Artzaintza izango da protagonista datozen egunetan Berastegin (Gipuzkoa). Bigarren urtez jarraian, Be artzain kulturaren asteburua antolatu du Berastegiko Artzain Mahaiak, herriko udalarekin elkarlanean. Andoni Zuriarrain herriko alkateak esan duenez, iazko balorazioaren ondoren aurten ere kultur asteburua antolatzeko asmoa zuten. Hiru eguneko jardunaldiak egingo dituzte: bisitak, hitzaldiak, azoka eta beste hainbat ekintza izango dira.
Azterketa antropologiko bat izan zen kultur asteburuaren oinarria. «Azterketa antropologiko bat egin genuen herrian, eta konturatu ginen artzaintzari lotutako dokumentu eta informazio asko zegoela. Informazio mordo horrekin liburu bat argitaratu zen», esan du Zuriarrainek. BE! izeneko liburuaren harira, prozesuan parte hartu zutenek Berastegiko Artzain Mahaia sortzea erabaki zuten 2022. urtean, artzainen eta udalaren artean komunikazioa gardena izan zedin. «Artzaintzaren balioa nabarmentzea eta gordetzea da mahaiaren helburua, eta asteburuko jardunaldiena ere bai», azaldu du alkateak. Mahaian sortu zen Be artzain kulturaren asteburua ospatzeko ideia, iaz.
Zuriarrainen esanetan, produktua «nabarmentzeko eta hari balioa emateko» asteburua da Be: «Gazta eta gehienbat arkumea erakusteko eta horiei balioa emateko ekinbidea da. Artzainek prozesuak erakustea eta beren ahotik entzutea nola egiten dituzten oso garrantzitsua da». Auzolana da asteburuaren ardatza. Ehun boluntario baino gehiago aritzen dira lanean asteburuan, eta antolaketan, berriz, 30 inguru. «Baditugu artzainak herrian. Artalde txikitan banatuta, 3.000 ardi inguru ditugu herrian; beraz, esan dezakegu artzaintzak baduela pisua Berastegin. Hainbat bizilagunek beren baserrietako landa eremuak mantentzeko erabiltzen dituzte, ez dute artzaintza ogibide moduan, batek baino ez», adierazi du Zuriarrainek.
Hiru egun
Bihar hasiko dira ekitaldiak. «Lehenengo eguna sarrera moduan antolatu dugu: hausnarketa egun bat da, herritar guztientzat». Eguna kafe batekin hasiko dute, 14:30ean. Alkateak hasiera emango dio asteburuari, aurkezpen txiki bat eginez. Hainbat hitzaldi egongo dira arratsaldean: hasteko, ardi-ile moztaile batek bere bizipenak kontatuko ditu, eta artileari buruz arituko da solasean. Ondoren, Berastegiko artzainek herriko arkumeekin egiten ari diren proiektua aurkeztuko dute. «Proiektu horren bidez, herriko arkumea kanpoan saltzeko aukerak bilatzen ari gara», azaldu du alkateak. Josebe Blanco artzain eta idazleak Hausnarrean liburuaz hitz egingo du, eta hura aditzera joaten direnei bere lana erakutsiko die. Bukatzeko, hizlari guztiek tertulia bat egingo dute 17:15ean, mahai inguru batean, eta, ondoren, jatekoa egongo da.
Larunbatean «jakituria zabaltzeko» eguna izango da, Zuriarrainen ustez. Goizean, herria atzean utzita, mendi aldera joango dira bisitariak eta artzainak, orain dela hamarkada batzuk erabiltzen ziren bordak ikustera. «Astotrek enpresaren eskutik egingo ditugu ibilaldiak. Astoak erabiltzen dituzte halako jardunetarako, baina ez haien gainean joateko, noski». Artzain erretiratu batek emango dizkie azalpenak bisitariei, eta Gazpio gaztandegira joango dira, hango gazta dastatzera. Arratsaldean, berriz, azoka gastronomikoa egingo dute herrian, 19:30ean, trikitilarien doinuek girotuta. «Hainbat produktu dastatzeko aukera izango dugu, baina gehienbat arkumea izango da protagonista. Era askotara egingo da, hala nola parrillan edo gisatuta».
Azkenik, igandean, «festa eguna» izango da Be artzain kulturaren asteburuan. 10:00etan hasiko da eguna, bi kilometroko ibilbide batekin, herrian barrena, aire libreko museo bat balitz bezala. Andres Etxeberria herriko artzainak egindako tresnak ere erakutsiko dituzte goizean, Aranzadirekin batera. Hortaz gain, euskal artzain txakurren erakustaldia ikusteko aukera egongo da igande goizean. Azkenik, bazkalordurako, azoka gastronomikoak ateak irekiko ditu berriro, bazkaltzeko aukera egon dadin. Eguna herriko musikariekin girotuko dute.