Bermeoko frantziskotarren ondarea

Frantzisko Asiskoaren jarraitzaileak Bizkaiko kostaldera heldu zirenetik 650. urtemuga ospatzen ari dira Bermeon. Egun, zortzi fraidek osatzen dute hango anaidia.

Mikel Carramiñana.
2007ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Mendeetan aldaketa handiak ezagutu dituzte Euskal Herriko kostaldeko herriek. Besteak beste, arrantzarako ontzi eta txalupak desagertuz joan dira eta, horiekin batera, kaietako paisaia bera eraldatu egin da. Bermeon (Bizkaia) badira, alabaina, denbora luzez aldaketarik pairatu ez duten gauzak, frantziskotarrak kasu. Frantzisko Asiskoaren jarraitzaileak 1357. urtean sortu zuten Bermeoko anaidia eta, gaur arte, han izan dira. Egunotan ospatzen ari dira herrira heldu zireneko 650. urteurrena eta, horretarako, haien historiari buruzko hitzaldiak eta bestelako ekitaldiak antolatu dituzte Bermistorian jardunaldien harira. Frantzisko Asiskoa (1182-1226) Italian jaio zen eta, gaztetik, behartsuenei laguntzeko bizi izan zen. Kristautasuna mundu osoan zabaldu eta frantziskotarren anaidia sortu zuen, eliza katolikoaren barnean komunitaterik handiena dena gaur egun ere.

Duela hamarkada gutxi, hogei ziren Bermeoko anaidian jardunean zeuden fraideak. Egun, aldiz, zortzi baino ez dira, «osasuntsu behintzat». Horietariko bat da Jose Mari Bilbao, «beste zortzi erretiroan daude eta hemen bizi dira oraindik». Urtemugaren ospakizunak prestatzen ari direla, gogoratu beharrekoa frantziskotarren etorrera gogoratu behar dela nabarmendu du; izan ere, «komentuaren eraikina sortzeak denbora luzeagoa behar izan zuen». Euskal Herriko kostaldeko lurraldeetan frantziskotarrek eginiko lehenengoa izan zen Bermeokoa, Gipuzkoako eta Bizkaiko beste edozein baino lehenagokoa baita. Era berean, Bizkaiko jaurerriko gizonezkoen lehenengo komentua izan zen.

Arrantzaleen herria izanda ere, fraideei Almike auzoko baselizaren inguruko lurrak eman zizkieten, «bizitzeko modua izan zezaten baratzak landuz». Baserritik itsasora aldendu ziren fraideak ere izan ziren Sollube aldean. 1422an Izaro uhartean sortu zuten komentua frantziskotarrek, eta denbora luzez aritu ziren han, 1719ra arte. Fraideen bizimodua errazteko; baina Forura eraman zuten anaidia XVIII. mendean, gaur egun Erromako Inperioko aztarnak antzeman dituzten lur eremura, hain zuzen ere.



ITSASORA BEGIRA. Bermeotar belaunaldi gehienek ezagutu dituzte frantziskotarrak herrian eta, horregatik, «bertokoak sentitzen gaituzte, gainera, eskola izan dute gurean urte luzez». Arrantzarekin lotutako zerbitzua ere eskaini izan zuten frantziskotarrek; izan ere, «herritar gehienek ez zeukaten ontzi patroi titulurik itsasoratzeko, eta fraide bat ibili zen jendea horretarako prestatzen; lan handia egin zuen». Iraganeko kontua dela dio Bilbaok, izan ere, «orain inork ez du itsasoan lan egin nahi, gogorra delako». Egungo itsasoko langile asko «beltzak dira, etorkinak, oso langile onak». Horietako batzuk «Afrikara misiolari joandako fraideekin» egondakoak dira.

Erdi Aroa berpiztu dute Bermeon joan den asteburuan, azoka ospatuta. Jatorriz «gure etorreraren inguruan izan zen azoka hori, gero jendeak ahaztu badu ere». Horren barnean, frantziskotarren urtemugaren inguruko hitzaldiak antolatu dituzte. Joan den astean izan zen lehenengoa, baina gaur berton izango dute jarraipena, Bitor Uriarte irakaslearen esku. Mendizabalen desamortizazioaren inguruan eta XIX. mendean Bermeoko frantziskotarren egoerari buruz ariko da Ertzilla dorrean. Biharko, berriz, mahai ingurua antolatu dute, Alberto Zulueta eta Josean Apraiz hizlari izango direla. Hitzaldi biak arratsaldeko zazpietan hasiko dira.

