko euren erregeak goratzeko helburuz», dio Mikel Pozo EHUko historia ikerlariak. «Idazle hauek etnografia grekoerromatarrak herri izen eta haiei lotutako estereotipoen artean egokienak hautatzen zituzten periferiako taldeak izendatzeko». Horien artean zeuden baskoiak, eta idatzietan ez ziren onak haiei lotutako estereotipoak: «Menditar etsai basatiak dira».
Erdi Aroko intelektual nagusietako batek sortu zuen baskoien irudi hori: Sevillako Isidorok. Idazle horrek zabaldu zuen bisigodoen erresuman baskoien irudi hori, baita frankoen artean ere. «Baskoiak beti erreboltarien ondoan agertzen dira, erresumaren tronua lortu nahian», dio Pozok. Beraz, baskoiak VI. eta VII. mendeetako testuetan beti gerra egiten duten hainbat talde gisa azaltzen dira. «Baina estereotipoak ez digu uzten ikusten talde horien benetako errealitatea zein den».
Edonola ere, ezaguna da, baskoiei buruz zentzu zabal batean hitz eginez gero, Bizkai, Araba eta Iruñe ingurua hartu behar direla kontuan, betiere VI. eta VII. mendeetan. Gipuzkoari buruz apenas dagoen informaziorik. «Iruñea zen lurraldeko boteregune garrantzitsuena, apezpikua baitzegoen han». Erabaki politikoak hartzen ziren bisigodoen kontzilioetara joaten zen apezpikua. «Kristautzearen beste aztarna batzuk ere badira; adibidez, Trebiñu eta Gobiko haraneko koba artifizialetako elizak nahiz Finagan eta Dulantzin aurkitutako eraikin erlijiosoak».
Zalantza ugari
Baskoien inguruan dagoen lehen arazoa, beraz, herri gisa nola sortzen diren ulertzea da. Etnonimoa erromatarren garaikoa da; haren bidez izendatzen zituzten Mendebaldeko Pirinioak eta Ebro ibaiaren artean bizi ziren herriak. «Gero, gutxi gorabehera mende eta erdi joan zen baskoiak inon aipatu gabe», dio Pozo ikerlariak. Harik eta VI. mendean berriro haien erreferentziak hasi ziren arte egile bisigodo eta frankoen artean. Eta horiek ere gune geografiko bertsuan kokatzen dituzte baskoiak, baina idatzi horien informazioa erabat baldintzatua dago.
«Julio Caro Barojaren garaitik erromatarrek baskoien arteanapenas eragin zutelako ustea zabaldu izan da; inperioaren amaieran independentzia lortu zuten baskoiek teoria horren arabera. Horrela azaltzen dituzte antzinako idatzietan baskoien eta bisigodo-frankoen arteko gatazkak». Kontua da erromatarren eragin txikiaren teoria aspaldian gainditu zela.
Antzinako testuetan baskoiak barbaro gisa azaltzea beste modu batean ulertu behar da: «Erudizio prozesu baten emaitza da; gertakari historikoak nahierara erabili zituzten hainbat egilek euren botere zentroen alde». Horregatik azaltzen dira baskoiak barbaro gisa, erromatarren ondorengo erresuma berrien periferiako erreboltari gisa, alegia.
Galia merovingiako egileen artean azaltzen dira baskoiak, adibidez; Venancio Fortunatok eta Tourseko Gregoriok aipatzen dituzte. Aurretik, antzinatasunean, erromatarrek ere erreferentziak egin zituzten: Ausoniok, Paulinok eta Prudenciok esaterako, 400. urtean. Hidaciok 449. urtean azaldu zituen suevoen sarraskiak Baskonian. «Arazoa da egileek Baskonia eta baskoiak hitzak erabiltzean ez dituztela halabeharrez benetako errealitateak mugatzen; bakoitzak bere irizpideak ditu baskoiak zein diren esateko.
«Edonola ere, Arabak, Bizkaiak eta Iruñe inguruek garai hartako irudi arrunta erakusten dute. Erresuma bisigodoan integraturik azaltzen dira, nahiz eta bertan euskaraz hitz egin eta erreboltetan parte hartzen duten. Intelektualek lurralde horietako biztanleei baskoiak esaten diete gatazkak daudenean, eta basakeriaren klixearekin janzten dituzte. Baina hori oso arrunta da Antzinateko eta Erdi Aroko testuetan beste herriei erreparatuta ere».
Baskoiak ezagutzeko iturriak
Botere zentroei loturiko eruditoen interesek baldintzatzen dute baskoien berragerpena VI. eta VII. mendeetako iturrietan, Mikel Pozo ikerlariaren ustez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu