Berpiztu da 'Carola'

Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak eta Asaken enpresak 'Carola' garabia erabiltzeko hitzarmen bat sinatu dute. Lan bertikaletako teknikariak heziko dituzte bertan.

Bilbo
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Euskalduna ontziolaren ikurra den garabia, Carola, lanean hasiko da berriz ere. Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoak eta Asaken enpresak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute, garabia lan bertikaletako teknikariak hezteko eta prestatzeko erabil dadin. Bi erakundeetako ordezkariek azaldu dutenez, lan bertikalen zein Itsas Museoaren «irudia sustatzeko» eta nazioartean Carola garabiaren «erreferentzialtasuna areagotzeko» da hitzarmena. Garabia uztearen truke, Asakenek bere gain hartuko ditu hura zaintzeko eta kontserbatzeko lanak. Itsas Museoko zuzendari Jon Ruigomezek baieztatu duenez, «otsailean hasiko dira lan bertikaletako ikasleak probak egiten, eta martxotik aurrera hasiko dira lanean». Ruigomezek nabarmendu du lanek ez dutela eraldatuko garabiaren egitura.

Historia eta kondaira

Carola garabia Euskalduna ontziolaren eta Bilboko itsasadarraren ikurrik ezagunena izan da hamarkadetan, baita lantegia itxi ondoren ere. Erandioko lantegi batean eraiki zuten, 1957. urtean. Garabi sendoa da, 60 metroko garaie-rakoa, eta 30 tonako pisua jaso zeza-keen. Euskaldunan egiten ziren itsasontziak muntatzeko lanetan erabiltzen zen.

1980ko hamarkadaren erdialdera, ontziola itxi zenean, Carola itsasadarreko bazter batean utzita gelditu zen. Ibaizabalek Bizkaiko hiriburuan egiten duen ibilbide osoan, eredu ekonomikoen eraldaketa irudikatzen zuten industriaren garai loriatsuetan erabilitako burdinazko hainbat hilotzek, modu ezin argiagoan. 1990eko hamarkada aurrera zihoan heinean, Abandoibarrako aldea pizteko proiektua Bilboko hirigintza berriaren erdigune bilakatu zen, eta horrekin batera atondu zuten berriz ere Carola garabia. Gaur egun, industriako ondare elementu gisa irauten du Carola-k, eta Itsas Museoko bilduma iraunkorraren parte da. Hala ere, erabilera urria izan du urteetan, aspaldidanik garabia turismo pizgarri gisa erabiltzeko ideia ugari kontuan hartu izan arren. Horraino benetako istorioa; historiatzat har daitekeena, alegia. Izan ere, garabiak Carola izena jaso izanak pasadizo bitxi bat du oinarri, errealitatea eta fikzioa uztartzen dituena.

Bilbon oso ezaguna den istorio batek dioenez, Carola Ogasunean lan egiten zuen andre bilbotar bat zen, edertasun handikoa. Hori dela eta, Euskaldunako langileak garabira igotzen ziren Carolak Deustutik zetorren ontzian ibaia zeharkatzen zuen bakoitzean, haren edertasunaren ikuspegi paregabeaz gozatzeko eta, bide batez, konplimenduak esateko. Emakumeak ez omen zien inolako kasurik egiten ontziolako langileei; baina, noski, horrek guztiak lantegiaren ekoizpena une batez gelditzea eragiten zuen. Euskaldunako zuzendaritzako kide batek zera esan ei zion behin andreari: «Andereño, niretzat errentagarriagoa litzateke zuri taxia ordaintzea, ibaia zeharkatu behar izan ez dezazun».

Ruigomezek azaldu du azkeneko pasartea «asmatutakoa» dela ziurrenik. «Hala ere, Euskaldunako langile askok kontatu didate Carola izan bazela eta ibaia igarotzen zuen aldiro ekoizpena gelditzen zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.