Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Emilio Ipinza. Manuel Iradier abesbatzako zuzendaria

«Behin bakarrik jantzi dut blusa, eta berehala kendu nuen; ez zen niretzat»

Gasteizko jaietako ekitaldi nagusietan aritzen da kantuan Manuel Iraider abesbatza; aurtengo pregoia ere eman dute, eta Ipinza zuzendariak «malkotan» amaitu zuen, «erabat hunkituta».

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
50 urte bete ditu aurten Manuel Iradier abesbatzak. Omenaldi askoren artean, jaietako pregoia esateko aukeratu zuten. Ekitaldia Emilio Ipinzari, abesbatzako sortzaile eta zuzendariari (Gasteiz, 1933), gorazarre egiteko baliatu zuten, gainera.

Pentsatzen dut jende askok zorionduko zuela abesbatza egindako pregoiarengatik. Zuretzat ere hunkigarria izango zen, ezta?

Dena isilpean gorde didate. Udal Bandako eta abesbatzako inork ez zidan ezer aurreratu. Nik bakarrik abesti bat entseatu nuen, baina ez nekien azkenean zuzendu ere egingo nuenik. Alkatearekin eta udalbatzarekin atera nintzen udaletxetik, eseri, eta hasi bezain pronto, sekulako ezustea hartu nuen.

Pregoia abesbatzako bost kideren artean banatuta egin zen, musika eta abestiekin lagunduta. Ongi landuta.

Pregoilari izana nintzen, neu bakarrik, baina ez du zerikusirik. Ikuskizunak aurrera egin ahala, malkotan hasi nintzen. Entzun ziren abesti guztiak eman izan ditugu, baina ikuskizuna eta asmatutakoa ez nituen espero. Hunkigarria, dudarik gabe.

Abesbatzak lotura handia du jaiekin. Urtero hainbat ekitalditan aritzen zarete kantuan.

Zeledon jaitsi ondoren, bezperak amaitzen direnean, Andre Mari Zuriaren aurrean elkartzen gara abesbatzakoak. Han Ave Maria eta beste abestiren bat kantatu, eta uste dut Ama Birjinari lore eskaintza egiten dioten lehenbizikoak garela. Hori abesbatza sortu zenetik egin dugu, orain dela 50 urtetik. Abuztuaren 5eko mezan ere abesten dugu.

Zeure kasa ere beste egunen batean ere aritzen zara kantuan.

Blusa beteranoaren egunean izan ohi da. Ez goaz Manuel Iradier abesbatzarekin, baizik eta hirugarren adineko ikasgeletako lagunekin. Abesti batzuk elkarrekin kantatu, eta ondo izaten gara.

Urrezko Zeledon duzu, Arabako Urrezko Domina, orain berriro ere pregoian omendu zaituzte. Zein omenaldik egin dizu ilusio handiena?

Beti esaten dut niretzat gogokoena ez zela hemengo bat izan. Aita santuak domina eman zidanean izan zen. Sinestuna izan edo ez, oso zirraragarria izan zen.

Musikari lotuta daramazu bizitza guztia. Pentsatu al duzu inoiz uztea?

Sei urte nituenetik musika dena izan da niretzat. Abesbatzako lagunek esaten duten gisara, 50 urte egin eta gero, zergatik ez dugu jarraituko? Ikusten dudanean buruak ez didala ematen, akaso, baina ez daramat oso bizitza kaskarra, eta jarraituko dugu.

Nola gogoratzen dituzu gazte garaiko jaiak. Inoiz izan zara blusa, edo nahi izan duzu?

Ez naiz blusa izan. Tira, behin bakarrik jantzi nuen blusa, beteranoen kuadrillarekin. Blusaz jantzi, abesbatzarekin kantatu genuen Plaza Berrian, eta kaletik dantzan eta saltoka ateratzeko unea iritsi zenean esan nuen: ezin dut! Blusa segituan kendu nuen. Ez da niretzako gauza bat. Blusa sentitu behar duzun zerbait da. Ez bada horrela, gaizki.

Orain, festak ezin ditugu musikarik gabe ulertu. Beti izan da horrela?

Bizitza aldatuz doa. Hori da legea. Nire gazte garaian, blusa guztiak goizeko bederatzietarako prest zeuden, eta Dato kalean gora eta behera ibiltzen ziren. Arratsaldean, zezenketatik bueltatu ondoren, sakabanatzen ziren. Gauez ez zenuen bat bera ere ikusten. Orain, alderantziz. Beranduago kalera, eta gauez gehiago egoten dira.

Jaietako antzinako kroniken arabera, beti zen polemikoa dunbalaren erabilera. Batzuek debekatu eta guzti nahi zituzten, beste musika tresna bat baino ez bada ere.

Gogoan dut, baina kuadrilletan dunbalak eramaten du benetan erritmoa. Besteek jotzen dute, baina dunbala ezinbestekoa da. Gero baziren blusa azkarrak ere. Dantzan eta saltoka ibiltzea oso nekeza zenez, dunbala hartu eta lasaiago egoten ziren.

Debekatu ez da egin, baina txistuaren soinua geroz eta gutxiago entzuten da blusa eta neska kuadrilletan. Denek txarangaren alde egin dute.

Lehen, dena txistulariekin egiten zen. Sumatzen dut txistuaren falta, sentimenduagatik akaso, baina ulertzen dut alaiagoa dela txaranga. Txistuarekin beti ibili behar duzu horren konpasaren menpe, eta txarangetan blusa da animoa ematen duena.

Festetan kontzertuz kontzertu aritzen diren horietakoa zara?

Ez, orain ez. Beti musikarekin bueltaka egon ondoren, pentsatu behar izaten dut zein kontzertuk merezi duen. Gainera, abesbatzarekin asko egitenditut, 30 edo gehiago urtero. Bada nahikoa.

Zein kantu da, zeure ustez, Gasteizko jaietako kantu nagusia?

Zeledonen kalejira da, inolako zalantzarik gabe. Manuel Iradier abesbatzarekin grabatuta dugu, ahots soilekin. Abestiaren goraldia ikaragarria da.

Ezin zaitut imajinatu udako abestiaren erritmora dantzatzen. Baina, abestu eta abesbatza zuzentzeaz gain, dantzari ere aritu zara?

Dantzatu bai, baina niri dantza lotuan aritzea gustatu zait beti. Badakizu, adina. Euskal dantzekin saiatu nintzen gaztetan, baina berehala ateratzen nintzen, barregarri geratzen ari nintzelakoan. Beste era batekoak gara, baina ikusle gisa gustukoak ditut.

Zer gustatzen zaizu gehien Gasteizko jaietatik?

Gazte ginenean, ez ginen kalean dantzan arituko, baina Floridako dantzaldian ohikoak ginen. Dena den, nire anaiak bihurriagoak izan dira, blusak ere bai, baina akaso ni jasotako heziketak baldintzatuko ninduen.

Non aurkituko zaitugu hilaren 4tik 9ra?

Orain txoko askotatik ibiltzen gara, familiarekin. Hara-hona ibili ohi naiz, kalean gertatzen denari adi. Blusen zezenetarako joan-etorria beti ikusi izan dut. Eutsi zaio, baina ez da lehengoa.

Zezenzalea zara?

Inoiz joan naiz. Gogoan dut kuadrillek bosgarren tendidua osorik okupatzen zutenean. Bestelako ikuskizun bat zen. Aita oso zezenzalea nuen. Plazan ere bazuen ogibidea. Baina ni ez ninduen sekula erakarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.