Ezarian

Beluga gorria, munduko kabiarrik onena

Kaspiar Itsasoko gaizkatek ematen dute kabiar onena eta garestiena. BERRIA.
xabier martin
2011ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Dinosauroen aroko arrain batek ematen du munduko elikagairik onenetakoa: kabiarra. Gaizkata (Acipenser) duela 200 milioi urtekoa da, eta Kaspiar Itsasokoak ematen du kabiarrik onena eta garestiena. Ernaldu aurretik, gorputzetik ateratako arrabak dira kabiar bolatxoak. Grisetik beltzera doaz koloretan, espeziearen arabera: beluga, oscietre edo sevruga. Azafraiaren ondoren, elikagairik garestiena dela diote. Parisen, 220 eurotik 870 eurora bitartean ordaintzen dira 125 gramo kabiar.

Kabiarraren salerosketa legalak 100.000 milioi euro eragiten ditu urtero, baina diru gehiago mugitzen du legez kanpoko merkatuak. Merkatu horrek galtzeko arriskuan jarri du gaizkata. Beluga espezieko kabiarra 100 urte dituzten aleetatik ateratzen dute; arrautzak jartzeko zortzi-hamar urteko epea behar du, eta gehiegizko ustiapena mehatxu izugarria da espeziearentzat.

Historia pixka bat

Jadanik K.a.-ko IV. mendean Aristotelesek aipatu zuen kabiarra bere idatzi batean. Antzinako Persian eta Erroman errezeta askotan azaltzen da. Sendatzeko propietateak zituela uste zuten, gainera. Gero, Erdi Aroan, baztertu samar egon zen. Arrantzaleek jaten zuten bakarrik; txiroen jana zen, eta askotan arrainaren erraiekin batera bota egiten zuten. Errusiako tsarrek ekarri zuten euren mahaietara.

Errege-erreginen otorduetan ezin zuen hutsik egin handik gutxira. Pedro Handia tsarrak kabiarrik onena bidali zion Frantziako Luis XV.ari, eta hark bolatxo gazi horiek ahoratu zituenean oka egin zuen, nazkaren nazkaz. Errusiako Iraultzaren ostean, nobleziako kide asko Frantziara erbesteratu ziren, eta haiek ekarri zuten kabiarra Europako mahaietara, 1920tik aurrera. Petrossian anaiek fundatu zuten kabiarraren salerosketaren lehen enpresa. Oraindik ere, martxan da negozioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.