Begiratzea ez da aski

Umeak artera hurbildu daitezen, garrantzitsua da artelanekin esperimentatu dezatela: ukitu, haiekin jolastu... Formak, testurak eta koloreak erabil daitezke umeen kuriositatea hauspotzeko.

Haur bat 'Zapaburu' proiektuko pieza baten gainean. Irudiko piezak Gheada estudioak moldatu ditu, Ruth Juan ilustratzailearen diseinuetan oinarrituta. BILBOKO BERREGINEN MUSEOA
Haur bat 'Zapaburu' proiektuko pieza baten gainean. Irudiko piezak Gheada estudioak moldatu ditu, Ruth Juan ilustratzailearen diseinuetan oinarrituta. BILBOKO BERREGINEN MUSEOA
amaia igartua aristondo
2024ko apirilaren 11
05:00
Entzun

Artelan batetik dingilizka dago umea, museoko sarreran. Piezatik jaitsi, eta pareko elementu batera joan da, zabukatzera; aldameneko tunelera jo du gero, eta erreparorik gabe haztatu du gainazal malgua. Artearekin erlazionatzeko beste modu bat da harena: ez urrutiko kontenplazio bat, baizik eta murgiltze bat. «Umeak munduarekin erlazionatzen dira ukitzen, proba egiten eta hanka sartzen, objektuak botatzen, gauzak ahoan sartzen... Kontu oso primitiboa da», azaldu du Bilboko Gheada estudioko sormen zuzendari Raquel Duranek. Eta modu berean gerturatzen dira artera.

Hori horrela, ukimenak bazterrezina dirudi haurrentzat doitutako egitasmo artistikoetan. Tankera horretako proiektuetan, ugariak dira estrategia aldatu duten eragile eta sortzaileak: didaktika bainoago, esplorazioa hauspotzea dute jomuga, umeak bere kabuz erabaki dezan nondik joan, zer ukitu, zerekin jolastu, eta nola. Kasurako, irizpide horretan oinarrituta ondu du Gheada estudioak Zapaburu erakusketa. «Umeei bideratutako artea jolasetik eta esperimentaziotik abiatu beharko litzateke», adierazi du Duranek. Raisa Alava eta Ruth Juan ilustratzaileen diseinuetan oinarrituta, 0tik 6 urtera bitarteko haurrentzat pentsatutako instalazio artistikoak kokatu dituzte Bilboko Berreginen Museoan, askotariko formatako, koloretako eta testuratako eremu bat sortuta. Alavaren instalazioa ipini zuten iragan asteburuan, eta Juanena egongo da bihartik igandera bitarte, 0tik 3 urte bitarteko haurrentzat prestatua.

«Umeak munduarekin erlazionatzen dira ukitzen, proba egiten eta hanka sartzen, objektuak botatzen, gauzak ahoan sartzen...»

RAQUEL DURANBilboko Gheada estudioko sormen zuzendaria

AEBetatik jaso dute inspirazioa Gheadako kideek, han ohikoak baitira haurrentzat propio sortutako museoak. Eta, bereziki, Wes Bruce artista izan dute iparrorratz, batik bat San Diegoko The New Children’s Museumerako (AEB) egin zuen instalazio bat, The Wonder Sound: bere iruditerian eta sinbolismoan oinarritutako mundu bat moldatu zuen, baina haurrentzat egokituta. Etxola erraldoi bat taxutu zuen, eta bere ilustrazioekin bete; ibilbide bat zen, eta haurrek aukera zuten bidean topatutako elementuekin hartu-emana edukitzeko. «Artea hurreratzeko modu zuzenago bat iruditzen zaigu», esan du Duranek.

Esperimentazioa da, halaber, Altzuzako Oteiza museoko (Nafarroa) haurrentzako ikastaroen metodologia, Hezkuntza Estetikoko arduradun Aitziber Urtasunek aipatu duenez. «Ikastaroen helburua ez da artefaktu artistiko bat sortzea. Orain, metodologiak aldatu dira, baina, lehen, museoetako ikastaroetan bilatzen zen umeek zerbait polita egin zezaten, etxera sari gisa eraman ahalko zuketen zerbait». Kontrara, prozesua iruditzen zaio alderik garrantzitsuena: gauzak gerta daitezela, nahiz eta gero ez sortu ezer. «Prozesuan edozer gerta badaiteke, erosoago sentitzen dira umeak, lasaiago, eta gauza askori buruz hitz egiten hasten dira. Artea lantzean, sentitzen dute kode zabalago batean mintza daitezkeela».

Testuren artea

Jorge Oteiza eskultorearen aipu batean laburbildu du funtsa Urtasunek: «Arteak ez du hezten; erabiltzeko tresna bat da». Eta umeekin da baieztapena zorrotzen, arduradunaren irudiko. «Umeek ez dituzte obrak eta artistak sakralizatzen, helduek bezala; haientzat, ez dira hain garrantzitsuak. Helduok artelan bati begiratzen diogunean, intelektual bihurtzen dugu: hau da, bilatzen dugu haren zergatia, zer den, zer esan nahi digun...». Haren berbetan, autoreaz gehiago jakiten ahalegintzen dira helduak, miatzen zer-nolako harremana duten egileak eta obrak; umeek, aldiz, beren esperientziarekin erlazionatzen dute artelana. «Ez zaie axola lanak nola izena duen, noizkoa den, zer ari zaien kontatzen... Ikusten dutenak axola die. Artista bigarren maila batean dago».

