'Basque' izateaz harro

Renon egin du biltzarra Ipar Amerikako Euskaldunen Elkarteak; trikiti doinuak irakasten aritu dira Zabaleta anaiak

Iñaki Larrañaga Aizpurua.
Gasteiz
2009ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Txapela buruan eta ibili munduan. Halaxe egin dute Gasteizko Zabaleta anaiek: bata Imanol eta bestea Ander. Trikitia eta panderoa hartu, eta Kalifornia aldera joan dira biak, AEBetara. Asmo onez beterik joan dira, noski; hango euskal diasporarekin harremanak sendotu eta euskal ondarea transmititzera, alegia. Izan ere, NABO Ipar Amerikako Euskal Erakundeak urteroko biltzarra egin du, 30. biltzarra. Aurten, Renon izan da (Nevada, AEB), uztailaren 24tik 26ra. Renoko kaleak AEBetako euskal diasporako herritarrez, basque horiez alegia, eta dantza, herri kirol, musika, bertsolari eta pailazoz -Txirri, Mirri eta Txiribiton- bete dira. Egun horietan hango eta hemengo euskaldunak bildu dira, euskal jai bateratuan parte hartzeko. Ez dute alferrik Handik hona-From there to here leloa erabili.

Baina Zabaleta anaien edo, han deitzen dieten bezala, Zabaleta Brothers-en lana ez da NABO biltzarrera mugatu. Uztail hasieratik «euskal giro bitxi batean» murgilduta dabiltzala onartu dute. Izan ere, NABOk antolatutako umeentzako udalekuetan trikitia eta panderoa nola jo erakusten ibili dira Chino Hills hirian (Kalifornia). Hiri hori euskal herritarrak jaso zituzten hirietako bat da. NABOren udalekuak hainbat hiritan izaten dira urtero, eta bakoitzean euskal lurralde bat jorratzen dute: San Frantziskon Iparraldea, Boisen Gipuzkoa, Renon Bizkaia eta, aurten, Chino Hillsen, Araba eta Nafarroa.

Udaleku hauetan, beraz, euskal kultura haurren artean hedatzea izan dute helburu. Aurten, gainera, inoiz baino gehiago bildu omen dira: 101 haur. Euskal jatorrikoen seme-alabak dira gehienak. Begiraleek euskal pegatina itsatsi dakiokeen edozer erakutsi diete umeei: dantza, kultura, sukaldaritza, kirolak, abestiak, karta jokoak, txalaparta eta, noski, euskara. Bi asteko jardunaldi honen amaieran, AEBetan ohitura den moduan, gurasoen aurrean erakustaldiak egin zituzten haurrek. Hori guztia egiteko, begirale talde handia eta euskal familien laguntza izan dute.

Renoko biltzarra amaitu bezain laster, Boisera (Idaho) abiatu dira Zabaleta anaiak. Zertara, eta San Inazioren omenez uztailaren 30 eta abuztuaren 1a bitartean ospatzen ari den jaia girotzera. Han ere, euskal folklorea izaten ari da programazioaren ardatza. «Gu ere giro horretan partaide izan gara, panderoarekin eta trikitiarekin. Egitarauan, Street Dance by Zabaleta Anaiak bezala jarri gaituzte», azaldu dute Anderrek eta Imanolek.

Familia handiaren partaide

«Zer da euskaldun izatea?». Euskal Herrian hainbeste eztabaida sortu duen galderak erantzun errazagoak ditu AEBetan. «Basque izatea, besteak beste, dantza talde batean ibiltzea edo txistua jotzea da haientzat». Eta zer ekarpen egiten die euskaldun izateak? Zabaleta anaiek ikusitakoaren arabera, «Euskal Etxeetan familia handi bateko senide izateko aukera dute, eta hori, hainbat lekutako jatorria duen hainbeste jende izanik, oso preziatua da».

Euskal familien artean jardun arrakastatsuena dantzak dira. Euskal jantzi tradizionalez atontzen dira eta harro erakusten dute beren jatorria. Hala ere, ez diote besteri uko egiten. Amerikarrak eta euskaldunak dira. Nortasun bata eta bestea arazorik gabe uztartzen dituzte.

Euskarari dagokionez, Zabaleta anaiek onartu dute euskara jende nagusiak soilik hitz egiten duela, eta, zoritxarrez, belaunaldi gazteei ez dietela hizkuntza transmititu. Hala ere, Txoria txori abestu -ezer gutxi ulertuz- eta txistuarekin jotzen dute 12 urteko umeek; «zoragarria» dela onartzen dute biek. Ez da gutxiagorako ere nonahi txapel ibiltariak daudela ikustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.