Begiraden errima jorietan

Ipar Euskal Herriko 22 bertsolariren potretak egin ditu Zoe Brayk. Senpereko Larraldean dauden arren, ez dute huts egingo larunbateko txapelketako finala.

Aitor Renteria.
Senpere
2010eko azaroaren 11
00:00
Entzun
Begiradak hitzaren gordegiak izaten dira. Adierazi edo ez, barnean atxikitzen diren pentsamenduek bizia daukate begiradetan. Plazetan hitzen jostun paregabeak dira bertsolariak, eta haiek eragindako zirrarak begietatik ez ezik belarrietatik ere sartzen dira. Zoe Brayk magiaz beteriko bidaia proposatzen du Senpereko Larraldea baserrian. Garai anitzetako 22 bertsolariren potretak egin ditu. Erran zituztenak, dituztenak eta erran gabe gelditu zirenak, guztiak begiradetan murgildurik. Norberari dagokio ibilbidea egin eta begitarte horien gibelean gorderik litezkeen kodigoak atzematea.

Larraldean dago erakusketa, eta nahi duenak bertan ikusteko parada ukanen du, larunbata bitartean. Bertsozaleek ekitaldi nagusia dute egun horretan, Donibane Lohizunen, eta erakusketak ere, harako bidea eginen du. Historiako begiradek gaurkoari so egoteko parada ukanen dute, biharko bertsolarien menturan.

Andoni Iturrioz Larraldeko jabea, artista eta Bertsularien Elkarteko kidea izan da erakusketaren sorburuan. Bertsolarien potretak egitea eskatu zion Zoe Brayri. Gaizki-ulertu batetik abiatu zen abentura, Brayk azaltzen duen bezala. Batzuen potretak eskatzen zizkiola pentsaturik, baiezkoa eman zuen. Gero, hasitako lanari ekin behar. Eta, bi urte eta erdiko lanaren ondotik, erakusketa txapelketari so egonen da.

Itzal artean barrandari

Paper zuria, hildako bertsolari ospetsuen begirada islatzeko. «Erronka handia izan da, ez nuelako haiek pertsonalki ezagutzeko biderik», dio Brayk. Argazkiak lagun, jendeen testigantzak osagarri eta, potreta egiteko, lan-moldearen hautaketa. Joanes Otxalderen potretarekin abiatzen da erakusketa. 1814-1897. Datek ariketaren nondik norakoak erakusten ditu. «Erronka horri teknikaren bidez ihardetsi nahi izan diot, eta hiru kasutan, litografia baliatu dut potretak egiteko». Bertze potreta bat egin du zilar arkatza baliatuz. Gaineratekoak egiteko arkatza baliatu du.

Sentimenduen zirrarak gidatzen du marrazkia egingo duen eskua. Ikusten ez den bertsolari mitikoaren potreta egin behar delarik, argazkiaren interpretazioa sartzen da jokoan. «Fernando Aire Xalbador-en potreta egiteko orduan, handitu behar izan dut nuen argazki txikia, eguzkiaren eragina kendu haren begitartetik». Emaitza ez da ikusi ohi dugun argazkiaren sentsazio bera. Begitarte iharra du Xalbadorrek, baina begirada goxoa eta irribarre zabala. Biziak heriotzaren hesia gainditu eta ondoko belaunaldien lanari so, poztasuna adieraziko balu bezala.

Bertsolari garaikideei dagokienez, Brayk nahiago izan du potreta haien etxean egitea. Horrela egin zuen Ernest Alkhat zenaren potreta, hil baino bizpahiru hilabete lehenago. Bertsolarien ingurumenetik hats hartzea zen helburua, sentimendu hori potretan adierazteko. Bertze batzuetan, bertsolariak joan dira Brayrengana. Horrela egin zuten Sustrai Colinak eta Amets Arzallusek. Ipar Euskal Herriko bertso eskolen sortzaile izan zen Xanti Iparragirreren txapela txapeldunei begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.