Osasuna. Medikuntza

Belauneko mina arintzeko

Lau pertsona heldutik batek arazoak dauzka belaunetan. Belaunak ezinbestekoak dira gorputzaren mugimendua eta egonkortasuna bermatzeko, eta, belauneko mina saihesteko, indartu egin beharko genituzke, eta alferrik behartzen dituzten ohitura txarrak uzten saiatu.

Igeriketa kirol egokia izan daiteke belaunentzat. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2013ko azaroaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Belaunak dira gure gorputzeko giltzadurarik handienak, baita estatistiketan arazorik gehien ekartzen dituztenak ere. Aski konplexua da gorputzaren pisuari eusteko eta mugitzeko gaitasuna errazteko bereziki diseinatuak dauden artikulazio horien egitura: belaunean lotzen diren hiru hezurrekin batera (tibia, izterrezurra eta errotula dira), beste hainbat elementu ere hartu behar dira kontuan, lotailuak, meniskoak, muskuluak, eta abar. Eta egitura horiek goitik behera aldrebestu eta desorekatu daitezke lesiorik txikienaren eraginez.

Zein izan daiteke belauneko minaren arrazoia?

Mina sortzeko arrazoiak asko eta diferenteak izan daitezkeen arren, normalean traumatismoek (kolpe, bihurritu eta gainerakoek) eta endekapen edo degenerazioek hartzen dituzte kasurik gehienak.

Artrosia. Zona honetako hezurrak babesten dituen kartilagoa higatu egiten da (belauneko higadura esaten zaio). Eskailerak igo edo jaistean, baita eserita denbora puska bat eman ondoren jaikitzen saiatzean ere agertzen da mina. Mugimenduarekin, ordea, mina eta zurruntasuna nabarmen murrizten dira. Molestiak oso ezgaitzaileak direnean, beharrezkoa izan liteke artikulazioa protesi batekin ordeztea.

Artritisa. Giltzadurako kartilagoak estaltzen dituen mintz sinobialaren inflamazioa edo hantura gertatzen da.

Tendinitisa. Kolpe batek edo bat-bateko mugimendu bortitz batek eragindako urradurak, edo baita kirola egitean edo lanbide jakin batzuetan artikulazioa etengabe eta gehiegi erabiltzeak dakarren higadurak tendoietan sortzen duen hantura. Kasu hauetan mina konstantea da, etenik gabea, zorrotza eta sarkorra (hezurreraino sartzen dela dirudi).

Lotailuen Lesioa. Bihurritu, kolpe edo bestelako trauma baten ondorioz ere honda edo mindu daitezke belauneko lotailuak. Lesio horien sintoma nagusia min gogorra izaten da, baita artikulazioa atsedenean dagoela ere, belauna tolestean edo ibiltzean areagotzen dena. Giltzadura handitua eta bero-bero dago.

Meniskoa Haustea. Zenbait kiroletan (futbolean, esaterako) ohikoak diren mugimendu bizkorrak eta bat-batekoak egitean gertatzen da. Minaz gain, karraska-hotsak entzuten dira, hantura eta batzuetan baita artikulazioaren blokeoa ere.

Ohitura egokiak

Edozein dela ere belauneko minaren jatorria, hurrengo aholkuek zure bizi-kalitatea nabarmen hobetzen lagunduko dizute:

Zapatak: Oinetako egokiak ez du izan behar ez lauegia, ezta altuegia ere (altuera gehienekoa 4 cm da). Neurrizko kuña edo plataforma duten zapatek banatzen dute ondoen gorputzaren pisua artikulazioa behartu gabe.

Saihestu gainpisua: Gehiegizko kiloek giltzaduren gainkarga dakarte, eta molestia horiek guztiak areagotu egiten dira.

Eser zaitez ondo: Eserita zaudenean, dela etxean dela lanean, saia zaitez aldaka belaunen mailaz azpitik gera ez dadin. Horixe gertatzen da, adibidez, sofa edo besaulki bigunegietan.

