Bela oihalak altzari

Bazterrean utzitako belaontzietako oihalekin altzariak egiten ditu Iruñeko Kahle Oiza Arauzo arkitektura estudioak, eta lan horregatik diseinu sari bat jaso berri dute Italian.

Kahle Oiza Arauzo arkitektura estudioan altzariak egiteko erabiltzen dituzte belaontzien oihalak. Argazkian, hiru puff. ENRIQUE KAHLE.
Iruñea
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Belaontzietako oihalek beste bizi bat dutela erakutsi dute Enrique Kahle arkitektoak eta haren taldeak. Nabigatzeko baliagarriak ez eta, ahaztuta, bazterrean utzitako belak birziklatu eta altzariak egiteko erabiltzen dituzte Dvelas egitasmoarekin. Aulkiak, etzaulkiak eta puff-ak egiten dituzte Iruñean duten lantokian. Belekin egindako altzari bildumagatik, gainera, sari bat jaso berri dute Comoko lakuan (Italian). Belaontzien oihalak birziklatzen eta eserlekuak egiten bakarrak dira munduan.

Itsasoan nabigatzeko afizioak eraman zuen belaontzietako oihalen balioaz ohartzera Enrique Kahle arkitektoa (Donostia, 1968). «Oso material erakargarria da, eta ugari dago. Belaontzietako oihalak maiz aldatzen dira; hautsi, eta ez dira aldatzen, baztertu eta bota baizik». Hori ikusirik, material horrekin zerbait egin behar zela pentsatu zuen. Ideia horrekin buelta eta buelta ibili, eta oihal horiei beste bizi bat ematea otu zitzaien; horrela, altzariak egiteari ekin zion. Baina emaitza talde lana izan da. Kahlek beste hiru bazkide ditu bidelagun proiektuan: Irungo (Gipuzkoa) JTX Sails lantegiko jabea —belaontzietako oihalak egiten dituzte—, diseinatzaile grafiko bat eta haren arreba, arkitektoa hura ere.

Materialak altzarian jarraitzea

Iruñeko Arrosadiko auzoan duten lantokian egiten dituzte altzariak. Munduko hainbat portutan aurkitzen dute materiala. Behin Iruñera ekarrita, lantokian zatitu eta garbitu egiten dute. Diseinatu eta gero altzari bilakatzeko. Aulkiak, itzala ematen duten etzaulkiak eta puff-ak egiten dituzte, batik bat. Bela mota asko daude, baina dakron poliesterrez egindako oihala erabiltzen dute gehien. «Bela orok balio digu, hautsiak daudenek ere bai. Baina bereziki baliagarriak zaizkigu koloredunak eta marka bereziak dituztenak», azaldu du Kahlek.

Bela baten diseinuaren kontzeptua altzarira eramaten saiatu dira. «Garrantzia ematen diogu materialak lanean jarraitzeari. Ez dira tapizeria, forru edo oihal soil baten modukoak; oihalak tentsioan jarraitzen du, egoera berrira egokitzen da, eta moldatzen doa belaontzian belak egiten duen moduan». Birziklatze lan horretan, eta nabigazioaren espiritua ahaztu gabe, belaontziko bizitza altzarira eramaten saiatu dira. «Belaontzi baten moduan pentsatzen saiatzen naiz egiten ditugun altzarien diseinuei ikuspuntu berri bat emateko». Izan ere, belaontzietan bezala, hainbat portutan biltzen dituzten oihalek aurreko bizitzaren «markak» dituzte, eta horiek ere tokia behar izaten dute altzarietan. «Joskerak, zenbakiak, arrastoak dituzte belek, eta horiek ere uztartu behar dira altzarian».

Duela hiru urte hasi ziren Dvelas proiektuarekin, eta gero eta lan gehiago egiten dute. Altzariak ez eze, espazioak banatzeko errezel handiak ere egin izan dituzte, eta belen mosketoiekin jantziak zintzilikatzeko esekilekuak. Italian joan den larunbatean jaso zuten sariak egiten duten lana hobe ezagutzeko balioko duela uste du Kahlek. «Aitzakia ona da jendeak gu ezagutzeko. Produktua ezagutzen dutenean, erakargarria iruditzen zaio jendeari. Xumea da, baina originala». Euskal Herrian eta atzerrian saltzen dute, sarearen bidez edo zenbait salmenta puntutan. Egitasmoaren berri jakin nahi duenak www.dvelas.com helbidera jo dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.