Beirazko artelanak bisitatzen

Bilboko beirate artistikoak ezagutzeko bisita gidatuak antolatu ditu Bilbaohistoricok. Atzo egin zuten lehenengoa, eta bilbotar asko elkartu ziren. Datorren larunbatean ere bisita bera egiteko aukera egongo da.

Erriberako merkatuko beiratea art déco estilokoa da, eta erabilitako beira, industriala. LUIS JUREGIALTZO/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Garai eta egile ezberdinen kristalezko artelanen mundura hurbilpen bat egiteko aukera ezin hobea izan zen atzo, Bilbaohistoricoren eskutik, Bilboko beirateak ezagutzeko bisita egin baitzuten hirian zehar. Bilbotarrek ez zuten hutsik egin. 50 bat lagun elkartu ziren hiriko altxor diren beirateak ikusi eta haien inguruko informazioa entzuteko. Antolatzaileen berbetan, «beirateen mundu magikoa bisitatu eta hiria beirateen kristalezko koloreetatik ikusteko da bisita». Datorren larunbatean ere egingo dute beste bisitaldi bat.

Goizeko hamaika eta erdietan bildu ziren, BilbokoBerreginen Museoan. Bertako beirateak aztertuz hasi zuten ibilaldia. Hasteko, Paula Monica Betanzos bisita gidaria beirateen jatorriaz, garapenaz eta garrantziaz mintzatu zen. Beirate artistikoak zaharberritzen dituen artista da Betanzos, eta Vidrieras de Bilbao liburuaren egilea. Azaldu zuenez, Bilboko beirate gehienak neogotikoak dira. XIX. mende amaierako beirateak daude Berreginen Museoan, 1890eko hamarkadakoak. Gustave Luis Dhuamel normandiarraren maisulanak dira, haren aro emankorrenekoak, eta Betanzosen ustez, hori igartzen da. «Erabat marrazketa teknikoa da; irudi guztiak oso ondo definituta daude. Estiloari dagokionez, gotiko figuratiboa eta gotiko mistoa uztartzen dira». Gainera, gogorarazi zuen egun kolorezko beirateak eros litezkeen arren garai hartan artistek eurek margotzen zituztela. Bitxikeria moduan, esan zuen argindarra jarri zutenean egilearen sinadura eta data dituen zatia apurtu zutela.

Berreginen Museotik irten eta Erriberako merkatura abiatu ziren, eguzkipean. 1929an zabaldu zuten, eta bertako beirateak art déco estilokoak dira. «Beira industriala da hemengoa», zehaztu zuen. Pedro Ispizua arkitektoak diseinatu zuen. Hark azokako bizimodua islatu zuen beirateetan, fruta, barazki eta bestelako jakiez osaturik baitaude.

Familian zein lagun artean, denak adi zeuden gidariaren azalpenak entzuten. Batzuk argazki kamerarekin zebiltzan, eta baten bat largabistarekin zebilen beiren xehetasunak ondo ikusteko. Tartean zen Teresa Ormaetxea: «Beirateak ikusgarriak dira zinez. Ez dakigu inguruan zer-nolako altxorrak dauzkagun; normalean, oharkabean pasatzen zaizkigu». Bisita interesgarria zela nabarmendu zuen: «Hiriaren bilakaera ezagutzeko beste modu bat da». Juan Intxausti ere han zebilen. «Aberasgarria da; kultur ondare oro da interesgarria». Asteazkenean, beirateei buruz Betanzosek emandako ikastaroan egon zen: «Beirate motak erakutsi zizkigun eta mozteko ere ekarri zituen, baina inor ez zen ausartu, eta Betanzosek egin zigun erakustaldia». Hurrengo asteazkenean ere ikastaroa egingo dute Berreginen Museoan.

Erribera bisitatu ostean, Barrenkalen egin zuten hurrengo geldialdia. Aspaldian Luciano Jatetxea izandakoaren beirateak ikusteko. «Balio handia dute; sormen aldetik oso ederrak dira. Ez dakit ziur autorea nor zen, baina ikusten denagatik baieztatu liteke filosofia atsegin zuela». Zuri-beltzeko hiria irudikatzen du beirateak. Bilboko beste beirate batzuen aldean, ez dago oso egoera onean. «Berreginen Museokoak eta Erriberakoak, esaterako, zaharberrituta daude; honako hau, ez. Garrantzitsua da beirateak zaindu eta mantentze lana egitea, baina askotan ezinezkoa izaten da, diru asko kostatzen delako».

Barrenkaletik Santiago katedralera bidean, elurra ere bidelagun izan zuten bilbotarrek. Katedral barrura sartu eta Bordeleko Dagrant artistaren beirate izugarriei so denak. Bi fasetan eginak zirela esan zuen Betanzosek; 1860ko eta 1890eko hamarkadetan. Kalera irten, eta elurra mara-mara. Horrela, elurraren konpainiarekin, Bidebarrietako liburutegira heldu ziren. Bertan beirate asko daude, denak ikusgarriak. 1.890. urtean Flandriatik ekarritakoak direla badakite; egilea, baina, ezezaguna da. Bidebarrietatik Areatza pasatu eta La Bilbaina elkartera joan ziren. Elkarte pribatua da, baina sartu ahal izan ziren. Aurten beteko du mendeurrena.

Gero, hiriko «beirate ezagunena» bisitatu zuten: Abandoko tren geltokikoa. 250 metro karratu ingurukoa da, eta 1948. urtean egina. Besteak beste, baserritarrak, zestalariak, arraunlariak eta meatzariak ageri dira: «Landa eremuko Bizkaia irudikatzen du». Ibilaldia amaitzeko, Iruña kafetegira joan ziren; Bilboko zaharrenetariko da, 1903an irekia. Han, Betanzosen liburua eskuratu zuten askok. «Irratian entzun nuenetik erosi nahi nuen», esan zuen Begoña Telleriak. Ordu eta erdiko ibilaldiaren ostean, ikusitako beirateez berriketan bukatu zuten bisita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.