Kontrola itzazu postura txarrak: Denbora luzean postura berean egotea, eskailerak maiz igo eta jaistea, kokoriko jartzea, eta desnibel edo gorabehera handiko terrenoetan barrena ibiltzea saihestu behar dira, mugimendu horiek guztiek premiarik gabe behartzen baitituzte belaunak.

Ariketa, neurrian

Kirolak muskulatura indartzen eta bizkortasuna lortzen laguntzen du, baina, ez bada modu egokian egiten, lesioak sor ditzake eta lehendik dauden degenerazio-prozesuak areagotu egingo dira. Inoiz gerta daitezkeen kalte posible horiek saihesteko, kirola modu progresiboan egitea komeni da, artikulazioak esfortzura pixkanaka egokitu daitezen. Horrez gain, garrantzi handikoa da ariketa egin aurretik eta ondoren ere berotze-ariketak eta luzatzeak edo tiramenduak egitea.

Kirolak. Ondorengoak dira belaunentzako egokienak: aquagym, igeriketa (belaunak ez tolesteko, ahal izanez gero zangoen artean flotagailu bat jarriz), Pilates ariketak eta bizikleta estatikoa nahiz paseatzekoa, terreno lauetan ibiliz gero betiere.

Gimnastika, etxean. Badira belaunak indartzeko eta lesioak saihesteko egunero-egunero etxean egiteko moduko ariketa errazak. Adibidez, ohe gainean etzanda, hanka bat tolestuta eta bestea luzatuta daudela, jaso ezazu luzatuta dagoen zangoa erdi pareraino, eutsi hor segundo batzuetan eta itzuli hasierako posiziora. Errepikatu zenbait aldiz hanka bakoitzarekin.

Molestiak gutxitzeko

Aholku eta gomendio guztien gainetik ere, sarritan minak eta inflamazioek hor jarraituko dute zoritxarrez. Etxean erabiltzeko moduko erremedioak dauzkazu jarraian.

Medikazioa. Mina handia baldin bada, antiinflamatorioak aginduko dizkizu espezialistak (ibuprofenoa, parazetamola, aspirina edo naproxenoa erabiltzen dira gehienbat), mina arintzeko eta hantura jaisteko.

Kremak. Mindutako belaunak lidokaina, kapsizina, eta antzekosubstantziak dauzkaten krema analgesikoekin igurztea ere baliagarria izan daiteke.

Izotza Erabiltzea. Hotzak mina eta inflamazioa murrizten dituenez, oso egokia izan daiteke lesioa gertatu berritan (kronikoetan, ordea, ez du askorik balio). Etxeko erremedio moduan, izotza erabil daiteke (baina sekula ez zuzenean, oihal edo zapi batean bilduta baizik) edo baita izozkailutik ateratako ilar edo barazki-poltsa bat ere. Ez da komeni hotza 20 minutuan bainogehiagoan erabiltzea; horregatik, 15-20 minutuko txandak gomendatzen dira, 4-6 orduz behin, baina bost egunez jarraian gehienez ere.

Atsedena. Erasandako artikulazioaren atsedenak suspertzeko beharrezkoa den denbora laburtu dezake. Hala ere, ez da gomendatzen atsedena egun pare batetik gora luzatzea.

Bendak. Zenbait kasutan, benda bat jartzeak mindutako belaunean likido-pilaketei aurrea hartzen lagunduko du. Bendak artikulazioa presionatu behar du, baina zirkulazioa eragotzi gabe. Belaun-babesak ere erabil daitezke, giltzadurari egonkortasun gehiago emateko eta mugimendu kaltegarriak saihesteko.

Hanka gora jasotzea. Hantura saihesteko, komeni da minutu batzuetan belaun mindua kuxin baten gainean bermatzea, edo baita besaulki etzangarri batean esertzea ere, hanka horri beti bestea baino gorago eutsiz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.