Elikadura. Hazkurri kontuak

Beleak eta zozoak, iruzurgile

2011ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Iruzurra, Elikadura hiztegia-k zehaztua duen arabera, «Norbaiten mesederako eta beste norbaiten kalterako gaiztakeriaz eginiko eragiketa da. Hainbat motatakoak dira: legearen kontrakoak, legeak onetsitakoak, deskuiduz gertatutakoak, etab. Biktima ohikoena kontsumitzailea da, erruduna egon edo ez egon (…)».

Ohikoena bai, baina ez betikoa: ez geneukana gastatzen ohitu gara eta, zalgurdi horretatik jaistea kontu latza denez, etxetik kanpora segitu nahi izaten dugu, lehenagoko irabazpideak etxeratzen ez badira ere. Eskatzea libre baina, faktura etortzean, komeriak: aldameneko pikaro eta frikun (hortik friky ote?) horien ohiturak kutsatzen ari zaizkigu, nonbait. Okerrena, beti bezala, ahulenari lapurtzea, handiarekin ez omen direlako ausartzen. Handi horiek, gainera, lapurreten kostua bezero orori kobratzen digute, prezioak hanpatuta.

Bazkaltzera etorri eta ordaindu gabe alde egiten duen bezeroari orain sinpa deritzote espainiarrek, ez sinpatikoa delako, ordaindu gabe (sinpa gar) hanka egiten duelako baizik. Hona aspaldi eta arestiko amarru ezagunen bat, errepidean edo hiri handietako ostatuetan gertatu ohi direnak, herri txikietan denak ezagunak baikara:

Nagusiak begiratzen ez duenean, bezeroa, isilik eta azkar, desagertzen da.

Telefonoaren estaldurarik eza aitzakiaturik, kanpo aldera irten eta…

Kaleko ume bat hartu, bazkaltzera konbidatu eta, postrea hartutakoan, umeari bertan egon dadin eskatu. Zerbitzariari esplikatuko dio lapurrak txartela automobilean utzi duela, etc.

Dirurik gabeko txekeak sinatzea.

Zorabiatu, lurrera zerraldo erori eta… aire fresko bila, kanpora atera.

Edo, aspaldiko partez, zigarrotxoa erretzera…

Kexa eta protestak agertzea: platerean intsektua agertu delako (inoiz, ebasleak berak sartutakoa).

Berandu denez, lan-ordutegia osaturik, alde egin duen zerbitzari bati aspaldi ordaindu diola, iruzurtiak.

Gose-lapurreta ere modan jarri da: bezeroak, jana irentsitakoan, goseak dagoela baina dirurik ez daukala azalduko dio zerbitzariari. Ordurako, galdutakoak ez du konponbiderik. Hori ez da beti egia izaten.

Beste batzuetan, kostuaren parte batekin konformatzen da lapurra. Horretarako, goi-mailako jatetxeetan batik bat, erreklamazio-orria eskatu eta eragozpenak aitzakiatzen ditu. Nagusiak, erreklamaziorik ez izateari hobetsita, «barkatu» egiten dio iruzurgileari fakturaren zati bat.

Egurra lapurrari! Bestela, denok ordainduko dugu hark ebatsitakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.