Mikel Lizarralde Goenaga

«Beldurrak bultzatuta ez nuen ezberdina izan nahi»

Urretxun jaioa da, eta Counselling terapeutikoan lizentziatua. 2005ean Kanadako mediumik onenaren saria jaso zuen. Donostiako K'an Li txoko magikoan dihardu.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Tarotaren jakitun, igarle eta mediuma era bada Lizarralde. Intuizio handiko pertsona da, eta umetatik izan ditu etorkizun sen eta begitazioak.

Umea zinela ohartu zinen besteek ikusten eta sentitzen ez zituzten gauzak bizitzeko dohaina zenuela; baina beldurrak eraginda, ahazten ahalegindu zinen. Baina hori lor al daiteke?

Beldurrak bakarrik ez, inguruan nituenen ezjakintasunak bultzatuta ere bai. Ezjakintasunak erreakzio asko eragin ditzake, eta ustez guztiek ikusten eta sentitzen dutena benetan zeuk bakarrik sentitzen duzula ohartzea ez da erraza. Zure bizitzan horrek hor jarraitzen du; eta bultzaka, gainera. Ez nuen ezberdina izan nahi.

Kazetaritza ikasketak egiten hasi zinen, baina ez zenuen bukatu. Ez al zintuen asebetetzen?

Kazetaritzan gogo handiz hasi nintzen; gehiegi, agian. Banekien jendearekin lan egin nahi nuela, eta pertsonei lagundu, baina ez nekien nola. Garai hartan oso galduta nenbilen. Karrera hasterako, Arrasate Irratian saio bat aurkezten hasi nintzen. Berehala etorri zitzaidan Arrasate telebistarako aukera, eta uste dut erre egin nintzela. Asetzen ninduen arren, saturatu egin nintzen. Nire bizitzako aldaketak zirela medio, Donostian amaitu nuen. Ingalaterra edo Eskoziara joatea pentsatu nuen, baina ez nintzen ausartu; eta azkenean, begira, Kanadara joan nintzen bi urterako!

Egunero kontsulta gehiago eskaintzea nahiko zenuke. Hain handia al da energia galerak sortzen dizun nekea?

Nahiko nuke, baina ezinezkoa da oraingoz; denok dugu muga bat. Gizakiak gara, eta oreka bat behar dugu. Ez da sanoa, eta nekea oso handia izan daiteke, nire kasuan. Asko zaindu behar dugu geure burua, benetan. Kontu izan behar dugu pertsonekin, pertsonen sentimenduekin eta esperantzekin gabiltzala; sarritan, oso kasu gogorrekin, gainera. Terapeuta on orok bezala, enpatia izan behar da; denbora guztian beraien sentimenduak nireganatzen jarduten dut, eta oso nekagarria da.

Umetan bakarrik hitz egiten aritzen omen zinen, ingurukoen ustez. Zuk, ordea, zure aldamenean jendea ikusten zenuen, ezta?

Bai, beti nuen jendea inguruan. Batzuetan, ezagutzen ez nituenak ziren; eta ezagutzen ez nuena ere sentimendu eta emozioekin berehala atzematen nuen senitarteko bat zela. Nire sendiari kontatzen nioenean, berehala jakiten zuten zeini buruz ari nintzen. Inoiz ez nengoen bakarrik, eta sarritan laguntza eske edota zerbait iragarriz zetoztenak izaten ziren.

Zer izan da zuretzat Marilyn Rossner?

Marilyn nire izeba kanadiarra da; horrela aurkezten nau berak, eta, egia esan, konexioa oso-oso sakona eta ona da. Asko hitz egiten dugu, posta elektronikoz eta telefonoz; inoiz izan zezakeen semerik onena naizela dio. Ate handi bat ireki zidan, eta berari esker zentzua aurkitu nion nire bizitzari, lasaitasun eta heldutasun sakona. Haren maitasuna eta hasieratik nigan ikusi zuen potentzialtasunak nire bizitza betiko aldatu zuen. Zoragarria!

Anjel Duhalderen kantu batek hala dio: inor ez mintzearren, isilduko banintz.

Askotan isildu naiz, batez ere familiakoa ez denean. Batzuek, kontsultara etortzean, dena esatea nahi dute. Beste batzuek nahiago dute ez jakin, eta ni kontu handiz saiatzen naiz, baina gertukoekin ezberdina da. Sarritan, arazoak dituen norbaiti nola lagundu ere ikusten dut, baina ez dute entzun nahi, ez daude entzuteko prest... beraz, isildu beste erremediorik ez dut.

Zortzi hilabeteko itxaron zerrenda omen duzu.

Gehiago ere bai, baina ez dut lotsatu nahi. Gehienak urtero etortzen dira, eta asko arazo edo jakin-minen bat dutenean. Gehienek sarriagotan etorri nahi izaten dute, baina ez diet uzten, sei hilabetez bederen. Erabakiak beste norbaiten esku uztea ez da sanoa. Gu orientatzeko gaude, baina mendekotasuna ere sor dezake. Oso erraza da ardura pertsonalik hartu nahi ez izatea. Erabaki garrantzitsuekin mugak jartzen lagundu behar diegu beharra duten horiei.

Marilyn Rossnerri entzuna da premonizioa edo bihozkada eta profezia edo iragarpena ezberdinak direla, eta egoera batzuk ezin omen dira aldatu. Tenerifen bi hegazkinek elkar joko zutela behin eta berriz aurrikusi omen zuen, baina ezin omen zuen ezer egin.

Hala da. Patuaren zati batzuk alda ditzakegu, baina beste batzuk ez. Koloreztatzeko liburu horietan bezala: orri batzuk margotuta daude, eta beste batzuk zuk margotzeko dira. Horrelakoetan, agintariek ez digute inoiz kasurik egiten, gainera.

Euskal Herriak erabateko independentzia lortzen ez badu ere, 2022. urtea izango al da garai erabakigarria? Oraingoak ez al du balio?

Bai. Euskal Herriak 2022. eta 2025. urte bitartean izango du aldaketa erabakigarri eta sakona... sustraietatik irtengo dena, baina independentzia osoa ez. Oraingoan borondatea benetakoa da, baina alderdi batek bakarrik ezin du lan egin bakea lortzeko; gobernuaren aldetik eta, batez ere, nazioartetik ez dago egiazko borondaterik. Barkatuko didazu politikari buruz ez luzatzea, politikariek esaten ez dutena agerian utzi eta gero ez baikaituzte argitaratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.