Nafarroarekin muga egiten duen udalerri hau lurralde menditsua eta ibai txiki askoren sorlekua da. Berastegi herri zaharra da oso. Haren inguruko lehen aipamena XI. mendekoa da: 1027an, Nafarroako errege Antso Handiak Iruñeko Apezpikutzari emandako mugei buruzko idazki batean ageri da Berastegiko Harana. Dena dela, bertan gizakia askoz lehenagotik bizi izan dela uste da. Aspaldian tokiari Aberastegi deitu bide zioten; ez zelako ur, egur nahiz janaririk falta. Lurren jabegoa zela eta, mendeetan zehar liskar ugari izan zituen inguruko herriekin; Tolosa, Elduain...
Andoainen edo Irurtzunen, A-15 autobidea hartu eta Berastegiko irteeran herriraino jaitsiko gara. Tolosatik abiatuz gero, berriz, Leitzara doan errepideari segi, Errobi eta Elduain herriak igaro eta Berastegira heldu arte.
Laarte-Erroizperantz
Berastegiko plazatik San Martin Toursekoaren elizaren ondora jaitsi gara, errepidean zehar. Eliza hori XVI-XVII. mendeetan berreraiki zuten eta portada erromanikoa du. Haren ondoan, oinplano angeluzuzena eta bi isurkiko teilatua dituen dorretxe bat dago: Jauregi dorretxea, monumentu izendatua. Eraikinaren zatirik handiena manposteriazkoa da, baina zenbait lekutan harlandua erabili da. Ezkerrera, Izotzalde auzora doan bidea utzi eta eskuinerantz ateratzen dena hartu dugu. Goienetxe, Bazterretxe, Azpikoetxe eta Antsone baserriek osatzen duten auzora iritsi gara, Aiztunalde auzora, altuerarik apenas galdu eta irabazi gabe, errepide estu batean zehar kilometro bat bete ondoren. Baserri artean, ezkerrera ateratzen den bidea hartu dugu. Bide zabal eta eroso horrek, Bideraun eta Mendiurkuilutik pasa ostean, Laarte-Erroizpe gailurreraino eraman gaitu.
Tarte batez, Berastegiko harana desagertu da gure begi bistatik, eta Urdelartik Uzturrera doan mendilerroaren magalean Elduaien eta Eldua ikusi ditugu, Tolosarako errepidearen ondoan kokaturik eta A-15 autobidearen menpe. Basoak atzean utzi, langa pare bat igaro eta Laarte-Erroizpetik Ulirantz doan mendilerroa parean azaldu zaigu. Pista utzi eta pinudi baten ondotik gorantz jo dugu. Alanbrezko hesia pasa ondoren, xenda batek tontorrerainoko bidea erakutsi digu. Erpin geodesikoa, burdinazko gurutzea eta mendia ere euskaraz bizi leloa duen Argitxoren gutunontzi bat haitzetan txertaturik aurkitu ditugu. Ikuspegi zabalaren edertasunaz gozatzeko aukera paregabea: Hernio, Aralar eta Aizkorri mendiguneak, Ipuliñotik Uzturrera doan mendilerroa, Otsabio eta Uli mendiak...
Ulirantz
Etorri garen bidetik atzerantz egin dugu, lepora jaitsi eta aldapa txiki bat igo ostean Laarteko gailurrera igo gara. Ez du batere seinalerik gailurrean. Ataka igaro, eta altuerarik galdu gabe Ulirantz doan mendilerroari jarraitu diogu. Harresi baxua pasa eta belardian zehar Gazteluko atakaraino jaitsi gara. Zenbait tartetan bidea pagadian, haitzen artean sartzen da eta erne ibili behar da, bidezidorra oso erraz gal dezakegu eta. Gaztelu eta Arburuko harkaitzen artean zabaltzen den bidezidorrari jarraitu diogu garo artean. Pinudian zehar beheraka egin dugu eta Gaztelutik datorren pistarekin bat egin. Inguru horretan eta aurreraxeago, Orexatik datorren bidearekin gurutzatzean, bide seinaleak ikusi ditugu: GR-9 (Zezenen Bidea), GR-121 (Gipuzkoako itzulia) eta PR GI-11-111 (Uliko ibilbideak). Marka zuri, gorri eta horiak egurrezko hesola, zuhaitz eta harrietan margoturik. Muñoandi, Intxusburu eta Aldamuñoko gainen artean marrazten den pista zabalari segituz berehala iritsi gara Uliko atsedenlekura. Han ezkerrera, Izotzaldera zuzenean jaisten den bidea utzi, eta aurrean dugunari heldu diogu. Izeidian murgildu eta azkar iritsi gara Zelaitxikira.
Izotzalderantz
Berastegira itzultzeko, Uli eta Urtorantz doan bidea utzi (GR 9 eta GR 121) eta PR-GI 111ari dagozkion bide seinale zuri eta horiei jarraitu diegu. Larremotxeko magalean zehar doan bide horretatik beherantz egin dugu. Aintzergara jaisteko bidea eskuinera utzi, eta Lizartoki muinoa inguratzen duen bidetik Juangonoko bordaren ondora jaitsi gara. Gertu ikusi dugu San Sebastian ermita, mendixka borobil baten gainean kokaturik. Kanpoan, kontrahormak ditu, eta sarreran, arku zorrotza. Ermitara iritsi aurretik, bide seinaleek erakusten duten norabidean, aldapan behera egin dugu, eta Izotzalde auzoa osatzen duten baserri bikainen artera azkar ailegatu. Herrira joan aurretik eta ibilbidetik kanpo, Elduarain errekaren bazterrean dagoen errota ikustera joan gara: Arrate errota. Etxe eta baratze ederren artean pasa eta Berastegiko auzoek osatzen duten postal ederraz gozatuz iritsi gara errotaren harri hondarren ondora. Oso egoera txarrean dago, erabat abandonaturik. Atzera egin eta herrira itzuli gara.
Mendi ibilaldia
Berastegiko harana
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Berastegi, Aiztunalde, Erroizpe, Laarte, Muñoaundi, Aldamuño, Uliko atsedenlekua, San Sebastian baseliza, Itzotzalde
- Distantzia: 16 km.
- Iraupena: 4 ordu eta 35 mn.
- Ingurunea: Ipuliño, Larre, Urdelar, Laarte-Erroizpe eta Uli mendiek inguratzen duten haranak, Berastegikoak, Gipuzkoan geratzen diren ikuspegi ederrenetariko bat eskaintzen du.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu