Ezarian. Tximinietarako eta berogailuetarako aholkuak

Beroaren arriskuak

Hotza iristearekin batera, tximiniak eta berogailuen galdarak berrikusi eta ongi zaintzeko beharra sortzen da, istripu ahalik eta gehien saihesteko.

Txin-Tximini enpresa etxez etxe ibiltzen da tximiniak garbitzen. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2013ko abenduaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Garai batean, etxeko bilgune izaten ziren; beroaren sortzaile bakarrak zirelako. Tximiniek zuten funtzioa berogailuek betetzen dute orain, leku askotan. Hotza iristearekin batera, piztu dira berriz ere tximiniak eta berogailuak Euskal Herriko etxeetan, eta, horrekin batera, areagotu dira istripuak izateko arriskuak ere. Ezbehar ahalik eta gutxien gertatzeko mantentze egokia egin beharra dagoela diote sektorean lan egiten dutenek; gomendio batzuei jarraituz gero, segurtasuna irabazten da.

Fede Ileañak Txin-Tximini enpresa du beste hainbat kiderekin batera. Tximiniak garbitu eta erreformak egiten dituzte etxez etxe. Mary Poppins filmetik hartu zuten enpresaren izena. Udazkenean, hilabete hauetan izaten dute lan gehien Txin-Tximinin. Hotza hasten deneanoroitzen da jendea tximiniak garbiketa bat behar duela. Ezustekorik ez izateko urtean behin edo bi urtetik behin behintzat garbitu egin behar direla azaldu du Ileañak. «Erabileraren arabera, norberak ikusi behar du. Autoan noizbehinka gurpilak aldatzen diren gisara, tximiniak ongi mantentzea ere beharrezkoa da». Egokiena, haren ustetan, garbiketa negu amaieran egitea da, horrela hurrengo ikasturtean hotzak hasten direnerako guztia prest izateko, baina jendeak normalean ez du hori egiten. «Lehendabiziko aldiz piztu, eta arazoak sortzen zaizkie, eta orduan erabakitzen dute guri deitzea».

Imanol Andonegi Donostiako suhiltzaileen ofizialak ere ongi asko daki tximiniek sortzen dituzten arazo eta arriskuen inguruan. Urtean hamarretik 30 irteera bitartean egiten dituzte halako suteak itzaltzeko. Azaldu du tximinietako kebidearen hormei pilatuta geratzen dela kreosota —erretxina—, eta horrek suteak sortzeko arriskuak areagotu egiten dituela, material horrek su har dezakeelako. «Urte batetik bestera kreosota kristaldu egiten da, eta posible da berriz, lehendabiziko aldiz pizten denean, eztanda egin, eta sute bat piztea». Ileañak bezala, garbiketa egoki batekin segurtasuna irabazten dela dio, eta ez hori bakarrik, kontsumoan eta kutsaduran ere murrizten dela.

Teknikari batek egin behar du garbiketa, Ileañak azaldu duenez. Azkenaldian tximiniak garbitzeko produktu kimikoak asko zabaldu omen dira, baina horiek ez omen dute urtean behin egin beharreko garbiketa baztertzen. Mantentzeko balio dute. Tximinia barrutik eta osorik garbitzea da gakoa. «Makineria egokia behar da goitik behera garbitzeko. Produktu kimikoekin garbitzen duten jendearen etxera joan, eta kedarrez betetako hiru zaku ateratzen ditugunean, gure bezeroak harrituta geratzen dira».

Tximiniak oro har seguruak direla dio Ileañak, baina horretarako erabiltzaileek hainbat gomendio hartu behar dituztela kontuan. Garbitzeaz gain, zein egur mota erabili behar den, eta nolakoa, adibidez, oso garrantzitsua da. «Egur lehorra bota behar da beti sutara; moztu eta handik urtebetera egoten da ongien». Eukaliptusa eta pinua dira bota daitezkeen egurrik txarrenak; ez dira batere gomendagarriak, Ileañaren aburuz. Azaldu du jende askok erabiltzen duela pinua, gainerakoak baino merkeagoa baita, baina aztarna uzten duela gerora. «Bero gutxiago ematen du, eta tximinia gehiago zikintzen du». Haritza, pagoa eta artea gomendatu ditu Ileañak.

Aldundiaren gomendioak

Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak ere eman ditu tximinia erabiltzeko orduan kontuan hartu beharreko gomendio batzuk. Sua pizteko gasolinarik eta konbustio altuko produkturik ez erabiltzeko aholkua ematen du aldundiak, hasteko. Tximinia irekien kasuan, alfonbrak, altzariak, jantziak, liburuak eta halakoak ez dira tximiniaren gainean utzi behar, erradiazioaren bitartez jasotzen duten beroagatik su har dezaketelako.