Haur bat eta haren ama Raisa Alavak diseinatutako instalazioan, 'Zapaburu' erakusketaren aurkezpenean, joan den asteko ostegunean. BILBOKO BERREGINEN MUSEOA
Haur bat eta ama, Raisa Alavak diseinatutako instalazioan, Zapaburu erakusketaren aurkezpenean, joan den asteko ostegunean. BILBOKO BERREGINEN MUSEOA

Estimuluen ugaritasuna: hori da haurrentzat artea interesgarri egiteko gakoa, adituen berbei erreparatuta. «Aurrez aurre jartzen baditugu ordura arte ikusi edo ukitu gabeko elementuekin, haien kuriositatea piztuko da», nabarmendu du Urtasunek. Hortaz, ahal den neurrian, lengoaiak uztartzen saiatzen dira Oteiza museoko ikastaroetan; hau da, ez daitezela egon une oro marrazten, edo soilik eskulturak egiten, baizik eta landu dezatela argazkilaritza, edo egon dadila musika. «Taldean, egon litezke 5 urteko eta 9 urteko haurrak. Beraz, ikastaroak askotariko estimuluak izan behar ditu, parte hartzaile guztiak esnatu daitezen uneren batean». Eta garrantzitsua da, halaber, ez mugatzea Arte Ederretako materialetara. «Landu ditzatela etxean topatu ditzakegun materialak, edo kalean... Guk mendia dugu ondoan, eta han jasotzen ditugu material batzuk». Izan ere, ikastaroak lotzen badira soilik arte dendetan topatu daitezkeen objektuekin, museotik atera ondoren haurrek ez dute etxean esperimentatzen jarraitu nahi izango, Urtasunen arabera. «Erakutsi behar zaie edozein materialetatik sortu daitekeela esperientzia bat».

«Taldean, egon litezke 5 urteko eta 9 urteko haurrak. Beraz, ikastaroak askotariko estimuluak izan behar ditu, parte hartzaile guztiak esnatu daitezen uneren batean»

AITZIBER URTASUN Alzuzako Oteiza museoko Hezkuntza Estetikoko arduraduna

Zapaburu-n ere nabarmena da lehengaien aniztasuna: egurra, kartoia, oihalak, belar artifiziala, pinturak... Testuren nahaste bat erdietsi dute, Duranen berbetan. Alavaren instalazioan —3 urtetik 6ra arteko haurrentzat— etxola bat ipini zuten, eta, fatxadan, imanekin itsatsitako figurak, umeek piezok mugitu eta euren konposizioak sortu ahal izateko. Eta, besteak beste, kanpadenda bat ere gehitu zuten, egokitutako ilustrazioekin; argiaren kolorearen arabera, aldatu egiten ziren irudiak, kolorearen teoria aplikatuta. Juanen esku hartzean, bestalde, egurrezko autoak, aurpegiak eta zabuak eraiki dituzte, gurpildunak eta sokadunak, haurrek piezak lekualdatu ahal izateko. Zortzi metroko suge bat ere badago, puzzle baten moduan zatikatu daitekeena. Eta mugikari bat, metakrilatoz egina, non materialaren gardentasunarekin eta askotariko argiekin jolasten den.

'Zapaburu' erakusketako piezetako bat, Bilboko Berreginen Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Zapaburu erakusketako piezetako bat, Bilboko Berreginen Museoan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

«Juanen instalazioa, 0tik 3 urtera bitartekoa, maila horizontal batean planteatu dugu, zoruan pentsatuta, eskala baxu batean, haurrak ez direlako oinez ibiltzen», xehatu du Duranek. Hortaz, koltxonetaz eta kuxinez josi dute, umeak katuka ibil daitezen, minik hartu gabe. Exijenteagoa da Alavarena. «Bertikalagoa da, eta parte hartzaileagoa».

Koloreen xarma

Koloreek ere hauspotzen dute hartzaileen kuriositatea. Nola aukeratu, ordea? Inertziaren kontra joan da Ruth Juan, umeekin lotu ohi diren kolore eta forma leunak baztertu baititu, eta tonu biziak eta deigarriak erabili: berde iluna, arrosak, horiak, urdinak, moreak... «Kolore askoko eremu bat egin dut», esan du Juanek. «Haurrei atentzioa emango die, eta berdin-berdin gustatuko zaie». Animaliak pintatu ditu, batez ere, baina modu «apur bat ganberro» batean. «Lerroekin jolastu dut, eta, animalien aurpegietan, trazu dibertigarriak egin ditut: adibidez, haginak ipini dizkiet, begi handiak edo txikiak... Enkarguz lan egiten dut maiz, eta lan egiterakoan beti pentsatzen dut hartzailearengan; oraingoan, lana neure egin dut».

«Lerroekin jolastu dut, eta, animalien aurpegietan, trazu dibertigarriak egin ditut: adibidez, haginak ipini dizkiet, begi handiak edo txikiak...»

 RUTH JUANIlustratzailea

Oteiza museoan ere oinarrizkoak dira koloreak. Urtasunek ikastaroetan antzeman duenez, haurrek tonu alaietara jotzen dute, «baina inportantea da euren gune erosotik ateratzea», azpimarratu du. «Harrigarria dirudi, baina neskek tonu arrosetara jotzen dute oraindik, eta mutilek urdinetara, gorrietara... Kolore indartsuagoetara». Joerok hausten saiatzen dira, aukerak zabaltzen, «kolorea ere adierazteko modu bat baita». Esaterako, zuri-beltzean sortu dezatela proposatu izan die inoiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.