Maribel Izkue. Kazetaria eta '5W'-ko erredaktore burua

«Bazkideen eta komunitatearen bidez finantzatu nahi dugu '5W'»

Nazioarteko informazioan espezializatutako '5W' aldizkariaren sortzaileetako bat da Izkue. Hedabideek giza eskubideetan duten rolaz aritu da EHUren udako ikastaroetan, Bilbon.

urtzi urkizu
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
2001ean Filipinetara joan zen Maribel Izkue (Donostia, 1976). Hiru urte egin zituen han Efe agentziarentzat lanean, gero hiru urte Erroman, eta beste hiruna urte Indian eta Japonian. Bartzelonan bizi da orain, baina aste honetan Filipinetara joango da lanera.

Garapenean eta giza eskubideen alorrean hedabideek duten rolaz aritu zara Bilbon, EHUk antolatutako jardunaldian. Azkeneko urteetako zer adibide nabarmenduko zenuke?

Zaila da bat esatea. Memorian gertukoa dut Samuel Arandaren argazki bat, Sierra Leonan. Ebola gaitza duen neska bat agertzen da, laguntzarik iristen ez zen toki bakartu batean. Argazki hori TheNew York Times-eko azalean argitaratu zuten, eta hurrengo egunean Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadak laguntza bidali zuen toki horretara. Baliabide batzuk mugitu ziren argazkiari esker. Argazkia 5W hedabidearen webean dago argitaratuta.

5W-ren sortzaileetako bat zara. Lehen urteko oihartzunaren ostean, zer moduz doa 2017a?

Ondo, ondo. Egun 1.700 bazkide baino gehiago ditugu. Pozik gaude, erakusten duelako badagoela jendea interesatua eskaintzen ditugun edukiekin. Oraindik falta zaigu proiektu sustengagarri bat garela erakustea, baina argi dago jendeari interesatzen zaiola munduan gertatzen dena. Gauza asko egin nahi ditugu. Paperari garrantzia ematen diogu. Berriki urteroko aldizkaria atera dugu, eta oso harrera ona izaten ari da. Voces 5W saileko bigarren liburuxka prestatzen ari gara. Irailean aterako dugu hori.

Herritar asko al daude nazioarteko erreportaje sakonak irakurtzeko gogoz?

Bai. Adibide moduan, gure webgunean gehien irakurri den testuen artean Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteari buruzko soslai luze bat dago. Oso-oso luzea da. Horrek erakusten du jendeak baduela gogoa sakon irakurtzeko, eta jakin-mina duela etxetik kanpo gertatzen dena ezagutzeko, baina beste modu batean. Oro har, kazetaritza pausatu baten falta sumatzen da, eta hori egiten saiatzen gara gu: kazetaritza lasaitasunez, eta gertatzen ari dena ulertzen lagunduko duena.

Asian bederatzi urte baino gehiagoz aritu zara lanean. Zein da herrialde erakargarriena kazetari gisa lan egiteko?

Asko gustatu zitzaidan Asiako herrialde horietan lanean aritzea. Filipinetan denak harritu ninduen. Oso gutxi dakigu Filipinei buruz, eta barnean sartua dut. Asia osoari diot maitasuna. Myanmarrera joatea gustatuko litzaidake; egoera interesgarria da.

Efe agentzian aritu izan zara. Prekaritate handia al dute agentzietan lan egiten duten kazetariek?

Hiru urte baino gehiago dira Eferekin loturarik ez dudala. Prekaritatea kazetaritzan dago oro har, eta hori oso kaltegarria da informazio eskubidearentzat. Testuinguru zail honetan, zorionez, kazetari eta proiektu asko daude kazetaritza ona egiten saiatzen ari direnak. Beharrezkoa da ondo finantzatutako kazetaritza bat, independentea, didaktikoa... eta urrun gaude horretatik.

Ba al dago elkartasunik ogibideko langileen artean?

Nire esperientzia pertsonalaz hitz egin dezaket. Ez dakit atzerrian aritu naizelako den, baina kazetari solidario ugari topatu ditut bidean, beti laguntzeko prest.

5W hedabidean ere aurkitu duzue bide bat hainbat kazetariren artean elkar laguntzeko, ezta?

Bai, hala da. Sortzaileak bederatzi gara. Beste hedabide batzuetarako aritu garenean motxilan gelditzen zitzaizkigun istorioak kontatu nahi genituen. Pentsatzen genuen bazegoela espazioa horretarako. Nazioarteko kazetaritzarekin pasioa dugu.

Zein da 5W-ren erronka?

Erronka, bereziki, finantzaketa arlokoa da. Komunitatearen eta harpidetzen bidez finantzatu nahi dugu proiektua. Korporazio handien interesetatik at aritu nahi dugu. Tailerrak ere egin nahi ditugu. Ez dugu baztertzen publizitatea sartzea, baina inoiz ez da izango gure diru iturri nagusia. Gure motorra bazkideak eta aldizkariaren salmentak izatea nahi genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.