Berrerabilera sustatzeko

Itzuli-Mitzuli egitasmoak edukiontziei diru gordailu bat jartzeko sistema bat bultzatu nahi du euskal gizartean, haien birziklatzea egungo %30etik %98,5era igo ahal izateko.

Bilboko hainbat hiritar, Itzuli-Mitzuli furgonetaren aurrean, euren txandaren zain. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
I tzuli-Mitzuli egitasmoaren furgoneta Bilboko Areatzara iritsi da, birziklatzeko modu bidezkoago, eraginkorrago eta merkeago bat erakusteko asmoarekin. Joan den astean iritsi zen. Eta herritarrei birziklatzeko alternatibak erakusten hamar egun emango dituzte; bihar arte, hain zuzen ere. «Jende ugari etorri zaigu esanez etxean zaborra sailkatzen duela, baina eredu horrekin ez da nahikoa», dio Xabier Abian Ekologistak Martxan elkarteko kideak. Euskal Herrian, merkaturatzen diren edukiontzien %30 bakarrik birziklatzen baitira; «Europako beste hainbat herrialdetan, %98,5 birziklatzen dituzte».

Portzentaje altu horretara iristeko, atzerrian dagoen eredua gurera ekarri nahi dute Itzuli-Mitzuli egitasmoarekin. Gordailu sistema da, eta, horren arabera, edari bat erosterakoan 25 zentimo gehiago ordaintzen ditu erosleak; «eta edukiontzia itzultzen duenean dirua ere itzultzen zaio», Abianek azaldu duenez. Duela urte batzuk, gurean ere bazegoen antzeko sistema bat, beirazko botilentzat. «Baina ontzi mota berriak sartu ziren, eta azkenean, interes ekonomikoak zirela medio, kendu egin zen gordailu sistema».

Areatzan ikusgai jarri duten sistemak, ordea, badu berezitasunik, edukiontziak makina baten bidez itzultzen baitira. Era horretan, gainera, askoz ere hobeto birziklatzen da, «makina horiek metala, aluminioa eta plastiko mota bakoitza momentuan bertan bereizten baitituzte». Orduan, lata eta botila berriak hasierako kalitate berdinarekin berregin daitezke. Sistema honen bidez lortzen den produktua gaur egungoa baino «lau bider hobea da».

Bost zentimoren truke

Gordailuan oinarritzen den berrerabiltze sistema sustatzeko, Europako beste hainbat herrialdetan erabiltzen dituzten makina horietako bat jarri dute furgonetan, eta eredu horren nondik norakoak azaltzen dizkiete ingurutik igarotzen diren herritarrei. Bertara botilak eramatera ere animatzen dituzte, eta, horretarako, edukiontzi bakoitzeko bost zentimo ematen dizkiete trukean. «Aurreko batean, gurdi batean txatarra zeraman gizonezko bati azalpenak eman genizkion, eta handik ordubetera itzuli zen, zakukada botila eta latekin», dio Abianek. Diru truke egiten dutenen eta ereduaren alde egin nahi dutenen artean, eguneko 2.500 edukiontzi bildu dituzte dagoeneko Areatzako furgonetan.

Berrabiltzeko filosofia sustatu nahi du Itzuli-Mitzulik. Bartzelonan sortu zen egitasmoa, eta dagoeneko hainbat hiri zeharkatu ditu. Horietan guztietan, harrera ona jaso dute, «baina orain supermerkatuetan jarri behar dira makinak», Abianen ustez. Horrela izango balitz, gainera, 14.000 lanpostu gehiago sortuko lirateke, «orain biltzen den baino hiru aldizgehiago bilduko bailitzateke eta horrek lana sortuko bailuke». Horregatik, erakundeei dei egin die berrabiltzearen alde egin dezaten. «Alemanian, esaterako, zazpi urte daramatzate sistema honekin, eta lehen zeukaten arazoari buelta eman diote, eta laster, gainera, beirarekin hasteko pausoa eman nahi dute». Hemen filosofia aldatu behar da lehenik eta behin; pixkanaka hasi nahi dute, plastikozko edukiontziekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.