Erretzeko arriskua duten material guztiek sutik urrun egon behar dute, gutxienez metro batera, tximiniatik ateratzen diren sugarrek su har dezaketelako. Horrez gain, etxean jenderik ez dagoenean eta gauean lotara joatean tximinia itzaltzea gomendatzen du aldundiak. Gainera, tximinia dagoen gelan aireztapen ona egotea ezinbestekoa dela gogorarazi du, kebide barruko kearen mugimendua hobetzeko. Su detektagailuak jartzea ere lagungarria dela adierazi du.

Galzorian dagoen lanbidea da tximinia garbitzailearena. Ohiturak aldatu egin dira, eta etxe askoz ere gutxiagotan dago tximinia. «Garai batean, egun osoan egoten ziren piztuta, etxeko andrea egoten zelako etxean. Gaur egun, emakumeek eta gizonek kanpoan lan egiten dute, eta gauean edo asteburuetan bakarrik pizten dira tximiniak», jarraitu du Ileañak.

Lanbidea ezohikoa den arren, tximinien erabilera igotzen ari dela dio Maria Jesus Aranburuk, Bastida Tximiniak enpresako arduradunak. «Gasak eta gasolioak daukan prezioarekin, jendea gero eta gehiago ari da animatzen tximiniak jartzera. Txaletetan-eta zabaltzen ari da fenomenoa berriz ere. Garai batean, baserrietan tximiniaren bueltan bizi ziren, sukaldearen inguruan». Bezero berriei ere gomendio berbera ematen diete; urtean behin behintzat garbitu behar dela tximinia, bestela «ezustekoak» izaten baitira. Egungo tximiniak, oro har, seguruagoak dira, hala ere, eta gero eta eskaintza handiagoa dago. Askotariko materialekin egiten dira tximinia berriak. «Lehengo tximiniak adreiluekin egiten ziren, erabat irekiak ziren. Gaur egun, jartzen diren guztiak itxiak izaten dira, kristalezko ate batekin», azaldu du Aranburuk. Errendimendua hobea izateaz gainera, bero gehiago ematen dute azken horiek, eta kontsumo txikiagoa dute. Aurrezteko bidean, tximiniekin berotzen diren berogailuak ere asko ari dira zabaltzen. «Gasaren galdarak egiten duen gisara, tximiniak alboan ur beroaren gordailu bat izaten du, eta horrekin berotzen dira gero berogailuak».

Galdaren azterketa

Tximiniekin gertatzen den gisara, berogailuekin ere tentuz ibili behar da. Ur beroko eta berogailu elektrikoen kasuan, adibidez, ez da gainean arroparik utzi behar lehortzen, arriskutsua gerta daitekeelako.

Ur beroko berogailuak berotzeko erabiltzen diren galdarek bestelako arriskuak ere badituzte. Bi galdara ezberdin daude; airea kanpotik, kaletik, iristen zaienak, eta airea galdara jarrita dagoen espazio beretik hartzen dutenak. Azken horiek arrisku handiagoa dute. «Errekuntza gaizki egiten badute, oxigeno gutxirekin eginez gero, karbono dioxidoa sortu beharrean karbono monoxidoa sortzen da», azaldu du Andonegik. Karbono monoxidoa itogarria da, Andonegik kontatu duenez. «Ez dauka usainik, eta ohartu gabe hil zaitzake. Heriotza gozoa deitzen da. Globulo gorriek oxigenoa garraiatzeko duten ahalmena galtzen dute, eta itomen sentsaziorik izan gabe, hil egiten zara». Horrelako kasuak ere hotza hastearekin batera gertatzen dira, normalean. Denbora asko berogailua ibili gabe pasatu eta lehendabiziko aldiz pizterakoan. Galdara zaharrak izaten direla nabarmendu du, gainera; gaur egun etxebizitzetan jartzen diren galdara berriek derrigorrez airea kaletik hartu behar baitute eta babes sistema askoz ere ziurragoak baitituzte.

Hala eta guztiz ere, galdara berriak edo zaharrak izan errekuntza ongi egiteko mantentze egokia ezinbestekoa dela dio suhiltzaileen ofizialak. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako araudiak derrigortu egiten du gasezko galdaretan bi urtetik behin berrikusketak egitera. Beste erregai mota bateko galdaretan urtean behin egin behar da. Ohikoa da, hala ere, urtean behin teknikariak etxea bisitatzea edozein galdara izanda. Errekuntza analisiak sartzen dira berrikusketaren barruan; errekuntza egitean gasak zein elementu dituen neurtzen du teknikariak, eta balio batzuk errespetatzen ote dituen ikusi. «Karbono monoxidoaren kontzentrazioa ere neurtzen da». Oro har jendeak hemen prebentzioaren kultura nahiko zabalduta daukala dio Andonegik, eta oso noizbehinka entzuten direla karbono monoxidoa usainduta hildako kasuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.