Larunbatean frantziskotarren eliza, klaustroa eta komentua ezagutzeko aukera izango da Bermeoko turismo bulegoak antolatu dituen bisita gidatuei esker. Igandean azkenik, meza nagusia egingo dute San Frantzisko elizan, erakunde desberdinetako goi karguak bertan izango dira.



martin mendizabal mujika Arantzazuko frantziskotarra

«Komentuak husten ari dira, fraide zaharrak bakarrik gelditzen garelako»

m.c.

Arantzazu

Fraideen ezinbesteko lanetako bati ekin zion aspaldi Martin Mendizabal Mujika (Zaldibia, 1933) frantziskotarrak, dokumentazioa jorratzeari. Arantzazun 21 urte eman ditu eta komentu ugariri buruzko lanak argitaratu ditu. Horrez gain, bi parrokia ditu bere kargu eta, egunotan, Bermeon izan da, Bizkaiko anaidiaren historiari buruzko hitzaldia eskaintzeko.

Noiz eta non sortu ziren frantziskotarrak Euskal Herrian?

Lehenengoa, tradiziorik luzeena daukana Zangozako San Bartolome da, 1214an sortua, San Frantzisko bera handik pasa zen eta, ondoren, komentua egin zuten bertan. Gerora, Gasteiz izan zen lehenengoa, 1236an egin zuten. San Frantzisko hil eta hamar urtera hor zegoen komentua. 1247an moja klaratarrak hasi ziren etahandik zabaltzen hasi ziren Kantabria eta Burgos aldera XIII. Mendetik aurrera.

Nola egin zituzten lehenengo komentuak?

Kontuan hartu behar dugu fraideak zabaldu nahian zebilela aita santua . Hau bizimodu berria zen, San Frantziskok ez zeukan ezer, ez lurrik ez eta bestelakorik ere. Komentuak dorre baten inguruan edo hiribilduetan egiten zituzten. Eliza, komentua eta baratze bat, besterik ez zegoen. Zertarako ziren komentuak? Kristautasuna ondo zabaltzeko, aita Santo Domingok esaten zuen San Frantziskoren garaian: 'Kristautasuna ondo zabaltzea nahi baduzue, komentuak egin itzazue herri txikien ondoan, jendea sermoiak entzutera joan dadila beti'.

Zeintzuk ziren garaiko frantziskotarrek herriari eginiko ekarpenak?

Herrietan komentua egiteko baimena emateko, beti eskatzen zuten gramatika irakats zezatela, eta gramatika latina zen. Zertarako? Aberatsek unibertsitatera joan edo apaiz karrera egin nahi bazuten, latina ikasi behar zuten, gauza guztiak latinez irakasten zirelako. Hizkuntza hori ondo ikasteko fraideak behar zituzten. Gero, baziren filosofia eta teologia eskolak ematen zituztenak, bai fraideentzat, bai eta kanpokoek apaiz ikasteko ere. Herriari begira, bestalde, bi sermolari izan behar ziren komentuan. Horrez gain, bestelako lanak ziren komentuetan, hiletak egiteko, esate baterako.

Nola bizi izan zituzten esklaustrazio garaiak?

27 anaidi izatera heldu ginen, esklaustrazioa aurretik eta mojak, berriz, 30. Sekularizazioaren aurreko garaitik ez dugu ia komenturik berreskuratzerik izan. Fraide guztiak etxera bidali zituzten eta goi fraideen mende jarri zituzten. Komentuak gelditu ziren, agindua zuten kanpaia kendu, liburutegiak hustu, eta artelanak artxibo nazionalera eramateko, baita eskuizkribuak ere. Egun Madrilen, Salamancan edo auskalo non egongo diren. Vatikanoko konkordatuaren ostean, 1851an, pixkanaka bueltatu ziren mojak eta fraideak komentuetara.

Arantzazuko santutegia frantziskotarren sinbolo bilakatu da? Zergatik?

Frantziskotarrak 1514an heldu ziren Arantzazura. Musikaren alorrean oso garrantzitsua izan zen. Hemen egiten zituzten fraide ikasketak, mezarako, eta organoa jotzen ikasi behar zuten. Koru irakasleak atera behar ziren handik, liturgia ezagutu behar zuten, baina baita musika ere. Horrez gain, Arantzazuko musika artxiboa ere garrantzi handikoa zen.

Bokazio berririk sortzen al da?

Pixkanaka komentuak husten ari dira, fraide zaharrak bakarrik gelditzen garelako. Hemen bertan, hiru bakarrik daude 60 urtetik beherakoak. Etortzen direnak, karreradunak izaten dira, eta misioetara joatea nahiago dute. Baditugu oso zaharrak ez direnak, baina Ameriketara joandakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.