Esther Udaondo kazetaria ETB1 eta ETB2ko albistegietako zuzendariorde postutik kendu zuten joan den astean. «Albistegi buruekin ez dut inolako arazorik izan», azaldu zion UdaondokBERRIAri, beste egunkari batean argitaratutako informazioa gezurtatzeko asmoz. Atzo, berriz, Udaondoren ordezkoa nor izango zen azaldu zuen Alberto Suriok EITBko administrazio kontseiluko bileran: Begoña Atin K2000 ekoizpen etxekoak beteko du kargua hemendik aurrera. Atin K2000ko ekoizle eragileetako bat da; edukietako arduraduna, hain zuzen. Urte luzez aritu da Atin K2000n, eta hamaika dokumental zuzendu du ETBrentzat, euskaraz zein gaztelaniaz.
Esther Udaondo, berriz, informazio politikoko koordinatzaile izendatu dute. Uztaila arte iraungo du berrantolaketak, eta beste izendapen batzuk ere egin dituzte: goizeko ETB2ko albistegiaren editorea Jonan Apaolaza izango da; eguerdiko Gaur egun eta Teleberri-ko editorea Carmen Baroja izango da; asteburuetako albistegietako editoreak Xabier Urteaga eta Karmele Hernandez izango dira; Gizartea saileko arduradun berria Irene Larrañaga izangoda.
Alderdien presentziaz kalaka
Teleberri-ko adierazpenen %75 PSE, PSOE eta PPko ordezkarienak dira, atzo Deia egunkariak argitaratu zuen ikerketa baten arabera. 2011ko lehen hamalau egunetan, adierazpenen %6,7 EAJkoenak izan ziren; Eusko Legebiltzarrean legebiltzarkideen %38,56 alderdi horretakoak dira. EAJko ordezkariek datu horiek eraman zituzten atzoko bilerara, eta eztabaida luzea izan zen. PSEko Carlos Gorostizak, ordea, kontrakoa defendatu zuen. Alderdietatik at, beste elkarte batzuek ere albistegietan lekua behar dutela nabarmendu zuten hainbat kidek.
Atzoko bileran beste eztabaida luze bat oposizioen inpugnazioaren ingurukoa izan zen. 200 lagun aurkeztu, eta 72k inpugnazioa aurkeztu zuten probetan. Hurrengo bileran langileen ordezkari batek hitz egingo du aferaz.
'Eitb.com', eramangarrietan
2011ko lehen hiruhilekoan, Eitb.com webgunea eta haren edukiak aparatu eramangarrietan egongo dira: iPad, iPhone, Android eta gainontzeko smartphone-ak. Hala, EITBko entretenimendu edukiak eta albistegiak gailu eramangarri horietan lekua izateko prestatuko dituzte. Telebista nahierara izenekoaren lehen fasea ere martxorako jarriko dute martxan. ETBko kate guztietako azken zazpi egunetako programazioa webgunean eskuragarri izango da. Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Gaztea-ko saio nagusien podcast-ak eskura izango dituzte entzuleek. Bigarren fasean, erabiltzaileen esku utziko dituzte EITBko telebista eta irrati artxiboko «programa enblematikoenak».
Komunikazioa
Begoña Atin izango da ETBko albistegietako zuzendariordea
Informazio politikoko koordinatzaile kargua beteko du Esther Udaondok, aurreko zuzendariordeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu