Batzuk elur maluten zain...

Ezohikoa izan da aurtengo udazkena, eta antzera hasi da negua: lehor, eta ohi baino beroago. Horrek zuzenean eragin die eguraldiarekin lotutako sektoreei. Batzuek normalean baino gutxiago saldu dute, eta beste batzuek, berriz, ohi baino gehiago.

6 JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2016ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lehorra eta beroa. Bi hitz horiekin defini daiteke aurtengo udazkena eta negua. Azken hilabeteetan ohi baino euri gutxiago egin du, eta tenperaturak ez dira izan sasoiari dagozkionak. Amaitu berri den abenduko datuek garbi erakutsi dute joera hori: Igeldoko estazio meteorologikoan, esaterako, ohi baino bi gradu gehiago egin ditu, eta, batez beste egin ohi dituen 120 ur litroak neurtu beharrean, 9,6 litro zenbatu dituzte. «Aspaldi ez dut ikusi halako eguraldirik inguruan», dio Juan Ignacio Mantxok, Otsagabian (Nafarroa) dagoen Abodi-Salazar eski estazioko arduradunak. Oraindik ez da eskiatzerik izan han, elur apur bat egin duen arren «ez delako egonkortu». Eta elurrik gabe, zabaltzerik ez daukate eurek: «Zerura begira gaude, baina elurra ez da behar bezala iristen».

Eguraldiari zuzenean lotuta dauden lanbide ugari daude, eta horiek zuzenean sumatu dituzte ezohiko udazkenaren eta neguaren ondorioak. Mantxok bezala, baita Javier Pascual ikatz saltzaileak, Jon Portu egur saltzaileak eta Ramon Olano arropa saltzaileak ere. Denek sumatu dute salmenten beherakada, hilabete hauetan horren ohikoa izan den hego haizearen eraginez euren zerbitzuak ez direlako beharrezkoak izan.

«Hotzik egiten ez badu, nola salduko dugu egurrik?», dio Arbelaitz Egurrak negozioko arduradun Portuk. «Udazkenean,ondo hasi ginen saltzen». Hain zuzen, hotzak hasi aurretik gordetzen baitu tximinia duenak negua igarotzeko behar duen egurra. «Baina, ondoren, negua ez da iritsi, eta egur hura eraman zuena ez da berriz itzuli, lehendik erositakoa ez duelako erre». Halakoa izan da aurten sumatu duten beherakada; aurreko urteko kopuruei begira jarrita, erdira ere ez dira iristen aurtengo salmentak. «Urte txarra izan da».

Datu okerragoak dauzka Pascualek, ordea. Bilbon dauka Carbones Pascual ikatz negozioa, eta jakitun da hotzak hasi arte ez dutela ikusiko salmenten gorakadarik. «Etxeetan, gero eta ikatz gutxiago saltzen da, baina negu honetan ez dugu ezer saldu», dio. Are gehiago, udan ikatz gehiago saldu duela dio: «Barbakoak gehiago egiten dira urteko sasoi horretan, eta, ondorioz, ikatz gehiago eskatu digute». Orain, ordea, ezer ez. Negua luzatzea besterik ez du espero, baina horrek ez die emango hilabete txar hauek berreskuratzeko, «galdutako hiru hilabeteak galduta daudelako dagoeneko».

Gauza bera dio Donostiako Kale Nagusian dagoen Olano arropa dendako jabeak. Irailean aldatu zuten eurek erakusleihoa, eta, hotzik iritsi ez denez, gutxi saldu dute erakusgarrijarritakotik. «Eskerrak guk galtzak eta alkandorak ere saltzen ditugun, horiek ohi bezala saldu direlako». Baina berokirik eta neguko arroparik bat ere ez. Orain, hotza sumatzen hasi dira, baina dagoeneko berandu da eurentzat, «merkealdiairitsi delako eta neguko denboraldi erdia galdua dutelako». Baina ez dago etsita, hurrengo urteko denboraldirako balioko diolako aurten sobran geratuko zaion arropa. «Eskerrak jantzi klasikoak ditugun, gorde ahalko dugu eta».

Ez zaio berdin gertatzen Mantxori. Elurra iritsi artean ezingo dutelako ezer egin. «Egia da edozein urtetan sasoi honetarako elurrik gabe egonda gaudela, baina aurten ez daukagu neguan sartu garen irudipenik ere», dio. Aurreko urteetan, esaterako, asteren batez zabaldu izan dute estazioa, behar adina elur izan dutenean. «Iaz, abenduko zubirako zabalik izan genuen, eta ondoren berriz itxi, baina aurtengoa ezohikoa da». Egoera horrek, gainera, ez dio eski estazioari soilik eragiten, «eskualde osoari baizik». Horregatik, zerura begira dago. Asteazkenean zuritu zituen bazterrak, baina «ez behar beste».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.