Edzard Ernst eta Simon Singhek medikuntza alternatiboko sendabide nagusiak zientifikoki aztertu dituzte, eta Sendabide ala iruzurbide. Medikuntza alternatiboa proban liburua kaleratu. Hamaika kritika jaso badituzte ere, harrera ona izan du liburuak mundu osoan, eta hainbat hizkuntzatara itzuli dute. Euskaraz dago eskuragarri, Elhuyar Fundazioaren eskutik.
Izenburu berdineko hitzaldia emango du gaur Ernstek, Donostiako Miramar jauregian, 19:00etan.
Zein da liburuarekin adierazi nahi izan duzuen mezu nagusia?
Liburuaren mezu nagusia da behar bezalako medikuntzak pisuzko frogak izan behar dituela. Ondorioz, liburua frogatutako medikuntzaren aldeko oihua da. Jende askok uste du frogen bidez baieztatutako medikuntza ezin zaiola aplikatu medikuntza alternatiboari, nolabait medikuntza alternatiboa medikuntza orokorretik urrun dagoela. Liburuan zientifikoki frogatutako medikuntza alternatiboaren aldeko indar handia egiten dugu.
Homeopatia, akupuntura, sendabelarrak eta beste medikuntza alternatiboak ikasi zenituen. Garai hartan baliagarriak zirela uste zenuen?
Bai. Mediku kliniko gisa, pazienteak tratatzen dituzunean, eurei eskaintzen diezun sendagaian sinetsi beharra daukazu. Mediku gaztea nintzenean pazienteak homeopatiarekin nola artatu ikasi nuen, eta horrek asko txunditu ninduen.
Zergatik aldatu zenuen iritziz?
Zientzialaria bihurtu nintzen, eta kontu horiek ikuspegi kritikoago batekin behatzen hasi nintzen.Eritasunen historia naturalaz jabetu nintzen. Beste hitzetan esanda, gaixo dagoen jendea denborarekin hobetu egiten da, sendabidea eman ala ez. Plazebo efektua eta beste hainbat kontu ikertu ditut. Sendabide bat plazebo bat baino komenigarriagoa den pentsatu beharra dago, eta homeopatiaren kasuan, ez da horrela. Homeopatia ez da bideragarria, ez da klinikoki eraginkorra.
Zeintzuk dira sendabide alternatibo eraginkorrak ?
Medikuntza alternatiboa deritzon sendagai piloa dago. Astebete egon gintezke gai horri buruz hizketan. Garrantzitsuenen artean akupuntura dago. Zenbait baldintza eta egoeratan funtzionatzen du. Hainbat min akupunturari esker arindu daitezke. Sendagai eraginkorrenak sendabelarretan aurkitu ditugu. Hori ez da harritzekoa, zeren sendabelarrak farmageologikoki indartsuak diren substantziak dituzte, eraginkorrak izan daitezkeenak, baina baita kaltegarriak ere. Esaterako, belar dendetan eros ditzakegun sendabelarren artean santio belarra eraginkorra da zenbait baldintzetan. Ikerketek frogatu dutenez, santio belarra eraginkorra izan daiteke depresio arin edo ertainak sendatzeko.
Beraz, arriskutsuak izan daitezke medikuntza alternatiboko zenbait sendagai?
Zenbait erremedio alternatibo kaltegarriak dira. Jendeak naturala den guztia onuragarria dela barneratua du, eta hori ez da hala. Adibidez, oso hedatua dagoen praktika kiropraktika da, eta ez da beti arrisku gabea. Lepoa manipulatzen bada, burmuinari eragiten dion arteria bat kaltetu daiteke, eta hiltzeko arriskua dago. Kiropraktikaren eraginez kaltetu den jendearen 700 kasu inguru daude. Izozmendiaren punta besterik ez da hori, askoz ere kasu geahigo egongo bailirateke.
Zergatik du orduan horren ospe ona medikuntza alternatiboak?
Arrazoi eta egoera asko daude. Gaixotasunik ez eta bakarrik osasunari eutsi nahi diotenak daude, edo artritis bezalako gaixotasun kronikoa dutenak, medikuntza orokorrak oraingoz eraginkorki artatzen ez duena. Hilurreneko gaixotasun batek, minbiziak esaterako, beste gauzak probatzera bultza dezake. Jendeak arrazoi asko izan ditzake, baina uste bada tratamendu horiek eraginkorrak direla, hedabide eta kazetarien errua da. Interneten eta emakumeen aldizkarietan —emakumeak dira sendagai mota horiek gehien erabiltzen dituztenak—jendeak iritzi okerra edukitzera bultzatzen duten artikulu asko daude. Askok uste dute medikuntza alternatiboak albo ondorioak ez dituela, eta ez da egia.
Medikuntza alternatiboa kontzeptu bezala existitzen dela esango al zenuke?
Askotan esan da sendagaiak funtzionatzen badu medikuntza dela, eta horrela ez bada ez dela medikuntza. Hori, printzipioz, horrela da. Baina santio belarraren kasua aztertzen badugu, herrialde askotako medikuek ez dute erabiltzen sendagai gisa. Zergatik? Denbora asko eskatzen duelako medikuentzako barneratzea eraginkorra dela. Beharbada, beste motako interesak egongo dira, farmazia industriaren eragina, kasu. Farmazia industriak ez baitauka interesik lehia horretan sartzeko. Badaude eraginkorrak diren eta alternatiboak diren sendagaiak, eta medikuntza orokorreko sendagaiak bihurtu beharko lirateke. Nire helburua, baita liburuarena ere, tratamendu horiek medikuntza orokorrak aintzat hartzea da.
Charles printzeari eskaini diozu liburua. Zer dela eta?
Sarkastikoki eskaini diogu liburua. Erresuma Batuan sendagai alternatiboen sustatzaile oso boteretsua da Charles printzea. Liburu batean esan zuen froga gehiago behar zirela, eta guk froga horiek eman nahi izan dizkiogu. Orain badauzka frogak, eta iritziz aldatu behar luke, baina ez da horrela.
Nola jakin dezake paziente batek eman zaion sendagaia eraginkorra den ala ez?
Liburua irakurri beharko du horretarako.
Edzard Ernst. Medikuntzan doktorea
«Behar bezalako medikuntzak pisuzko frogak izan behar ditu»
Medikuntza alternatiboko lehenengotariko irakaslea da Ernst, eta medikuntza mota horren onurak eta arriskuak aztertu ditu berriki Elhuyar Fundazioak euskaratu duen liburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu