Berdintasunerako lumak

Genero berdintasunean oinarrituriko 'Bizentaren Lumak' karta jokoa garatu du Elhuyar Aholkularitzak; gazteen gogoeta sustatu, eta haien konpromisoa du xede.

Hainbat gazte, talde txikitan, Bizentaren Lumak karta jolasean, Astigarragan egindako saioan. ELHUYAR AHOLKULARITZA.
Iñaki Lasa Etura.
Usurbil
2015eko irailaren 19a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Maia 17 urteko neskatoa da, eta larunbat gauean mutil batekin ligatu ondoren, deseroso sentitu da haren autoan, jarrera aldatu duelako hark. Haizeak 22 urte ditu, eta ez du arazorik lesbiana dela adierazteko. Bost axola besteen iritziak. Anerrek 4 urte ditu, arrebaren tutua jantzi du eskolara joateko, eta iseka egin diote gelan. Bi hilabete geroago, inauterietan, mutil guztiek jantzi dute gona. Ainarak, oporretan, argazki bat bidali dio Peruri, udako lagun bereziari, biluzik. Herrira itzultzean telefonoz telefono dabil argazkia. Elhuyar Aholkularitzaren Bizentaren Lumak karta jokoak proposatzen dituen istorioetako batzuk dira adibide horiek. Gazteen egunerokoaren lau lagin.

Genero berdintasunean oinarrituriko karta jokoa da Bizentaren Lumak. «Berdintasunaren inguruko material mordoa dago; baina euskaraz, eta gazteentzat, ez dago ezer; edo oso gutxi dago. Hor ekarpena egitea zen gure helburua», azaldu du Naiara Arri proiektuko arduradunak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Berdintasuneko Sailaren babesarekin garatu du proiektua Elhuyarrek, euskaraz sustatuko proiektuei bideraturiko diru laguntzarekin. Europako Batzordeak sortutako Play&Decide metodologian oinarritu dute lana. Ez da karta joko soil bat, harago doa: hausnarketarako eta konpromisoak hartzeko tresna da.

Lau karta edo txartel mota ditu jokoak. Istorio txartelak dira abiapuntua. Gazteek erraz identifikatuko dituzten hainbat esperientzia bildu dituzte. Bestalde, berdintasunari buruzko hainbat kontzeptu dituzte informazio txartelek: sexismoa, genero rolak, transexualitatea, berdintasun politikak, heteroaraua, emakumeen ahalduntzea... Hasierako istorio hori informazio kartetako kontzeptuekin lotu behar dute gazteek, horrek eztabaida argudio sendoagoetan oinarritzeko aukera eman dezan.

Lotura egin ostean, gaiaren inguruko eztabaidari ekingo diote parte hartzaileek, dinamizatzaile baten laguntzarekin ideiak kontrajarri eta ados jarri arte. Nolanahi ere, «azken helburua ez da gogoeta eta eztabaida hori sustatzea, harago doa», Aizaga Zeberio proiektuko kideak azaldu duenez. «Gazteen jarreran eragin nahi dugu». Eztabaidaren bitartez taldearen adostasuna lortu ondoren, konpromiso kolektibo edo indibidualak bilatzea da xedea. Horretarako mahai tapiz bana dute parte hartzaileek, haien eginbidea idatzi eta bete dezaten.

Talde txikitan aritzea da onena, bost-zazpi pertsonako multzoetan, nahiz eta azken eztabaida talde handiagoetara zabal daitekeen. Proiektuko langileen aburuz, «garrantzitsua da konfiantzazko espazioa izatea — izan gaztetxea, ikastola, ludoteka...—, feminismoa eta berdintasuna barrutik ateratzen direlako, eta gazteek lasai hitz egin behar dutelako».

Parte hartzaileen arabera, garapen erabat desberdina izan dezake jokoak, eztabaida aldatuko delako. Gutxi gorabehera 90 minutuko iraupena du, luza daitekeen arren. Adin tarteari dagokionez, 14 eta 30 urte bitarteko gazteentzat da. Oso bestelako kezkak izan ditzakete adin eremu batekoek edo bestekoek.

Material guztia —txartelak eta nola jokatu azaltzen duen gida barne—, bizentarenlumak.elhuyar.eus gunean eskuratu daiteke. Horren truke, galdetegi bat prestatu du Elhuyarrek, Bizentaren Lumak bere kabuz erabiltzen dutenek beren esperientziaren berri eman dezaten. Arriren ustez, «jokatu nahi dutenentzat interesgarria» izan daiteke besteak non eta nola aritu diren jakitea. «Oraingo materiala abiapuntua da, seguru kontzeptuak findu daitezkeela: agian istorio batzuk falta dira, beste batzuk sobera daude... hobetzeko balioko digu».

Gazteak dinamizatzaile

Sare ikuspegia du Bizentaren Lumak, herriko gazte taldeen arteko harremana garatu eta gazteak ahalduntzen. Elhuyarrekoak saioen dinamizatzaile gisa aritu badaitezke ere, ez da haien asmo nagusia. Nahiago dute gazteak formatu, eta haiek aritzea bideratzaile lanetan. «Batetik, beren ahalduntzean eragina duelako, eta, bestetik, gazteek era askean hitz egiteko egokiagoa delako dinamizatzailea taldean integratua egotea».

Hala egin zuten udan, Astigarragan (Gipuzkoa). Zazpi gazte trebatu zituzten. Nola jokatu erakutsi zieten hainbat saiotan, eta berdintasunarekin eta feminismoarekin lotutako kontzeptuak landu zituzten. Bideratzaile lan soila egin beharrean, haien sentsibilizazioa garatu zuten. Prozesuan parte hartu zutenetako bat da Iñake Zubiarrain. 17 urteko astigartarrarentzat «oso aberasgarria» izan zen guztia: «Inoiz entzun gabeko kontzeptuak ikasi nituen». Dinamizatzaile guztien artean adin tarte zabaleko 30 bat pertsona bildu zituzten, elkarrekin mahai jokoan aritzeko.

Esperientzia «asko gustatu» zitzaion jendeari, eta jarraipena eman zioten. Izan ere, istorio txartelak neurri handiagoan inprimatu, eta herriko festetako txosnetako barran jarri zituzten, bertaratzen zirenek irakur zitzaten. Prozesu guztia kontuan hartuta, zerekin gelditzen den galdetuta, argi du erantzuna: «Ikasi ditudan kontzeptuekin; pila bat izan dira, eta asko balio dute egunerokorako».

Bizentaren Lumak izena ez da ausazkoa. Emakumezko lehen euskal idazlea izan zen Bizenta Mogel (1782-1854). Ipuin onak lanaren sarreran idatzi zuen bazekiela askok ez zutela begi onez ikusiko emakume bat idazle gisa, ustez gizonezkoentzat ziren lanak hartuta, «inoren lumaz jantzita». Elhuyarren proiektuari eta gazteen inplikazioari esker, Bizentaren lumak bizirik jarraitzen du, baina; berdintasun hitzak idatzi eta idatzi.

Informazio guztia eta materiala gune honetan eskuragarri: bizentarenlumak.elhuyar.eus
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.