Host. Edo, euskaraz, ostalari edota apopilo. Hala du izena datorren ostiralean Hego Euskal Herrian estreinakoz ikusi ahal izango den ekoizpen luzeak. Beldurraren eta fantasiaren generoak nahasten ditu, eta Rob Savage zuzendariak sortu eta zuzendu du. Genero ugariren nahasmena bada ere, beldurra da nagusi Host filmean, eta, mamiari dagokionez, egun muga guztiak gainditu dituen hainbat gai hartu ditu abiapuntu: koronabirusa, berrogeialdia eta Internet bidezko komunikazio sareak, besteak beste.
Pandemiaren hedapen betean, itxialdian dira herritar guztiak. Tartean dira filmean ageri diren sei pertsonaia nagusiak: lagun talde bat, bakoitza bere etxean, pandemiaren ondorioz indarrean jarritako neurriak betetzen. Ezin dira kalera irten, ezta lagunekin edo familiarekin bildu ere, eta, testuinguru arraroak eraginda, aurretiaz esploratu ez dituzten komunikazio bideak probatuko dituzte.
Zoom da komunikazio tresna horietako bat. Hodei birtualean oinarritutako bideokonferentzia zerbitzu bat da, eta beste pertsona batzuekin birtualki elkartzeko erabiltzen da. Hain justu, tresna hori erabiliz komunikatzen dira pertsonaiak, eta, bideo dei birtual horietako batean, espiritismo saio bat egiten dute. Erabaki hori uste baino arriskutsuagoa suertatuko da sei lagunentzat, esperientzia izugarriak biziaraziko baitizkie. Espiritu ilun eta maltzur bat haien etxeetara sartuko da, eta espiritu gaiztoaz nola libratu deskubritu beharko dute.
Berezitasun andana
Shudder plataforma digitalean estreinatu dute filma lehenbizi, Erresuma Batuan. Berezitasun ugari ditu ekoizpenak, bai iraupen aldetik, bai ezaugarri teknikoen eta estetikoen aldetik, baita narratibaren ikuspegitik ere. Iraupenari begira, adibidez, nabarmentzeko ezaugarri bat da film nahiko laburra dela; izan ere, 55 minutu inguru irauten ditu. Ezaugarri teknikoei eta estetikoei dagokienez, bestalde, bideodei baten itxura berbera du. Lagunen elkarrizketa guztiak karratuetan bereizita zinemaratu dituzte,Zoom plataformaren lerro bisuala ri jarraituz.
Hain zuzen, zuzendariak bideo dei formatu horretan landu zuen aktoreekin izan zuen harremana. Lanketa handia egin behar izan zuten grabazioa baino lehenago, interpretazioaz gain antzezleak arduratu baitziren eszenografiaz eta inguruaren argiztapenaz ere. Hala, aurrekontu oso apalarekin ekoitzi dute filma, eta hamabi astean grabatu dute.
Emaitzari begira, ez dirudi apaindura gehiegizkorik duenik, baina baditu beldurrezko filmen zutabe garrantzitsu diren hainbat efektu berezi. Zenbait kritikarien hitzetan, batzuetan Paranormal Activity, Rec, Searching edota Eliminado: Dark Web izeneko filmen itxura hartzen du, baina erreferentziak soilik dira. Iturri esanguratsuak dira Rob Savagen ibilbidean: gaurdaino hemezortzi lanetik gora egin ditu, gehienakbeldurraren generokoak
'HOST'
Zuzendaria. Rob Savage.
Aktoreak. Haley Bishop, Radina Drandova, Edward Linard, Jemma Moore, Caroline Ward, Emma Louise Webb, Alan Emrys.
Herrialdea. Erresuma Batua.
Urtea. 2020.
Iraupena. 55 minutu.
Generoa. Beldurra, fantasia.
Datorren ostiralean estreinatuko da Hego Euskal Herriko zinema aretoetan.
Datorren asteko estreinaldiak
Beldurren sarean harrapatuta
Rob Savage zinemagileak pandemia garaian girotutako film bat egin du. Beldurrezko eta fantasiazko ekoizpen bat da, eta lagun talde baten espiritismo saio birtual bat du oinarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu