Marcel Prousten Denbora galduaren bila eleberriaren funtsa gordetzen du bere pasarte ezagunetako batek: narratzaileak ezki-uretan bustitako madalena dastatzen duenekoa, hain zuzen. Une horrek erabateko gozamena dakarkio ezustean, nolabait madalena haurtzaroko zoriontasunari lotzen zaiolako bere buruan. Baldintzapen klasikoa da. Bestela esanda, Pavloven txakurren esperimentuen pareko adibide bat.
Literaturako pasarte ospetsu hori izango du abiapuntu Helena Matutek, CocinArte biltzarraren barruan, larunbatean Iruñeko Baluarten emango duen hitzaldian. Psikologia Esperimentaleko katedraduna da Matute, eta Labpsico laborategia zuzentzen du Deustuko Unibertsitatean.
Aski ezaguna da Pavloven txakurren esperimentua. Ivan Pavlov fisiologo errusiarrak huraxe baliatu zuen gaur egun baldintzapen klasiko izenez ezaguna den legea egiaztatu eta formulatzeko. Pavlovek diapasoi batekin deitzen zituen txakurrak otordurako. Txakurrek, noski, jaten ematen zitzaienean jariatzen zuten listua hasieran. Baina diapasoiaren ekintza zenbait aldiz errepikatu eta gero, hura entzutearekin batera hasi ziren jariatzen; jaten eman baino lehen, alegia. Diapasoiaren estimulua eta janaria elkarri lotuta zeuden txakurrentzat. Proustek madalena haurtzaroari lotzen zion bezala.
Matutek azaldu duenez, gaur egun elikagaiak ekoizten dituzten enpresa asko ahalegintzen dira baldintzapen klasikoa bere onurarako baliatzen: «Horixe egiten dute esaten digutenean errezeta tradizionalaren arabera egina dagoela, gure amonak egingo lukeen bezala. Jatorrizkoa gogorarazi diezagun saiatzen dira, horrek segurtasun eta konfort sentipenak dakarzkigulako».
Baldintzapen klasikoaren beste ezaugarrietako bat da ez dela behin betikoa, agortu egiten dela estimuluak lotura hausten duenean. Hau da, txakurrek diapasoia entzuten bazuten eta jaten ematen ez bazitzaien, hori zenbait aldiz errepikatu eta gero, listua jariatzeari uzten zioten. Literaturaren bidetik, antzeko zerbait egiaztatu zuen Proustek ere. «Madalena behin eta berriz dastatzeari ekiten dio, eta orduan gertatzen da gero eta efektu txikiagoa duela. Estimulua behin eta berriz erakusten baduzu baina ondoriorik ez badago, efektua desagertu egiten da pixkanaka», dio Matutek.
Fenomeno hori ez da elikagaiekin bakarrik gertatzen. Biologiarekin lotura duen estimuluren bat izatea da ezinbesteko baldintza. «Esperimentuetan usaimen estimuluak erabiltzen dira askotan, deskarga elektriko txikiak, goragalea eragiten duten injekzioak, estimulu sexualak... baldintzapen erreakzio bat gertatzea nahi badugu, biologiaren ikuspegitik zeresana duen zerbait izan behar da. Horixe da Pavloven zein Prousten kasua», dio Matutek.
Asoziazioa ikertzen
Horregatik, baldintzapen klasikoak oso ondo funtzionatzen du beldurrarekin ere. Matutek esan bezala, «beldur irrazionalak horrela sortzen dira. Adibidez, igogailu batek hasieran ez du zertan inolako beldurrik eragin. Baina behin harrapatuta geratuz gero edo norbait harrapatuta geratu dela ikusiz gero, benetako arrisku egoera hori gertatu den unetik, lotura bat sor dezakegu berehala, eta gero oso zaila da hori kentzea. Izan ere, lotura osatzen dugun unean, igogailuetan sartzeari uzten diogu, eta igogailuak saihesten baditugu, ezin dugu fobia hori deuseztu».
Deustuko Labpsico laborategian ez dute baldintzapen klasikoa bere osotasunean ikertzen, baina bai haren osagaietako bat: asoziazioa. Izan ere, asoziazioak modu askotakoak izan daitezke; ez dute zertan beti baldintzapenezkoak izan, eta hortaz, hori aztertzeko ez da derrigor biologiarekin zerikusia duen estimulurik behar. Esaterako, haur bat bideo joko batekin ari denean eta pantaila baten ondoren beste bat datorrela aurreikusteko gai denean, ikusiaz ikasi duelako eta asoziazioa egin duelako izaten da, baina baldintzapenik gabe.
«Benetan aztertu nahi duguna asoziazioa bada —nola eusten diogun, nola ahazten dugun, testuinguruak zer rol duen...—, hori ikertzeko ez da baldintzapen erreakziorik behar. Oso ondo azter daitezke asoziazioak bideo joko oso errazen bidez, txistu soinu baten ondoren sari bat erakutsiz... Prozedura askoz ere sinpleagoa da, baina bi estimuluren arteko kausa-ondorio erlazioari erreparatzen diogu bakarrik, erreakzio emozionalik ba ote dagoen aztertu gabe», esan du Matutek.
Bere laborategian estimulu neutralak erabiltzen dituzte, propio, asoziazioa aztertzeko. Adibidez, ordenagailu bidezko irudi sorta bat: «Ez dago baldintzapen erantzunik, baina subjektuaren iragarpena badago. Lehen estimulua ikusitakoan badaki bigarrena etorriko dela. Estimulu batetik abiatuta, bigarrena iragartzeko ahalmena aztertzen dugu. Eta estimulu oso neutroak baliatzen ditugu, frogatzeko ez dela osagai emozionalik behar».
Asoziazio bat egina dagoenean, hor elementu berriak sartuz gero zer gertatzen den aztertu dute berriki Labpsicon. Pavloven esperimentuen adibideari jarraiki, txakurrek diapasoiaren eta janariaren artean lotura egin badute dagoeneko, interakzioan estimulu berriren bat sartzeak ez du inolako eraginik. Hau da, diapasoiaz gain argi bat pizten bada otordua iragartzeko, txakurrek ez diote argiari kasurik egiten.
Baldintzapen erreakzioa alde batera utzita ere hori gertatzen dela egiaztatu dute. «Itxurazko botikekin egin dugu. Boluntarioei esaten diegu paziente batzuen fitxak ikusiko dituztela. A botika hartu duten eta alergia garatu duten pazienteak ikusten dituzte. Lotura hori ikasi dutenean, A eta B botikak hartu dituzten eta alergia duten pazienteak erakusten dizkiegu. Galdetzen diegu zenbateraino uste duten A botika dela alergiaren eragilea, eta oso balio handiak ematen dituzte. B botikarengatik galdetuz gero, asoziazioa blokeatu egin dute. Lehendik bazekitenez A botikak alergia sortzen duela, ez dute ikasten B botikak ere eragin dezakeela», dio.
Zientzia
Begi bistakoak ez diren loturak
Baldintzapen klasikoak berdin balio du Pavloven txakurren esperimentua zein Proustek madalena bat dastatzean zituen sentipen atseginak azaltzeko, Helena Matute psikologo esperimentalak adierazi duenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu