Baztan, imana artistentzat

Urtero bezala, 'Artea oinez' erakusketa ireki dute Iruñeko Ziudadelan. Nafarroa Oinez diruz laguntzeko eta artea eskoletara gerturatzeko helburua du, eta 59 artistaren lan bana bildu dute.

Ziudadelako Armen Aretoko ganbaran dauden artelanetako batzuk. I. TUBIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko apirilaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Baztanen margolari anitz da. Anitz dira Baztan mihisean irudikatu duten euskal margolariak ere, eta Baztanen bertan gelditu diren artistak. Margoa, eskultura, serigrafia, grabatuak, argazkiak... Denak barne-barnetik sortu eta kanpora ateratakoak. Horixe baita artearen funtzioetako bat, barnekoa azaleratzea. Baztango ikastolak izan du aurten Artea oinez erakusketa antolatzeko aukera, eta, beren ibarretik Euskal Herri osora, artea zabaldu nahi dute. Hala dio erakusketaren izenburuak, behinik behin: Baztan, barrenetik kanporat.

Jose Mari Apezetxea, Jorge Cardarelli, Begoña Durruti, Fernando Gorostidi, Diana Iniesta, Josu, Inziarte, Xabier Landa, Ana Mari Marin, Felix Mena Martin, Jesus Montes, Xabier Otero, Xabier Santxotena, Lola Sarratea, Tomas Sobrino, Xabier Soubelet eta Iñaki Zaldua. Baztango artisten taldeak izen-abizenak ditu, eta horiek guziak Ziudadelan daude orain, Armen Aretoko ganbaran. Orotara, Euskal Herriko artistek egindako 59 lan daude, bakoitzeko bana. Batzuk Baztanekin lotuak dira, eta beste asko ez. Han dira Jose Ignacio Agorreta, Pello Azketa, Esther Ferrer, Xabier Morras, Pedro Oses, Dora Salazar eta Jose Luis Zumetaren lan bana ere.

«Baztanek badauka halako edertasuna edo xarma, artistak hartzen dituena». Nuria Idoate Artea oinez erakusketaren koordinatzailearenak dira hitzok. Egia da: inspirazio iturri izan da Baztan artista askorentzat. Baztango margoa da erakusketaren ardatza, eta nabarmena da hango artisten presentzia.

Margo horren aitzindariak badaude: XIX. mende bukaeran eta XX. mende hasieran sortutako Bidasoako Margolarien Taldeko kideak, hain zuzen ere. Han bildu zirenKepa Arizmendi, Javier Ziga, Ignacio Etxandi, Mentxu Gal, Ismael Fidalgo, Marcelino Bañales eta Francisco Etxenike. Guzien lanak ikus daitezke erakusketan. Idoatek aitortu duenez, motz geratu dira, tokia mugatua izanik ezin izan baitute artista guziek parte hartu.

Hiru helburu nagusi ditu Artea Oinez egitasmoak. Alde batetik, euskal kultura beste alor batean erakutsi eta jende gehiagorengana hurbiltzea, eta, bestetik, xede ekonomikoa. Izan ere, zerbait saltzen bada, dirua Baztango ikastolarentzat izanen da.

Azkenik, Idoaterentzat helbururik garrantzitsuena: pedagogikoa. «Nahi dugu haurrek eta gazteek arteari buruz jakitea, eta artea eskoletara eta geletara eraman nahi dugu». Horretarako, aste kulturala antolatu dute ikastolan. Kasu batzuetan, artistak gelara joanen zaizkie bisitan, eta, besteetan, haurrak joanen dira artisten etxera. «Artearen munduan murgil daitezen eta goza dezaten».

Erratzuko margoak

Erakusketa antolatzeaz gainera, Baztango ikastolak omenaldia egin dio ibarreko artista handi bati: Jose Mari Apezetxeari (Erratzu, 1927). Omenaldi «xumea» eta «arras hunkigarria» egin zioten erakusketaren inaugurazioan: bere bi kantu gogokoenak eskaini zizkioten, eta Tomas Petrirenak egindako makila bat eman. Ez da hori izanen Apezetxearen omenez eginen duten ekitaldi bakarra, erakusketa Baztanera eramaten dutenean «herri omenaldia» eginen baitiote.

«Jose Mari Apezetxea gizon handia da, bai margolaritzaren munduan eta bai Baztanen», esan du Idoatek. Haren ibilbidea aitortu nahi izan du ikastolak. Zubietea etxean sortu zen, eta Zigarendik anitz ikasi zuen. Apezetxeak berak aitortzen duenez, orduan hasi zen ofizioa ikasten: kolorearen sekretuak, nahasketak eta magia maneiatzen. Frankismoak ikasketekin jarraitzea galarazi bazion ere, 1950ean Baztango Margolariak taldea sortu zuen Fidalgo eta Marinekin batera. Aipatzekoa da Cezanneren pinturarekin topo egiteak beste mundu baterako ateak ireki zizkiola. Hori esan du Pello Fernandez Oiaregi Artearen Historiako irakasle eta Ziga fundazioko idazkariak.

Bisita gidatuak

Haren esanetan, Baztango paisaiak bukolikotasunez beteak erakusten ditu; hori da bere lanaren esentzia. «Espazio bat sortzen du kolorearen bitartez, non formak, geometria, masak eta argia bata bertzearekin uztartzen dituen, bere lan piktorikoa den osotasun bat lortuz». Ikuspuntu ez-ortodoxoak eta oreka ezegonkorrak nagusitzen dira haren lanean.

Gaur arratsaldean, bisita gidatua izanen da Armen Aretoko ganbaran. Fernandezek artelanen nondik norakoak azalduko ditu, 19:00etan. Erakusketa maiatzaren 3ra arte izanen da Iruñean, eta maiatzaren 8tik aurrera, Baztanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.