ATZEKOZ AURRERA. Elena Sarasola. Argazkilari izandakoa

«Bat eta bera da lesbianen eta feministen borroka»

Duela 30 bat urte Bilboko giro lesbikoari ateratako argazkiak ikusgai jarri ditu orain Bilboko La Taller galerian, 'Zutik eta sutan. Bollerak eta aktibismoa Bilbon, 1986-1992' erakusketan, ostegunera arte.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Hiru hamarkadatan, lesbianen giroko argazkiak gordeta izan ditu Elena Sarasolak (Bilbo, 1963). Yolanda Martinez bikotekidea eta Maite Martinez de Arenaza laguna konbentzitzen ahalegindu izan dira irudiokin erakusketa bat antola dezan, eta temak fruituak eman ditu: argazkietako 64rekin Zutik eta sutan. Bollerak eta aktibismoa Bilbon, 1986-1992 taxutu dute Martinez de Arenazaren La Taller galerian (Bilbo); ostegunera arte ikusi ahalko da.

Zergatik garai hori?

Orduko hartan militantzia feministan eta argazkilaritzan nenbilen. 1984 eta 1985. urteetan heldu nintzen militantziara; bide profesionala aurkitu nuenean, erabaki nuen, argazkilaritzatik bizitzeaz gain, garai hartako feminismoaren irudiak ere ateratzea. Emakume, lesbiana eta hogeitaka urteko militante feminista baten ikuspuntua erakusten dut. 1992. urtean, argazkilaritza, Bilbo eta militantzia utzi behar izan nituen, eta ordutik gordeta eta datatuta eduki dut artxibo hori.

Zelan gogoratzen dituzu urte haiek?

Garai oso ederra izan zen, oso aktiboa izan baitzen sozialki eta politikoki. Gaztetasunaren eferbeszentzian nengoen, militantzia feministaren erdian erori nintzen, eta horrek osatu zuen egun naizen emakumea. Aktibismo handiko urteak izan ziren: manifestazioak, bilerak... Garai oso garrantzitsua izan zen, orduko borrokak egungo eskubideak bihurtu direlako; denok sentitzen gara harro egin genuenaz.

Erakusketaren zutabeetako bat lesbianen ikusgaitasuna da.

Urte haietako giro lesbikoa irudikatzen dituzten argazkiak aukeratu ditugu. Feminista lesbianak eta lesbiana feministak daude islatuta.

Manifestazioetako irudiak ez ezik, beste giro batzuk ere agertzen dira, borrokarekin hain lotuta ez daudenak; festa giroa, esaterako.

Badaude taldeei egindako erretratuak kaleko edo jai giroan. Adibidez, Geu emakumeok argitalpenaren aurkezpenaren irudi bat ere badago. Bi orri zituen hasieran: maketatu egin nuen, eta aldizkari bihurtu. Jai bat egin genuen hura aurkezteko. Erakusketan agertzen dira festara doazen emakumeak, mugimendua bera ospatzeko.

Beste ardatz bat da artxibo dokumentalak sortzearen garrantzia.

Argazkiak gordeta nituen, beti izan naiz arduratsua negatiboak artxibatzen eta datatzen, eta gal zitezkeen beldur nintzen, emultsioa oso efimeroa zelako. Orain lasai nago, batetik, Bilboko Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroak materialak eskaneatu dituelako dagoeneko, eta, bestetik, denen esku daudelako, bai proiektu honetan, bai Zutik, zutik, zutik erakusketan [Bilboko Zabalguneko eraikinean dago ikusgai; Sarasolaren argazkiak ere badaude]. Gure historia txikiaren parte da, baina munduko historia ere bada.

Alabaina, lana egin baina ezkutuan geratzeko arriskua dago; hortaz, artxiboak osatu ez ezik, erakusteak ere garrantzia du. Hori horrela, erakusketak badu dibulgatzea ere helburu?

Uste dut garrantzitsua dela belaunaldi berriek ikus ditzaten emakume talde txiki hark irabazitako batailak. Inportantea da jabetzea ez garela beti zerotik abiatzen, andreok aspalditik gabiltzala batera borrokan. Emakume gazte batzuk etorri ziren erakusketa prestatzen ari ginenean, eta emozionatu egin ziren euren buruak ikusten gu izandako gazteengan.

Lesbianen ikusgaitasunik ezaren arriskuari erreparatuta, dibulgatzea obsesio bihur daiteke?

Ez dut uste. Nahi duguna da, batez ere, zegoen material bat argitara ateratzea, eta batu gaitzala berriz emakumeoi, garaikoei, oraingoei eta etorkizunekoei. Erakusketak demostratzen du bat eta bera dela lesbianen eta feministen borroka.

Nola prestatzen zenituen irudiak?

Inoiz ez naiz izan bereziki teknikoa. Erabaki nezakeen gauza bakarra zen argazkien bukaerako itxura: aukeratzen nituen zuri-beltzean egitea, pikor lodiarekin eta kontraste altuarekin. Eta argazkia ateratzeko momentuan, pertsonengana hurbiltzen nintzen; erdi plano asko dago. Baina testuingurua ematen ere ahalegintzen nintzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.