Aintzane Revuelta. Dantzaria

«Bere herriarengatik borrokatu zen emakume iraultzaile bat izan zen Kahlo»

'Hegoak ebakirik' dantza ikuskizuna bihar estreinatuko dute Donostiako Guardetxean. Frida Kahloren bizitza kontatzen du obrak eta Aintzane Revuelta dantzari euskal mexikarrak zuzendu du

Ilargi Agirre.
Donostia
2010eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Aintzane Revuelta (Donostia, 1988) zuzendaria eta protagonista da Hegoakebakirik antzerki eta dantza emanaldian. Frida Kahlo margolariaren bizitza kontatzen da ikuskizunean, eta Revueltak Kahloren paperean jarduten du taula gainean. Bihar estreinatuko da koreografia, Donostiako Guardetxean, 20:30ean.

Zergatik Frida Kahlo?

Ni Donostian jaiotakoa banaiz ere, urtebeterekin Mexikora joan nintzen bizitzera, nire ama mexikarra baita. Orain dela gutxi itzuli naiz hona. Mexikoko kultura asko gustatzen zait. Bere garaiko pintore askorekin harremana izan bazuen ere, ez da erabat ezaguna Frida Kahlo hemen. Jendeak Salma Hayekek berari buruz egindako filma ikusita du agian, eta, koadroetan aurpegia begiztatuz gero, asmatzen du nor den, baina hortik aurrera, ezer gutxi daki haren bizitzaren inguruan. Bere herriarengatik eta sustraiengatik borrokatu zen emakume iraultzaile bat izan zen Frida Kahlo.

Nola dago diseinatuta obra?

Off-eko ahots batek Kahloren bizitza kontatzen du, narrazio modura, eta guk dantza garaikideko koreografiak egiten ditugu bitartean. Horrela, hainbat eszena aurkezten dira dantzaren bidez. Musikak ere garrantzi handia du. Musika mexikarra erabiltzen dugu, eta indigenen hizkuntzak entzun daitezke; nahuatl-a eta zapotec-a, adibidez. Obraren bidez, kultura mexikarraren berri ere izaten du ikusleak.

Hegoak ebakirik da izenburua.

17 urte zituela, istripua izan zuen Kahlok, eta, bizkarrezurra hautsita, ohean egon behar izan zuen denbora luzean. Orduan hasi zen margotzen. Medikuntza ikasteko asmoa zuen, berez. Bizitzako egoera horrek margolari izatera bideratu zuen neurri handi batean. Garai hartakoa da haren esaldi hau: «Oinak zertarako nahi ditut hegan egiteko hegoak badauzkat». Bizitza tragikoa izan zuen, eta hegoak apurtu zizkion. Esaldi horretatik dator ikuskizunaren izenburua.

Nondik sortu zitzaizun ideia?

Mexikoren falta asko sumatzen dut, eta pentsatu nuen nire herrialdeari buruz zerbait egitea oso polita izango litzatekeela. Donostiako Guardetxea eramaten duten Banda Bat erakundekoei proposatu nien, eta haiei esker gauzatu dugu proiektua.

Zenbat dantzari zarete?

Zazpi pertsona gaude taula gainean: bost neska eta bi mutil. Nik Frida Kahlo antzezten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.