Komunikazioa. Ekografiak

Beldurrez

Jokin Labaien.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Ai Murphy... ai zure legea... Hondoa jo genuela uste, eta atzo azaldutako sentipenaren antzekoa sentitzen dut gaur. Arriskutsuak dira anaia kontuak. Gran Hermano eta haren katearekin gutxi ez, eta Cuatroko Hermano mayor itzuli da. Hirugarren denboraldiako atal berria izan zen ostiralean.

20 urteko neska bat eta haren gurasoak izan ziren sail berriko protagonistak. Ez dakit emanaldiak inor beldurtu eta amorratu zuen. Baietz pentsatu nahi dut. Hala ez bada, akabo. Izan ere, saioko arduradunek baieztatzen duten bezala familia haren egoera islatu bazuten, telebistako programazioan tratu txarren kasuak daude ikusgai azkenaldian. Areago, saioa 21:30ean hasten da, haurrak babesteko ordutegiaren barruan.

Rosana izeneko neskak fisikoki eta psikologikoki aitari eta amari —batez ere, azkenari— tratu txarrak nola ematen zizkien ikusi nuen. Jo, iraindu, mehatxatu, agindu, gutxietsi... zer ez zien egin, kamerak aurrean izanda ere. Baina han azaldu zen Superman —Pedro Garcia izeneko aurkezlea—, egoera iraultzeko. Aginte makila hartu, eta bata zein besteak estutu zituen familia salbu jartzeko. Kostata lortu omen zuen, baina lortu. Irtenbidea ilustratzeko, malkoak, damuak, besarkadak eta hitzemateak. Hutsetik hasi, barkatu, iraganeko akatsetatik ikasi, komunikatzeko ahalegina egin...

Noski, dio batek etxeko sofan jarrita. Emango ote lukete saioa arazoak ez balu amaiera zoriontsurik izango? Beraz, kontatu didatenak izan ote lezake gezurretik egiatik beste? Aurkezle superheroiarenek zenbat dute mezu pedagogikotik? Eta telebisibotik? Telebistak hezi egin behar bagaitu ere, halako kasuak ote dira heziketa? Neska hark egin ote du, benetan, deliturik? Egin badu, zilegi ote da gizarte zerbitzuei uko egin telebistako kate batek hartzea arazoaren ardura? Emandakoa egiazkoa den kasuan, kamera aurrean hori egiteko gai denak zer egin ote du kameren testigantzarik gabe? Dirudien bezain arriskutsua bada, sinetsi egin behar al dugu egun batzuetan arazoa gainditu duela? Ez dela ezer pasako? Emankizuna nahikoa froga izan ote daiteke haren jokabidea salatzeko? Eta katearen eta saioaren arduradunena salatzeko? Agian, galdera gehiegi dira. Ala pantailak okertu egin digu zuzentasunaren eta egokitasunaren ikuspegia. Ez dakit zenbaitzuk gai izango diren hori bideratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.