Bazen behin, behin bat

Katea ez da eten. Ahoz aho ari dira aurreraka ipuin kontalari gazteak. Urratutako bide batekin egin dute topo, baina baita gaitegi eta jardun berriekin ere. Ipuinaren funtsaz eta egitekoaz hausnartu dute, eta elkarren berri izateko plaza gehiago galdegin: egituratze bat.

MARTINTXO.
enekoitz telleria sarriegi
2021eko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Eta behin horretan, bazen bidea urratuz aurrera egin nahi izan zuen sutondo bat sartu zena kalabazan eta atera zena Euskal Herri osoko plazan. Eta badagoena plazan, badabilena plazan, eta gaztetu duena plaza. Baina badituena erantzun gabeko galderak, eta askatu gabeko korapiloak. Ez daude hemen erantzunak eta askatzeak. Ipuin kontalaritzaren plazaratze bat da hau. Ahoz aho egina. Nola bestela.

Agendako postara parrastaka datoz deialdiak. Gazteak dira asko, eta emakumeak gehienak. Belaunaldi berri bat da? Loratze bat? Segida bat? Leire Diaz de Gereñu EHUko doktore eta Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko irakasleak jorratua du gaia. Doktorego tesia egina du jendaurreko konta-saioei buruzkoa, eta artikulu mamitsu bat ere bai Galtzagorri Elkarteko Behinola aldizkarian argitara emana: Kontalaritza, nondik nora?. Diaz de Gereñuk han aletutakoen artean dio euskarazko kontalaritza berriaren «hastapena» 70eko hamarkadaren amaieratik 80koaren lehen erdira artekoa dela —«lehen konta-saioak antolatu ziren; esperimentazio garaia zen»—, kontalaritza berri horren «sendotze garaia» 80ko hamarkadaren erditik 2008an Ahozko narrazioaren aldeko agiria agertu bitartekoa dela —«mugimenduaren azken egituratze eta instituzionalizazio ahalegina izan zen hura»—, eta «egungo egoera» honako hau dela: «Bertan nahiz nazioartean adituak eta izen handikoak diren kontalariak daude, nahiz eta euskarazko kontalarien mugimenduak ez duen egituratzea lortzen».

2017koa da Diaz de Gereñuren artikulua. 2020an ipuin kontalaritzan ari direnei galdetuta, bertsua da tesia. Gazteenek ezagutzen dute orain arte egin den bidea. Egin ziren ahaleginak, eta izan diren zailtasunak. Erreferentetzat dauzkate Pello Añorga eta Koldo Ameztoi urratzaileak, eta erreferentetzat haien ondorengoak ere: Virginia Imaz, Antton Irusta, Joxemari Karrere, Itziar Rekalde, Iñaki Karretero, Itziar Zubizarreta, Bego Alabazan, Maite Franko, Kontukantoi, Apika taldea, Lur Korta, eta Dorleta Kortazar, besteak beste.

Tesia jarri behar da mahai gainean, baina testuingurua ere bai. Pello Añorga «65 urte egitera» doa, eta kontalaritzak bizi du oraindik. Lasterka aritu ziren mugimendurik ez zen tokian, eta zidorrak sortzen, biderik ez zen tokian. Koldo Ameztoi Iparraldean, eta Añorga Hegoaldean. «Nola egin? Ideiak hartu bai, baina nola hasi? Indarra antolaketa lanean jartzen genuen gehiago. Bidea irekitzea zen. Hutsetik hastea». Eta inoiz amaitzen ez den lana, gainera. «Oraindik ere segitzen dugu kontalariaren espazioari buruz hizketan. Estetika ezberdinak baitaude oso, musikarekin, marrazkiekin, kale erdian... eta bakoitzak gauza ezberdinei ematen die garrantzia».

Elkarren berri lehen aldiz

Ofizio «bakartia» dela diote elkarrizketatu gazte askok, «oso deszentralizatua» dagoela, «aski indibiduala» dela. «Saretu» beharra aipatzen dute, «egituratze bat» sumatzen dutela faltan, eta denek dakite ahalegin bat egin zela bere garaian. Pello Añorgak ongi gogoan ditu ahalegin hari buruzkoak: «90eko hamarkadatik aurrera, behar bat sortu zen. 2005ean elkartu ginen Bilbon, eta topaketa horietako batean aipatu genuen lehen aldiz Euskal Herriko Kontalarien Elkartea sortzeko ideia. Hondarribian bildu ginen era formalean, 2008an. Ni izendatu ninduten lehendakari, Pedro Ruiz idazkari, eta Itziar Rekalde diruzain». Besteak beste, Ahozko narrazioaren aldeko agiria onartu zuten. Ahozko narrazioari «arte» izaera aitortu, eta kontaketa bat antolatzeko gutxieneko baldintzak zerrendatu zituzten.

«Oso interesgarria» izan zela dio Añorgak, baina «arazoak» sortu zirela gero. Zeintzuk? «Hizkuntza (batzuk gazteleraz eta besteak euskaraz), estiloak (zeharo ezberdinak, banaka, taldeka...), asmoak, gogoak, kezkak... denak ezberdinak. Estetikak, moduak... Horretaz jabetzeko ere balio izan zuen, baina aurrera nola egin? Nork gidatu hura? Hau bai eta hau ez esateko... Oso zaila. Kanpoko norbaitek antolatuz gero... Horrela utzi genuen, bere horretan».

Amaia Elizagoienek (Oronoz-Mugaire, Nafarroa, 1994) afera horri buruz galdetu ei zion bere gradu amaierako lanean Joxemari Karrereri: «Bertsozaleen Elkartearen adibidea jarri nion. Eta erantzun zidan: 'Bertsolariena ez da bertsolarien elkartea: bertsozaleen elkartea da. Beraz, gurea ezin da izan kontalarien elkartea, baizik eta horrekiko interesa duen komunitate bateko kideek osatutako elkartea».

Belaunaldi berria?

Elizagoien ipuin kontalaritzan ari da azken urteetan Ameli ipuinen jostune proiektuarekin. Belaunaldi gazte bateko kide ote den galdetuta: «Belaunaldi berria aipatzean, ez nintzateke ausartuko esatera baden berririk, edo sortzen ari den berririk ere, zeren ipuin kontalaritzan dabiltzan gazteak ez ditut ezagutzen. Nire erreferenteak helduagoak dira. Eta ezin dut esan gazteok komunitate berri bat osatzen dugun, edo gazte belaunaldi bat dabilen hor buru-belarri, zeren gure arteko harremana oso justukoa da».

Ane Gebara kontalariak (Gasteiz, 1989) uste du «jauzi moduko bat» egon dela belaunaldien artean: «Eta iruditzen zait hor erdibidean ez dagoela horrenbeste jende. Orain agian jende berria sortu da berriro, gogoz, kontalaritzari balioa ematen diona, gustatzen zaiona, eta ikasi nahi duena. Baina ez dut sumatzen halako eztandarik, edo belaunaldi berri baten sorrerarik».

Jokin Irungaraik (Itsasu, Lapurdi, 1987) ez du halako mugimendurik sumatu Ipar Euskal Herrian: «Badira bizpahiru gazte, baina oso lotura gutxi dugu gure artean. Frantzian bai, badira jaialdiak, bada belaunaldi berri baten eragin handia, ikerketa eta hausnarketa, manera berriak sortzeko. Gu ere hasi gara horretan, baina doi-doi oraindik».

Jaialdiak eta topaketak sumatzeb dituzte faltan, baina denek aipatzen dute erreferente berbera: Tolosako eta Ordiziako (Gipuzkoa) Ahoz Aho jaialdia. Ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia da, eta urtero antolatzen du Intujai antzerki taldeak.

Badira, beraz, errepikatzen diren ezinegonak eta itaunak, baina sortu dira kezka berriak ere. Gaitegiari buruzkoa da orain korapilo handiena. Ugaritu egin baitira «enkarguzko» ipuinak. «Jendeak gai jakin batzuei buruzko ipuinak eskatzen ditu. Baditut ipuinak gaika sailkatuak, eta asko nireak dira. Baditut ipuin klasikoak ere, eta moldatu izan ditut eskaera konkretuetarako. Baina egia da, era berean, herri jakin bateko inauteriei buruzko ipuina eskatzen dizutela orain, eta horrek herri horretarako bakarrik balio dizu», azaldu du Jaione Urtasunek (Iruñea, 1988). «Ezagutzaren bat ematea nahi dute, ikasketaren bat egotea».

Ipuinen instrumentalizazioa

Inork ez dio izkin egiten gaiari. Elizagoienek «ipuinaren balioa» aldarrikatzen du: «Gaia baino garrantzitsuagoa da ze ipuin den eta nola kontatzen dugun. Ipuin bakoitzak badauka gai bat, eta badauzka zenbait zehar lerro beste hainbat gai lantzen edo sakontzen dituztenak. Baina kezkatua nago ezin garelako erori dinamika horretan, non bakarrik gaiari ematen diogun garrantzia, edo mezu konkretu bat bidaltzea den helburua. Ipuinak hori baino askoz ere askeagoak dira. Ipuinak diren bezala tratatu behar ditugu, eta ikasi behar dugu ipuinetara gu moldatzen, eta ez ipuinak moldatzen gure desio eta beharretara».

Irungaraik ere badu kezka, azkenaldian sumatu duelako ipuinak «erabili» egiten direla «egunerokotasuneko arazoei» erantzuteko. Gebarak dio «normala» dela ipuin tradizionalak berrikustea, eta ondo dagoela «kritikak» egitea, «baina azkenaldian balioak gehiegi lantzen dira ipuinekin. Denak dauka zergati bat eduki beharra, eta zertarako bat. Natura zaintzeko ipuinak, zaharrak zaintzeko ipuinak... eta dena desitxuratzen da». Irungarai: «Lehen,zen bezalakoa onartzen zen ipuina. Bere berezitasun horrekin, eta bere gabezia horrekin, amets eginarazten zigun. Gaur egun, ipuina epaitu egiten da gero eta gehiago».

Joera horren arriskuez mintzo da Añorga. «Instrumentalizazioa» eta «merkantilismoa» aipatu ditu. Hausnartuta dauka: «Gauza bat da esatea: 'Ipuin honetan arazo hau lantzen da'. Baina hortik esatea: 'Ipuin hau erabiliko dut hau lantzeko'... Arriskutsua da. Objektu bihurtzen da ipuina bera, baina subjektu izan behar du. Ipuinak biziak baitira. Jendea emozionatzeko kontatzen ditugu ipuinak. Bide batez balio batzuk lantzen baditugu, bada ongi etorri. Baina askotan behartu egiten ditugu pertsonaiak, eta ez dira sinesgarriak, eta ez dute transmititzen. Ipuina aitzakia hutsa bihurtzen da orduan, beste zerbait lortzeko. Eta ipuina ez da sekula aitzakia bihurtu behar: ipuinak berez du balioa. Ipuinek ere euren eskubideak dituzte».

Eta sartu kalabazan, eta atera daitezela behin bateko plazan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.